Hegoaldean | 2018ko Agorrilaren 09a

Hegoaldean

Nafarroako ekonomiaren egoera

Nafarroako Hiru Hileko Kontabilitatearen egoera aurkeztu du joan den astean Manu Aierdi presidenteordeak. Eman dituen datuek Nafarroako ekonomia osagarri onean dela erakusten dute, hau %3,4 hazi omen baita urte batez. Ondorioz, Nafarroako Gobernuak %3,3ra igan du aurtengo hazkunde aurreikuspena. Aurtengo hiru egoera posible aipatu ditu Aierdik. Hipotesirik txarrenean, %2,9ko hazkunde tasa izan daitekeela erran du, hipotesi ertainean, %3,3koa eta hipotesirik baikorrenean, berriz, %3,9koa. Heldu diren egunetan datu zehatzagoak emanen ditu Nafarroako estatistika erakundeak. Hala ere, argibide interesgarriak eman ditu Aierdik. Adibidez, apiriletik maiatzera industria ekoizpena %6,9 handitu da eta zerbitzuetako jarduera berriz, %3,9 emendatu da. Ekonomiaren sendotzeak enpleguan ere ondorioak izan ditu. 2017ko ekainarekin konparatuz, 14.271 lagun gehiagok eman dute izena Gizarte Segurantzan, erran nahi baita gero eta jende gehiago dagoela lan merkatuan. Soldata gordinak ere %4,5 emendatu dira, eta 2008ko krisia aitzinean baino gorago daude orain.

EuskarAbentura

Uztailaren 31n egin ditu azken kilometroak EuskarAbentura espedizioaren lehen edizioak. Hilabete bat lehenago abiatuak ziren 100 bat gazte Zuberoatik, eta 400 kilometro baino gehiago oinez egin ondoan heldu dira Getxora (Bizkaia). Euskararen erabilpenean trebatzeko xedez sortua izan den ekimenari esker, parte hartzaile gazteek berehalakoan ahantziko ez dituzten esperientzia franko bizi izan dute. Espedizioaren bukaera ospatzeko, ekitaldi hunkigarria antolatua zen Getxoko Andres Isasi musika eskolan. Alabaina, badute merezimendu, hilabete batez Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatu dituzten gazteek. Ibilbidean zehar, lurralde bakoitzean euskarak bizi duen errealitatearen berri ukan dute “euskarabenturazaleek”. Hauetako anitzek aitortu dutenaren arabera, entzun eta bizi izan dituztenek “kontzientzia pizteko” balio izan diete eta anitz ikasi dute bertze euskalki eta errealitateez. Halaber, gazteen arteko sarea sortzea ere ahalbidetu du EuskarAbenturak. Gainera, balio positiboak zeharka landu dira espedizio denboran, adibidez ingurumenari buruzko errespetua eta zaintza. Hondakinen kudeaketa, bereizketa eta birziklatzea egunero zainduak izan dira. Gorago aipatu bezala, espedizioa uztailaren 1ean abiatu zen Mauletik, Jondoni Jakobe bidearen ibilbide frantsesa segituz, Donibane Garazin eta Iruñean barna, Vianaraino heltzeko. Handik autobus batek eraman zituen Donemiliaga Kukulara (Errioxa). Gune horretan, orain arte aurkitu diren euskarazko idazki zaharrenak ikusi ahal izan zituzten. Donemiliagatik Gesaltza Añanara (Araba) igan eta Barnealdeko bidea kontrako norabidean egin zuten Iruneraino (Gipuzkoa). Baionara trenez joan eta handik kostaldeko ibilbidetik jarraitu zuten, Kantauri kostalde guzia zeharkatuz, Getxoko Bizkaia zubira heltzeko uztailaren 31n. Espedizioa Euskal Herrian kokatzen diren Unescok izendatu gizateriaren ondare guzietarik pasatu da: Jondoni Jakobe bidea, Santimamiñeko harpeak, Ekaingo leizeak, Altxerriko kobak eta Bizkaia zubia. Hauez gain, Omako Baso Margotua, Gernikako Juntetxea eta Arbola ere bisitatu dituzte. Dantza Euskal Herriko sei dantza konpainiak parte hartuko dute Tranzmesse munduko dantza garaikideko azoka nagusiaren 12. edizioan, Alemaniako Düsseldorf hirian. Hauek dira Dantzaz, Igor and Moreno, Jone San Martin, Kukai taldea, Oskara obrarekin, La Glo Zirko Dantza eta Olatz de Andres. Etxepare Institutuak jakinarazi duenaren arabera, dantza garaikidearen saileko profesionalen bilkura handiena da Tranzmesse eta nazioarteko hitzordu garrantzitsua sektorearentzat. Abuztuaren 29tik irailaren 1era iraganen da eta mundu guziko 500 enpresa baino gehiago eta 1.500 profesionalez gora bilduko dira han: koreografoak, dantzariak, agentziak, ordezkariak, banatzaileak, kultur erakundeak... Ondorioz, azoka horretan parte hartzen duten sortzaileentzat parada ezin hobea da beren lana publiko profesionalari aurkezteko, herrialde desberdinetan eta nazioarte mailan gertatzen dena zuzenean ezagutzeko eta harremanak sortzeko. Bigarren aldia da Etxepare Euskal Institutuaren eskutik eta ADDErekin (Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea) elkarlanean, euskal eszenak presentzia izanen duela Tranzmessen, Basque Dance markarekin.

