Inbido | 2018ko Agorrilaren 09a

Emazteak ere boz-emaile

Muslaria

Inglesek ospatzen dute aurten mendeburu berezi bat, aipaldi frango ukaiten duena: ehun urte emazteek badutela han gaindi bozaren emaiteko eskua. 1918-an ardietsi zuten alabainan gora-behera askoren ondotik. Bulta hartan hedatua zen, eta beti azkartzen ari, gaitzeko mugimendua, emazteak gizonak bezen gai zirela boz-emaile izaiteko. Eskubide horren ukatzea ezin onetsia zela. 1910-ean, Londresen eta beste ainitz hiritan, elkarte batzu muntatu ziren emazteak ere boz-emaile izaitea azkarki aldarrikatzen zutenak. Zortzi urteren buruan entzunak izan ziren. Egia erran, emazteek berexkuntza bat aitzina jasanez haatik. Bozaren emaiterat joaiten ahal izaiteko 30 urteak beteak behar zituzten, gizonentzat muga hori 21 urtetan zelarik. Hamar urteren buruan legea kanbiatu zen halere, emazteek borroka aitzina segiturik. Handik harat beraz, denak adin berean boz-emaile.

Zenaturrak kontra

Frantzian, emazteek berantago ardietsi dute boz-emaile izaitea. 1944-ko apirilean, De Gaulle jeneralak zuen gisa hartako erabakia hartu, Aljer hirian zelarik, argi eta garbi finkatuz emazteak boz-emaile izanen zirela gerla bururatzearekin. Boz-emaile izanen zirela bainan ere hautagai eta hautetsi izaiten ahalko. Emazteek lehen aldikotz bozkatu zuten ondoko urtean, 1945-eko apirilean, gerla ondoko lehen hauteskundeak izan zirelarik, herriko bozak. Aspaldiko aldarrikapena zen hori emazte frangorentzat. Gero eta gehiago entzuna 14-ko gerlatik landa. Deputatuak alde agertuak bospasei aldiz. Jadanik 1919-an, gehiengo handi batekin - 344 alde, 97 kontra- eta pollita gertatu zen 1936- an, deputatuek berriz bozkatu zutenean gai bera azterturik. Emazteak boz-emaile izaitearen alde, 475 depu tatu, bihi bat ez kontra! Bainan zenaturrak beti kontra haatik, bereziki "radical" alderdikoak eta heiek ziren ardura nagusi zenaturren biltzarrean. Kontrako horien beldurra, emazteak boz-emaile izanez beti "xuriek" irabaziko zutela partida! Alderdi hortakoen uzkurtasuna emendatu zen aitzina jakin zutelarik, 1919-an, Benito XV Aita Saindua mintzatua zela emazteak boz-emaile izaitearen alde. Pentsatu zuten hori Elizaren jukutria bat zela, "xurien" aldeko jukutria bat bixtan da... Dena den, urteak jin eta urteak joan, emazte batzu azkarki bermatu ziren bozemaile izan nahiz, hala nola Louise Weiss berriketaria, ainitz manifestaldi sustatu eta muntatu zuena. Artetik erraiteko, bi oharpen: hirietan, Erdi- Arokotzat bazirela herritar-biltzarrak, eskubide guti bazuten ere, eta lekuka segurik emazteak boz-emaile izaiten zirela. Bigarren oharpena, Korsikan, ugarte hori bere gain bezala zelarik, 1755-ean hain xuxen, emazte batzuk ardietsi zutela boz-emaile izaitea, bainan mutxurdin edo alarguntsa izaitekotan. Eskubide mugatua beraz eta dena ere laster galdu zutena, 1769-an Frantziak Korsika beretzearekin!

Kasik denetan

Zeelanda-Berria lehena izan da emazteeri boz-emaile izaiteko eskua eman dioten herrialdea. Eta hori 1893- an. Australiaren aldi 1901-ean bainan boz-emaile bakarrik larrua xuri zuten emazteak. Europan herrialde askok urratsa egina zuten Frantziak baino lehenago, besteak beste Iparraldeko herrialde guziek, Alemaniak, Poloniak eta goraxago aipatu bezala Erresuma Batuak. Gaurko egunean emazteak boz-emaile dira kasik denetan eta bitxi iduritzen zauku nola ez duten dretxo hori aise eta aise lehenago ukan... Zonbait herrialdetan oraino ere badira haatik muga batzu. Emazteak bozemaile herriko bozetan bainan ez beste hauteskundeetan. Xo, han edo hemen, hala nola Brunei herrialdean, gizonak ere hortan dira. Arabian aldiz azken urte hauetan dira gauzak kanbiatu edo bederen kanbiatzen hasi... 2015-ean, herriko bozetan, emazteak boz-emaile ziren lehen aldikotz. Izaiten ahal segurik ba. Etzuten haatik boza emaiten gizonen toki berean. Gizon eta emazte ez dira nahasi behar alabainan! Gela bat gizonentzat beraz eta beste bat emazteentzat...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3462. zbk

Nahigabe bat jasanez ainitz ikasten ahal da

Ovidio

Gure Hitza | 2018/08/09

Agorrilean denak ttur ttur!

Menane Oxandabaratz

Urteko hilabetea da nun kasik denak geldituak diren, enpresa handiak hetsiak, erakaskuntzako erakasle ta ikasleak ez gehiago ageri, beste lantegietako langileek ere bizpahiru aste hartzen dituztela baliatzeko udako giroaz. Zuen astekari gostukoena ere bi astez geldituko da. Orain denentzat gauza normala baldin bada oporrak hartzea, ez da beti hola izan. 1905ean Alemaniak zuen lehenik plantan jarri langileen oporrak pagatuak izan zaitezen, Austriak 1910ean, segitu zutela Eskandinaviako beste herrialdeek. Frantses estatuan, 1936ko ekainaren 20an ziren agertu lehen aldikoz pagatuzko oporraldiak, Front Polulaire (1936-1938) koalizioa gobernuan zelarik. Ordu haietan, langileek 15 egun opor zuten hartzen ahal, Front Populaire baliatu zen ere hitzarmen kolektiboak martxan jartzeko eta 40 oreneko lan astera pasatzeko. 1956an hiru aste opor ziren, 1969an lau aste zirelarik eta 1982az geroztik 5 aste dira. Turismo guneak ere emeki-emeki garatuz joan dira, sektore ekonomikoaren abiatze berri bat ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016