Mundu zabalean | 2018ko Agorrilaren 09a

Mundu Zabalean

M.L.

Emmerson Mnangagwa Zimbabweko presidente

Agorril honen 3an plazaratu dituzte Zimbabweko presidente bozen emaitzak. Lehenbiziko itzuliaren ondotik Emmerson Mnangagwa presidente deklaratua izan da bozen %50,8arekin. Nelson Chamisa oposizioko buruak bozen %44,3 eskuratu du. Ez ditu haatik emaitza horiek onartu, gehitu du gezurrezkoak direla zifra horiek eta auzitegira joko duela. Zimbabwe 37 urtez gobernatu zuen Robert Mugabek, joan den azaroan karguaren uztera behartua izan arte, besteak beste Emmerson Mnangagwa presidente- ordearen azpiko lanari esker. Hau bera ere hamabost egunez ihes egon zen orduan Hego Afrikan, baina itzulera distiratsu bat egin zuen Harare hiri nagusira, Mugaberen alderdiaren eta armadaren sustenguarekin. Ahapetik adituek diote Emmerson Mnangagwa izan dela Mugaberen boketa lan beltzen burua.

Nicolas Madurok igandeko eraso misteriotsua salatu

Joan den igandean Nicolas Maduro Venezuelako presidentea armadaren aitzinean mintzo zelarik, zaparketa batzuk gertatu ziren plaza nagusiaren inguruan. Horietan bat presidentea mintzo zen taula gainari hurbil. Presidentea ixildu zen eta lekuz aldaratu. Baina zenbait oren berantago telebistan mintzatu zen, onik atera zela erakutsiz eta eskuin muturrari leporatuz erasoa, izendatu zituen Kolonbiako gobernu eskuindarra eta Ameriketako Estatu Batuak. Kolonbiak segidan ihardetsi zuen erranez ez zuela gertakari horiekin deus ikustekorik. Aldiz Venezuelan berean militarrak eta zibilak biltzen lituzkeen talde misteriotsu batek bere gain hartu zituen zaparketa horiek. Leporatu dio Maduroren gobernuari jendea gosez eta eriak artarik gabe uztea.

Arsène Tchakarian zendu da

101 urte zituen. Armeniarra zen sortzez, Parisera erbesteratua 1930ean. 1936an Fronte Popularra boterera jitearekin Tchakarian alderdi komunistean sartu zen. Beti alderdi horri leial egon da. Frantziako armadan onartu zuten 1939an nahiz frantses paperak hogei urte berantago eskuratuko dituen. Handik itzultzean geldirik egon zen apur bat, ezin konprenituz nola paktu bat pasatu zuten Alemania naziak eta Sobietar Batasun komunistak. Paktu hori hautsi bezain laster hona Tchakarian erresistentzian sartu zela. Laster osatu zuen “Manouchian” erresistentzia taldea, urtea barne 115 ekintza militar burutuko dituena, horien artean Julius Ritter, Frantziako STO operazioaren buru nagusi militar alemana. Kontrako ezkilak ordea joko dio taldeari 1944ko otsailean: 23 kide arrastatu zituzten alemanek eta denak fusilatu. Bestek, tartean Tchakarianek, ihes egitea kausitu zuten. Gerlatik landa, 1950eko inguruetan hasi zen artxibo lanaren egiten, bereziki bigarren munduko gerlaren inguruan. 1958an, azkenean, eskuratu zituen frantses paperak. Baditu ere hiru liburu bederen idatziak, dela Nazi denboraldiaz, edo Turkiak burutu Armeniarren genozidioaz. Arsène Tchakarian izan baita bakarra ahopaldi berean gaitzesten zituena Nazien erailketak eta Turkiako gobernuak Armeniarren kontra burutuak.