Mikel Goñi preso

Mikel Goñi pilotari ohia Iruñeko presondegian da agorrilaren 2az geroztik, eta zortzi urte eta hiru hilabetez han egon beharko du, Nafarroako Auzitegiak haren kontrako ebazpena berretsi ondoan. Iruñeko 3. zigor epaitegiaren arabera, frogatua da Goñik bi pertsona legez kanpo bahitu, mehatxatu eta “objektu arriskutsu” batekin zauritu zituela. Pilotari ohiak ebazpenaren kontrako helegitea pausatu zuen baina Nafarroako Auzitegiak baztertu du helegite hori. Epailearen ebazpenak dio pertsona bati alokatua zion etxean marihuana bazuela Goñik, eta belar hori ebasteaz akusaturik, pilotariak eta bertze lagun batek etxean bizi zen pertsona eta haren hurbileko bat bahitu zituela. Bahiketak 2014ko urriaren 30etik abenduaren 2ra iraun zuen eta arte horretan Goñik zenbait heriotza mehatxu egin zizkien, eta bihurkin batekin zauritu ere bai. Akusazioak hamabi urteko zigorra galdegin zuen. Pilotari ohiak, ordea, salaketa guziak ukatu zituen. Azkenean, zortzi urte eta hiru hilabetez preso egotera kondenatu du epaileak. Hala ere, Goñik helegitea aurkez dezake oraino, preso egotea saihesteko. Mikel Goñi 18 urtetan hasi zen pilotan profesional gisa, Aspe enpresan. Partida eder zenbait eta bertze batzuk eskasagoak egin zituen zenbait urtez, 2002an, drogak kontsumitzeagatik Aspek lehiaketatik kanpo utzi zuen arte. Geroago plazetara itzuli zen berriz, baina 2009an behin-betiko utzi zituen Aspe eta goi mailako lehiaketa.

Gipuzkoa presondegirik gabe

Donostian, Martutene auzoan aurkitzen da Gipuzkoako presondegi bakarra. Berriki, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi du espetxe hori deseginen dutela. Hastapenean horren ordez bertze bat eraikitzea pentsatua bazen ere, azkenean gizarteratze zentro bat eginen dute. Beraz, hemendik aitzina ez da presondegirik izanen Gipuzkoan. 2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorren arabera erabakiko dute aurtikitze lanak noiz egin. Proiektua heldu den urteko plantan ematekotan, berehala hasiko dituzte desegite obrak. Orain Martutenen dauden presoak Zaballako (Araba) presondegira eramanen dituzte.

