Kostaldean | 2018ko Agorrilaren 09a

Teink, sei egunez portuz-portu!

Jazko xapeldun berak, arraulari arraroak
Jazko%20xapeldun%20berak_%20arraulari%20arraroak

Larunbatean bururatu da Teink arraulari lehiaketa, aurtengoa hogoita- seigarrena, Ur-Ikara elkartea antolatzaile. 19 batteleku zoin-lehenka Laredotik Donibane Lohizune-Zibururat, sei egunez segidan, portuz- portu geldialdi kartsu eta alegera batzu eginez. Ibilaldi ederra, lehen bi egunetan itsasoa doi bat kexu balinbazen ere, bereziki Lekeitioko aldean, ortziak, euria, haize basa eta uhainak azkar... Batteleku guziak untsa arribatu dira bainan lau ez dituzte sailkatu, arraulari bat kan biatua baitzuten, ezinbestean bada ezinbestean. Batteleku bakoitx hiru arraulariak berak behar dira alabainan burutik buru. Denen buru, jazko irabazle berak, "Arraun-Laguna" battelekuarekin, Mathieu Garcia, Ximun Etchevers eta Damien Rabes. Jaz bezala, bazen arraulari talde bat hiru neska gaztek osatzen zutena. Xarmanki ereman du bere saila eta hamahirugarren sailkatu da. Donibaneko portuan, bazen jende arraularien txalotzeko, arribatu direlarik lehenik eta gero kansarien banatzean. Jean-François Hirigoyen auzapezak denak eskertu ditu, arraulariak bixtan da, bainan ere laguntzaile guziak. Etzen haatik auzapez bezala mintzo, bera da Itsas-Ikara elkartearen burulehena. Sari bezala, arraulari bakoitxak ukan du besteak beste batteleku ttipi bat, dena txokolatezkoa... Bazen gero afaria, gaitzeko giro goxoan joan dena, Erein ta Bil elkarteak ederki prestatua...

Euskal-Besta Hendaian

Hori da asteburu huntako hitzordu handienetarik, ainitzen ustez handiena hain segur: Hendaiak eskaintzen duen Euskal-Besta, denen buru hiru egun irauten duena, Hiri-Bestari lotua izanez. Egun airosak zinez eta arrunt herrikoiak! Aste huntan dira, agorrileko bigarren asteburuan. Ortziralean eta larunbatean, agorrilak 11 eta 12, "bandas" delakoak ibiliko dira karriketan. Ortziralean, aratseko 6-ak eta erdietarik goiti, xardina jatea Kaneta portuan. Aratseko 7-etan, Herriko Etxearen aitzinetik abiatuz, lasterketak, battok 5 kilometro luze, besteak 10, bakoitxak hautatzen ahal bere heinekoa. Ondotik, bestaren ofizialki idekitzea. Aratsean ere, bazterrak airos, Kalakan taldea partaide. Larunbatean, mutxikoak aratseko 6-ak eta erdietan, Herriko Etxearen aitzineko plazan, aratseko 10-etan, dantzaldia. Igande goizean, 10-k eta erdietan meza nagusia Jondoni Bixintxo elizan. Tenore berean, luzeko partida Gaztelu-Zahar plazan. 11-k eta erdietan, Herriko Etxe aitzinean, baserritarrez jauntzi haur bikote apainduak. Aratsaldeko 4-ak eta erdietan, karro apainduak karriketan, orotarat hamabi karro. 7-ak eta erdietan, bestak segituko du Ondarraitzen, Patxi eta konpainia partaide. Aratseko 10-etan, dantzaldia Heptagone taldearekin. 11-k eta erdietan, suzko-ziriak zeruaren bete!

