Azalekoa | 2018ko Agorrilaren 09a

Joanes Etxeberri eta Bizenta Mogelen urratsetan, Azkoitian

P.J.

Euskaltzaleen Biltzarreko kideak, Floreaga jauregiaren aitzinean
Euskaltzaleen%20Biltzarreko%20kideak_%20Floreaga%20jauregiaren%20aitzinean

Uztail erditsutan, Euskalzaleen Biltzarrak ateraldi kulturala antolatua zuen Azkoitiara, hango altxorreri behakoa eman nahiz.

Uztail erditsutan, Euskalzaleen Biltzarrak ateraldi kulturala antolatua zuen Azkoitiara, hango altxorreri behakoa eman nahiz. 35 lagun dira gisa hortan han gaindi ibili, gu ere haietarik ginela, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Juan Bautista Mendizabal elkarteburua gidari, hor zagola ere Gillermo Etxeberria asteasuarra, bi elkarte horietan kide dagon lagun baliosa. 14.000 biztanle ditu Azkoitiak, Javier Zubizarreta EAJkoa du auzapez eta hunek ongi-etorri beroa egin dauku Herriko Etxeko gela ederrean.

Intsausti jauregia

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea kokatua da Intsausti jauregian, Xabier Munibe (1729- 1785), Peñafloridako kondea, euskal idazle eta musikagile ospetsuaren egoitza izana. Besteak beste, “Mozkorra parregarri” opera komikoa zuen ondu Munibek, historiako lehen euskal opera. Euskaltzaleen kafira da Azkoitia (Azpeitiaren gisa), eta Intsausti jauregia euskaltzaletasun horren bihotza. Juan Bautista Mendizabalek jauregi barneko altxortegia dauku bisitarazi, gela ederrrak, liburutegia, apaindurak, Antonio Oteiza 92 urteko kaputxinoaren margo erakusketa eta beste, bidenabar hamarnaka anekdota kondatuz, umoretsuki. Loriatu gira. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen historia aberatsaren berri ere eman dauku. Elkarte hunek orotara 800 kide dauzka, hiru euskal lurraldetan –Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa– “Irurac bat” ikurraren pean bilduak, euskal ikerketa askoren bultzazaile eta publikatzaile, bereziki “Egan” izeneko aldizkarian, luzaz Gillermo Etxeberriak kudeatu duena. Etorkin frango duen herria da Azkoitia, lanak horrat erakarririk, eta gutiz gehienak euskararen ikasteari lotu dira. Ondorioz, euskara nasaiki entzuten da Azkoitian, horgo seme den Xabier Arzallus politikari ezagunak egun batez hauxe omen zioela: “Nahiago dut euskaraz hitz egiten duen beltz bat, erdaraz mintzo den euskaldun bat baino”.

Joanes Etxeberri, Bizenta Mogel eta beste guziak

Euskaltzale askoren ohantzea zen (eta da) Azkoitia, idazle, musikari, pilotari, bertsulari, margolari eta bertze. Horien urratsetan ibili gira Azkoitiako karriketan barna, eta berezikiago Joanes Etxeberri eta Bizenta Mogel bi idazleenetan. Sarakoa zen sortzez Joanes Etxeberri (1668-1749), Axularrek bataiatua. Mediku ikasketak egin zituen Okzitaniako Tolosan, Saran berean zuela lehen batean ofizio hori betetzen. Maria Itsasgaraterekin ezkondu zen eta 11 haur ukan zituzten. Saratik landa Beran egon zen mediku, Elizondon, Hondarribian eta 1725etik aitzina Azkoitian. Mediku izateaz gain, euskararen defendatzaile suharra zen eta euskal idazlea ere, “Escuararen hastapenak” (1712) eta bertze lan batzuk utzirik, euskal idazleetan “lehen laikoetarik”. 81 urtetan zendu zen Azkoitian. Bizenta Mogel (1782-1854) sortzez Azkoitiakoa zen, Joan Antonio Mogel apez idazlearen iloba (apez hau dugu “Peru Abarca” eleberri famatuaren aita, 1802an idatzitako lehen euskal eleberria). Gazterik umezurtz gertaturik, osaba horrek zuen Bizenta eskolatu Markinan. Eta “Ipui onac” lehen alegia-bilduma publikatu zuen Bizentak 1804an. Lehen emaztetarik izan zen euskaraz idazten zuena. Jakin behar da garai hartan gaizki ikusia zela emazte bat idazten aritzea. Ausarta izan behar zen eta halakoa zen Bizenta, bertzalde bertsuak ere zituela moldatzen.

Floreaga jauregiko Joxeba jatetxean, Manex Pagola gogoan

Eguerdi eterditan Errexil tabernan hameketakoa harturik, sagarno eta txakolinez ontua, Andra Maria elizari eman diogu behakoa, hor ere Juan Bautistak zauzkigula barneko edertasunak erakusten, erretaulak, Cavaillé-Coll organoa (frantses organogile horrek eraikitako azkena), Mitra Farahani irandar zinegile eta margolariaren “Haur sakratuen birziklatze modernoa” bi obra handi, salatzen dutena haurrak nola martirio gisa baliatuak diren terrorismo bidetan, obra guziz gogoetagarri eta hunkigarriak! Ikusi dugu ere bertzerik, hala nola Jorge Oteiza zizelkari handiaren “Zazpi frontoiak”, gune berean aurki ditzakegula pilotan artzeko jokaleku desberdinak, trinket, ezkerpareta, errebote eta bertzeak, euskal lurralde bakoitzaren modalitate berezia agertuz. Oroitu behar da Azkoitia pilotari handi askoren ohantzea dela, Atanotarrak eta bertze. Horiek hola, eta nahiz artetik hameketakoa egina ginuen, bazkaiteko tenorea ere jin zaigu. Floreaga jatetxeko Joxeba jatetxean gira aurkitu, janari zinez ona ginuela ahoratzen. Kantuz beztitu dugun egonaldia, gisa hortako ateraldietan gutartean hainbertzetan ukana izan dugun Manex Pagolaren kantuak bihotz barnetik xaramelatuz.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3462. zbk

Nahigabe bat jasanez ainitz ikasten ahal da

Ovidio

Gure Hitza | 2018/08/09

Agorrilean denak ttur ttur!

Menane Oxandabaratz

Urteko hilabetea da nun kasik denak geldituak diren, enpresa handiak hetsiak, erakaskuntzako erakasle ta ikasleak ez gehiago ageri, beste lantegietako langileek ere bizpahiru aste hartzen dituztela baliatzeko udako giroaz. Zuen astekari gostukoena ere bi astez geldituko da. Orain denentzat gauza normala baldin bada oporrak hartzea, ez da beti hola izan. 1905ean Alemaniak zuen lehenik plantan jarri langileen oporrak pagatuak izan zaitezen, Austriak 1910ean, segitu zutela Eskandinaviako beste herrialdeek. Frantses estatuan, 1936ko ekainaren 20an ziren agertu lehen aldikoz pagatuzko oporraldiak, Front Polulaire (1936-1938) koalizioa gobernuan zelarik. Ordu haietan, langileek 15 egun opor zuten hartzen ahal, Front Populaire baliatu zen ere hitzarmen kolektiboak martxan jartzeko eta 40 oreneko lan astera pasatzeko. 1956an hiru aste opor ziren, 1969an lau aste zirelarik eta 1982az geroztik 5 aste dira. Turismo guneak ere emeki-emeki garatuz joan dira, sektore ekonomikoaren abiatze berri bat ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016