Herriz Herri - Senpere (L) | 2018ko Agorrilaren 09a

Senpere

Senpere

Pilotan Frantziako finalean:

Duela hilabetea, aipatu ginuen amets eder bat gauzatu zela, gure esku-huskako bi ekipak arizanik Euskal Herriko finalean elgarren kontra, oraikoan erranen dugu amets bat baino gehiago gertatzen ari dela. Hala nola aldi huntan ere gure bikoteak elgarren kontra ariko diren lehen mailako Frantziako final handian Bidarteko plazan abuztuaren 12an, igandearekin arratseko 7etan. Joanden astean, presan izanik, informazio okerrak ezarriak ginituen data eta tenorearen aldetik. Pilotaren Aste Handiaren lehen egunean ospatzen da Euskal Herriak duen kirolarik maitatuena, esku-huska eta hunekin lehen mailako amaturren finala. Ahantzi ezina dugu nola Euskal Herriko finalean, Peio Azkona eta Amaiur Jaureguyk ttantto batez garaitu zituzten Pantxo Valencia eta Xabi Bereterbide 30/29. Elgar aski ongi ezagutzen duten pilotari hauek beren hoberena eskainiko dute dudarik gabe eta partidak ongi parekatua eta jokatua behar luke. Holako hitzordua huts ezina da Senpertar jarraitzaileendako bai eta pilotazale guziendako, iduriz lehen aldia litaike herri beretik bi ekipa berak ikustea bi final berezi hauetan. Pilotaren besta huntan, ea zer giro pozgarria sortuko den Bidarteko pilota plazan?

Jordi Savall musikaria elizan:

Donostiako Musika Hamabostaldia kari, bigarren ekitaldia elizan iraganen da abuztuaren 19an igandearekin arratseko 9etan. Mundu zaharra eta berriaren arteko elkarrizketa zeltikoa aurkezten dauku Jordi Saval musikariak, hau baitago biolista, biolontxelo joile, abesbatza buru eta orkestraburu katalana. Hunekin betan ariko dira Andrew Lawrence-King harpa irlandesa eta salterioan bai eta Frank McGuire bodhranean. Artista handi hunek parte hartu zuen “Tous les matins du monde” filmean eta bere talendu guzia erakutsiko du gure herrian, musikazaleen mesedetan. Antolatzaile ditugu Donostiako Musika Hamabostaldia, Senpereko Kultur eta Ondare elkartea baita Herriko Etxea. Erreserbak eskuratzeko inguru huntako Turismo bulegoetan, larreko.fr eta cultureetpatrimoinesenpere. fr. Prezioak helduendako 20€ eta 16 urtepekoentzat 8€.

Selauru hustea abuztuaren 26an:

Hobeki erraiteko selauru eta sehaska hustea da antolatua gazteluko aparkalekuan, igandearekin Zaldubi Ikastolaren eskutik. Gaur egun arrakastatsuak dira moda huntako sal-erosketak, ainitz jende etxean dituzten puska soberakinak saldu nahizik hurbiltzen dira. Edantegia, ogitartekoak eta paella nasaiki. Izen emaitea eta xehetasun guziak webgune huntan: www.videgrenier. org64.

Artzain xakur lehiaketa abuztuaren 15ean:

Andredena Maria egunaz betiko elizkizunak izanen dira meza nagusiarekin 10:30etan eta ondotik Sarika parkean prozesioa Ama Birjina ospatzeko. Arratsaldean haatik, artzain xakurrek hartuko dute lehentasuna kirol zelaian, arratsaldeko 6ak irian. Zaldubi Ikastolak plantan ezartzen du ekitaldi hau urtero bezala, artzainak, xakurrak baita ardiak ernerik hor izanen dira bai eta agian publiko kopurutsua ikusgarri hunen txalotzeko.

Odol emaitea abuztuaren 27an:

Santiago gelan, Gantxiki karrikan, iraganen da astelehenarekin goizeko 7:30ak eta 10:30ak artean. Betiko oharra egina zauku, odol eskasa gorrian direla bazterrak eta emaile berrien zain direla arduradunak.

Uztaileko sortze eta heriotzeak:

Herriko Etxetik seinalatu daukute sortze bat. Elaia Jolimon de Haraneder, 60 Bordaxueniaburuko bidean, herritar bilakatu da, zorionak hunen familiari. Heriotzeen aldetik Arbel Claude 94 urte, Malcorra Pipine sortzez Lopez 96 urte, Raetschelders Gaston 93 urte, Haslay Joel 72 urte eta Sirot Agnes sortzez Housard de la Potterie 85 urte. Dolumin bizienak hauen familia eta ahaideeri.

Spuc Kirolak elkartearen besta handia abuztuaren 25ean:

Oroitarazi nahi dut, joanden astean aipaturiko elkarte hunen 50. urtebetetzea ospatuko dugula larunbat arratsaldean 5etatik lekura pilota plazan, animazio, kantaldi eta argazki erakusketa batekin. Ondotik afari bikaina, aitzinetik erreserbak egiten ahal dira inguru huntako turimo bulegoetan: 25€ helduendako eta 8€ 12 urtezpekoendako. Besta horri mami gehiago emaiteko gomitatuak dira, lehengo argazki edo artikulu dituztenek beren etxetan kontaktuan sartzea Philippe Bardanouverekin, tel. 06 10 77 77 02.

Hats-Arte 2018 erakusketak segitzen du abuztuaren 17a arte, “Gure argi-hitz-kiak” lemapean, Amotze Larraldean. Auxtin Zamora bere elkartearekin dugu antolatzailea, diotenaz ikusgarri biziki ederra dago, egun guziz 16:00etatk 20:00ak artean. Xehetasun gehiago: olerkibilduma@sfr.fr

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3462. zbk

Nahigabe bat jasanez ainitz ikasten ahal da

Ovidio

Gure Hitza | 2018/08/09

Agorrilean denak ttur ttur!

Menane Oxandabaratz

Urteko hilabetea da nun kasik denak geldituak diren, enpresa handiak hetsiak, erakaskuntzako erakasle ta ikasleak ez gehiago ageri, beste lantegietako langileek ere bizpahiru aste hartzen dituztela baliatzeko udako giroaz. Zuen astekari gostukoena ere bi astez geldituko da. Orain denentzat gauza normala baldin bada oporrak hartzea, ez da beti hola izan. 1905ean Alemaniak zuen lehenik plantan jarri langileen oporrak pagatuak izan zaitezen, Austriak 1910ean, segitu zutela Eskandinaviako beste herrialdeek. Frantses estatuan, 1936ko ekainaren 20an ziren agertu lehen aldikoz pagatuzko oporraldiak, Front Polulaire (1936-1938) koalizioa gobernuan zelarik. Ordu haietan, langileek 15 egun opor zuten hartzen ahal, Front Populaire baliatu zen ere hitzarmen kolektiboak martxan jartzeko eta 40 oreneko lan astera pasatzeko. 1956an hiru aste opor ziren, 1969an lau aste zirelarik eta 1982az geroztik 5 aste dira. Turismo guneak ere emeki-emeki garatuz joan dira, sektore ekonomikoaren abiatze berri bat ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016