Bi milioi euro E.N.ari sesituak

Uda hasieran izenez aldatua da Fronte Nazionala, Elkarretaratze Nazionala deitzen da orain (E.N.). Ustegabeko bat larria gertatu zaio ordea Marine Lepenen alderdiari. Epaileek bi milioi euro sesiarazi dituzte E.N.ak hartze dituenak, iazko boz emaitzen arabera estatutik hartu behar dituen diru laguntzen parte bat. E.N.eko euro deputatuak auzitan izanki, Euro-Parlamentuan dituzten laguntzaileen dirua baliatu luketelako E.N. alderdiak Frantzian dituen permanenteak pagatzeko. Europako legeek onartzen dute alabaina, Europako parlamentarien laguntzaileak pagatzea, ez ordea parlamentari horien alderdiek laguntzaileen pagamendua baliatzea beren alderdi-beharrentzat. E.N.eko presidente den Marine Lepeni leporatzen dio Europak, 2009tik 2016 arte euro-parlamentari zelarik zituen laguntzaileen dirua baliatzea E.N. alderdiaren gastuen eta permanenteen ordaintzeko. Euro-Parlamentuak auzitegian eskatzen duenez M. Lepenek 7,5 milioi euro inguru itzultzea, nahiz ez duten oraino zigorrik erabaki, epaileek dituzte bi milioi euroko laguntza publiko horiek sesitu, horrela segur baitira E.N.aren isun parte bat jada eskutan ukanen dutela. Ordea eskuinburuko alderdia ez da oraino kondenatua. Funtsean E.N.ak hitz garratzak izan ditu jujeen kontra, eta ere beste alderdien kontra, hauek ixilik daudelako.

Epe luzeko langabezia goiti Frantzian

Aurtengo bigarren hiruhilean langabeen kopurua emendatzen hasi da Frantzian, 4.600 langabe gehiago kondatu dituzte ekain hondarrean. Bazuen urte bat eta erdi langabezia beheiti aldian zela. Zenbaki horien parean adituak ohartzen dira garapen ekonomikoa eztituz doala, bost hiruhilez segidan %0,7an emendatu ondoan bana beste, azken hiruhilean %0,1ekoa izan da. Ekonomiaren martxa eztitzen doala ikustearekin adituak ez dira harritzen langabezia berriz goiti joaiten ikustean. Trimestrako emendio apal horrek gaitz handiagorik gordetzen du ordea. Epe luzeko langabezia da guziz handia: pentsa urtea bederen langabezian direnak 2,6 milioi direla, hauen artean 890.000 hiru urte honetan bederen lanik gabe direnak. Frantses gobernuak hitzemanak ditu 15 miliar euro, epe luzeko langabeen enplegua sustatzeko, mandatuko bost urtetan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3462. zbk

Nahigabe bat jasanez ainitz ikasten ahal da

Ovidio

Gure Hitza | 2018/08/09

Agorrilean denak ttur ttur!

Menane Oxandabaratz

Urteko hilabetea da nun kasik denak geldituak diren, enpresa handiak hetsiak, erakaskuntzako erakasle ta ikasleak ez gehiago ageri, beste lantegietako langileek ere bizpahiru aste hartzen dituztela baliatzeko udako giroaz. Zuen astekari gostukoena ere bi astez geldituko da. Orain denentzat gauza normala baldin bada oporrak hartzea, ez da beti hola izan. 1905ean Alemaniak zuen lehenik plantan jarri langileen oporrak pagatuak izan zaitezen, Austriak 1910ean, segitu zutela Eskandinaviako beste herrialdeek. Frantses estatuan, 1936ko ekainaren 20an ziren agertu lehen aldikoz pagatuzko oporraldiak, Front Polulaire (1936-1938) koalizioa gobernuan zelarik. Ordu haietan, langileek 15 egun opor zuten hartzen ahal, Front Populaire baliatu zen ere hitzarmen kolektiboak martxan jartzeko eta 40 oreneko lan astera pasatzeko. 1956an hiru aste opor ziren, 1969an lau aste zirelarik eta 1982az geroztik 5 aste dira. Turismo guneak ere emeki-emeki garatuz joan dira, sektore ekonomikoaren abiatze berri bat ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016