Pirinio mendi-lerroaren beste puntaraino

Mendigoizale trebea da Richard Frémont, Frantzia behere hortan sortua eta aurten ba hamar urte Tarbeko aldean bizi dela, Odos herrixkan. Uda huntan, nahi du gauzatu aspaldian burutan duen xede bat, Pirinio mendi-lerroaren burutik buru joaitea, kaskoz-kasko, beti oinez eta beti bakar-bakarrik. Hendaiatik abiatuz Cerbère porturat heltzeko. Egun guziz sei edo zazpi oren ibi ibiliz mendietan gaindi, goizetan hein bat goizik abiatuz, ahal bezenbat mugaren hegiz-hegi segituz aitzina. Bere ustez 53 egun eman behar luzke bidean, beharbada bizpahiru gehiago, bainan gisa guziz bi hilabete baino gutixago... Bere 48 urteak ere kasko horietan nunbait ospatzekoak ditu...

Gauza onak ba jastatzeko

Kostaldeko hirietan, aspaldian egiten dira, uda guzian, herriaren bisitaldi batzu eta gehienek badute arrakasta pollita. Badira zonbait gai berezi bati lotuak. Donibane Lohizunen preseski batto arrunt berria da, aurten egiten lehen aldikotz. Astean aldi bat, asteazken goizetan, 10 orenetan abiatuz turismo-bulegoaren aitzinetik (helduden astean ez haatik, asteazkena bestaburu ekarria baita, agorrileko Andrenena Maria). Gaia, jatekoak, oraikoak eta lehengoak. Gauza on zonbait jastatuz, herriko saltegi batzuri esker. Myriam Touati gidari, itzuli eder bat egiten da, oren bat eta erdi irauten duena nunbait han eta merkatu gunean bururatzen.

Etxegintza gogoan

Urruñan egin den bilkura batean, gaitzeko lana agertua izan da, laster Internet sarean ikusten ahalko dena, etxegintza gogoan akulatua izana. Etxegintzaren mundu hortan ere, gauza asko kanbiatu dela, eta kanbiatzen ari. Zertan giren Donibane Lohizuneko aldean eta zeri buruz ari, hori da gai nagusia. Helburua ez da baitezpada finkatzea nun zer egin behar den eta zer ez, bainan norabide zonbaiten sustatzea bazterrak itxura gustagarriena begiratzea gatik. Bada gisa guziz gogoeta ainitz eta ainitzen pazka! Ez du hain aspaldi eraikiak izan dira zonbait etxe teilatu xabala dutenak, edo hobeki erraiteko teilaturik batere ez dutenak! Ez dira teilaz estaliak, etxe gehien-gehienak bezala, ez eta arbelez, ez eta ere lastoz aspaldiko mendetan bezala... Zimenta izan behar da duten estalia. Ez da hemengo usaia hori, alta baimenak ukan dituzte halere... Eztabaidak izanak dira, aitzina segitzen ere... Zer egin behar da azkenean? Agertu lanak ez du auzia trenkatzen bainan erakusten hautu batzu beharko direla funtsez egin ondoko egunetan...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3462. zbk

Nahigabe bat jasanez ainitz ikasten ahal da

Ovidio

Gure Hitza | 2018/08/09

Agorrilean denak ttur ttur!

Menane Oxandabaratz

Urteko hilabetea da nun kasik denak geldituak diren, enpresa handiak hetsiak, erakaskuntzako erakasle ta ikasleak ez gehiago ageri, beste lantegietako langileek ere bizpahiru aste hartzen dituztela baliatzeko udako giroaz. Zuen astekari gostukoena ere bi astez geldituko da. Orain denentzat gauza normala baldin bada oporrak hartzea, ez da beti hola izan. 1905ean Alemaniak zuen lehenik plantan jarri langileen oporrak pagatuak izan zaitezen, Austriak 1910ean, segitu zutela Eskandinaviako beste herrialdeek. Frantses estatuan, 1936ko ekainaren 20an ziren agertu lehen aldikoz pagatuzko oporraldiak, Front Polulaire (1936-1938) koalizioa gobernuan zelarik. Ordu haietan, langileek 15 egun opor zuten hartzen ahal, Front Populaire baliatu zen ere hitzarmen kolektiboak martxan jartzeko eta 40 oreneko lan astera pasatzeko. 1956an hiru aste opor ziren, 1969an lau aste zirelarik eta 1982az geroztik 5 aste dira. Turismo guneak ere emeki-emeki garatuz joan dira, sektore ekonomikoaren abiatze berri bat ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016