Pasaiako portuko sutea

Sute handi bat izan da agorrilaren 2an, Pasaiako portuan. Lau oren eman dituzte suhiltzaileek garrak itzaltzen, eta gainera ondoko gau osoan ere ari izan dira ingurua hozten. Biziki urrundik ikus zitekeen ke beltzezko zutabea altxatu zen sutan erretzen ari zen “txatar muinotik”. Urrunago joan aitzin, azal dezagun zer den “txatar” delako hori, hitz horren erran nahia desberdina baita Ipar Euskal Herrian. Ibiltzeko gehiago on ez diren autoak lehertzen eta tinkatzen dira, kubo baten forma hartzen dutela. Ondotik, kubo horiek porroskatzen dituzte, porroska horien artean aurki daitezkeelarik oraino erregai eta olio hondar zenbait. Preseski, burdinki porroska meta horietarik batean da sua lotu Pasaiako portuan. Beharrik, ez da nehor zauritu gertakari horren ondorioz. Biktimarik ez, baina protesta batzuk agertu dira auzo-herria den Lezoko bizilagunen aldetik: “Portuak itotzen gaitu. Hau ez da ongizatea. Lezon ez dago bizi kalitaterik” lelopean, elkarretaratzea egin dute arratsaldean Lezoko plazan.

Santiago Arrospide libratua

Joan den igandean, goizeko 8:30etan atera da presondegitik Santiago Arrospide Sarasola “Santi Potros”, ETAko buruzagi ohi historikoa, 31 urtez preso egon ondoan. Salamankako Topas presondegian iragan ditu bere zigorraren azken urteak. Ez du adierazpenik egin hedabideen aitzinean, eta berehala auto batean sarturik, etxerako bidea hartu du, bere familiakoekin batean. 70 urte ditu Arrospidek, eta legeak baimentzen duen gehienezko espetxealdia osorik bete du. 13 urtez egon zen preso Frantzian, eta azken 18 urteak Espainiako kartzeletan iragan ditu. 1987an arrastatu zuten Angelun, eta 2000. urtean Espainiaren esku utzia izan zen. Bertzeak bertze, 1986an Madrilgo Dominikar Errepublika plazako atentatua eta 1987an Bartzelonako Hiperkorrekoa agindu izanaz akusatu zuten, eta 3000 urteko zigorrera kondenatua izan zen.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3462. zbk

Nahigabe bat jasanez ainitz ikasten ahal da

Ovidio

Gure Hitza | 2018/08/09

Agorrilean denak ttur ttur!

Menane Oxandabaratz

Urteko hilabetea da nun kasik denak geldituak diren, enpresa handiak hetsiak, erakaskuntzako erakasle ta ikasleak ez gehiago ageri, beste lantegietako langileek ere bizpahiru aste hartzen dituztela baliatzeko udako giroaz. Zuen astekari gostukoena ere bi astez geldituko da. Orain denentzat gauza normala baldin bada oporrak hartzea, ez da beti hola izan. 1905ean Alemaniak zuen lehenik plantan jarri langileen oporrak pagatuak izan zaitezen, Austriak 1910ean, segitu zutela Eskandinaviako beste herrialdeek. Frantses estatuan, 1936ko ekainaren 20an ziren agertu lehen aldikoz pagatuzko oporraldiak, Front Polulaire (1936-1938) koalizioa gobernuan zelarik. Ordu haietan, langileek 15 egun opor zuten hartzen ahal, Front Populaire baliatu zen ere hitzarmen kolektiboak martxan jartzeko eta 40 oreneko lan astera pasatzeko. 1956an hiru aste opor ziren, 1969an lau aste zirelarik eta 1982az geroztik 5 aste dira. Turismo guneak ere emeki-emeki garatuz joan dira, sektore ekonomikoaren abiatze berri bat ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016