Egun eta bihar | 2018ko Agorrilaren 09a

Egun eta Bihar

Oporretan

Deputatuak oporretan ditugu. Beste jende ainitz bezala. Sasoina da alabainan eta deputatuek ere behar dute pausatu, tirahala lan eta lan arizanik aitzineko hilabete horietan. Batzutan gauaz ere lanean, duela zonbait aste jadanik azpimarratzen ginuen bezala. Nahiz ene iduriko segurik gauazko bilkura horiek, hoinbeste espantu eginez akulatuak, ez litazkeen hamarretarik bederatzietan segurik zinez beharrezkoak deputatuen laneko segida hobeki moldatua balitz... Minixtroak ere oporretan bainan Parisetik ez sobera urrundu behar, zer gerta ere, beti begia atxikiz Frantzian gaindi zer gertatzen den. Gisa guziz, nun nahi izan diten, handienez bi oren barne berriz jiten ahal beharrez Pariserat... Macron jaun presidenta ere oporretan. Bi asterentzat errekontruz kanpo. Frantzian berean, Brégançon deitzen den gotor- leku paregabean. Aurten han berean mainatzen ahal, mainutegi bat espresuki muntatua baitiote, denek dakiten bezala, obra horiek zernahi aipaldi ukanik. Gisa guziz, ez da haatik arras oporretan, kargudun askorekin baditu artetan bederen solasaldi berezi batzu. Bestalde, Parisetik partitu aitzin, minixtro guziak afaltzerat gomitatu ditu, eta gainerat beren bizi-lagunekin. Gauza ederra hori ere... Eta untsa erakusteko oporretan ere lanean ari dela, Macron presidentak Brégançon-erat gomitatu du Thérèse May ingles gobernuburua...

Eta Benalla?

Eta Alexandre Benalla, hoinbeste eta hoinbeste aipaldi ukan eta ukaiten duen gizona, nun ote da? Hura ere oporretan hain segur, bestenaz ere Eliseo jauregian zuen laneko segida galdua baitu... Egun ez niz biziki ariko ixtorio ilun eta nahasi hortaz. Alta balitake erraiteko. Hala nola, eta bego hortan, jakin den etxe-miatze bat egina izan delarik haren bizitegian, poliza etorri aitzin, norbaitek - adixkide batek omenpuska batzu kenduak zituen alegia- eta deusez eta beste norapait eremanak... Ez hain abilki haatik, jokoa abilki egina izan balitz ez baiginuen deusik jakinen! Dena den, deputatuen artean muntatu ikerketa-batzordea gelditu da, beren artean etziren batere akomeatzen zer nola egin behar zen, bainan zenaturrenak aitzina segitzekoa du agorrileko pausaldiaren ondotik... Batzuk diote, aski maltzurki mintzatuz, hala iduritzen zaut segurik, sobera burrunba egin dela afera horrekin, bainan ez gintazke hortan denak xintxoki jokatu balire haste-hastetik eta nehor ez balitz jendearen enganatzerat airoski atrebitu...

Udazkenean

Uda betean gira. Frantziako eskualde gehienetan aspaldian izan den uda beroena. Ondotik jinen da udazkena. Lekuka larrazkena deitzen dena. Batzuen ustez sasoin minbera izan ditakeena. Greba eta gaineratiko, langile ainitz kexu izanez. Bainan nork da hori oraidanik hola mintzatzeko? Zernahi gisaz, gobernua beti bere hartan dago. Aldaketa asko badirela akulatzeko eta hortarik ariko dela denborarik galdu gabe. Neurri berri batzu hartzekoak dira erretreta edo xahar-paga horientzat. Zoin ote? Ez dute deusik salatzen. Erraiten haatik deusik ez dela kanbiatuko jadanik erretretan direnentzat. Lege-nagusia ere kanbiatu beharra dute. Deputatu eta zenatur gutiago ginuke. Hortaz ja solasean hasiak ziren legebiltzarrean. Beste gai batzu artean sarturik, Benallakeri eta beste, solasketa horiek moztu dituzte irailean aitzina segitzeko. Trenkatu beharko da ere lege-nagusiaren kanbiatze hori nola eginen den. Deputatu eta zenaturrak bilduz ala erreferenduma gisako bozkatze baten bidez.. Eta gero, jadanik gero eta apailu gehiago izanen da Europamaileko hauteskundeak izanen baitira helduden urtean, maiatzaren 26-an. Bada denbora oraino bainan ez baitezpada hainbeste. Hautu batzu ez baitira azken puntan egin beharko. Frantzia guzia bozgune bakar izanez, alderdiek ukanen dute nun josta. Solasa da macrontiar eta erdiko elgarrekin joaiten ahal litazkeela. Macrontiar batzu ez hain bero haatik, berezbere jokatuz berdin untsa heltzen ahal direla... Eta beharbada hobeki... Ezkerrean ere nor norekin ote? Zerrenda bakar bat berdin? Nekez, itxuren arabera segurik... Hiru izaitekotz, edo lau, parioak libro, pilota plazetan erraiten den bezala... Eta eskuinaldean zertan ditugu? Nola jakin dezakegu hori, berek ere ez jakin-eta! Azen ontzeko, eskuinburuan ere bi lixta agertzen ahal... Izanen da oraino kalapita ederrik...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3462. zbk

Nahigabe bat jasanez ainitz ikasten ahal da

Ovidio

Gure Hitza | 2018/08/09

Agorrilean denak ttur ttur!

Menane Oxandabaratz

Urteko hilabetea da nun kasik denak geldituak diren, enpresa handiak hetsiak, erakaskuntzako erakasle ta ikasleak ez gehiago ageri, beste lantegietako langileek ere bizpahiru aste hartzen dituztela baliatzeko udako giroaz. Zuen astekari gostukoena ere bi astez geldituko da. Orain denentzat gauza normala baldin bada oporrak hartzea, ez da beti hola izan. 1905ean Alemaniak zuen lehenik plantan jarri langileen oporrak pagatuak izan zaitezen, Austriak 1910ean, segitu zutela Eskandinaviako beste herrialdeek. Frantses estatuan, 1936ko ekainaren 20an ziren agertu lehen aldikoz pagatuzko oporraldiak, Front Polulaire (1936-1938) koalizioa gobernuan zelarik. Ordu haietan, langileek 15 egun opor zuten hartzen ahal, Front Populaire baliatu zen ere hitzarmen kolektiboak martxan jartzeko eta 40 oreneko lan astera pasatzeko. 1956an hiru aste opor ziren, 1969an lau aste zirelarik eta 1982az geroztik 5 aste dira. Turismo guneak ere emeki-emeki garatuz joan dira, sektore ekonomikoaren abiatze berri bat ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016