Han eta Hemen | 2018ko Uztailaren 26a
Euskarazko agregazioa lehen aldikoz Baionan
Jon Casenave eta Argia Olçomendy
"Berri handi bat" zabaldu daukute Jon Casenave eta Argia Olçomendy euskal ikasketetako irakasleek: euskarazko agregazioaren saila lehen aldikoz idekiko da heldu den irailean Baionan, erran nahi baita bigarren mailan (kolegio eta lizeoetan) irakasteko gradu gorenera heltzeko parada emanen dela. 1948an sortu ziren euskal ikasketak Bordeaux-Montaigne unibertsitatean, bainan bakarrik doktoregoa prestatzeko. Ikasketa horien buru izan dira René Lafon, Jean Haritschelhar, Jean-Baptiste Orpustan, Aurelia Arkotxa... Bordeleko sail horri lotua, 1986an euskal lizentzia zen ideki Baionako kanpu
sean; 1993an euskal CAPES edo IGA (Irakasle Gaitasun Agiria); 2004an CRPE konkurtso berezia, euskal opzioarekin, lehen mailan euskarazko irakasle izateko; 2007an Master delakoa (I eta II). Hiru urtez prestatzen da lizentzia, bi urtez Masterra eta beste hiru urtez doktoregoa. Bigarren mailan irakasteko, bi gradu badira: lehena Capes-a, lizentziadunek presta dezaketena, eta bigarrena agregazioa, Capes-dunek eta Master II-dunek eskura dezaketena. Bigarren gradu hori da gorena, paga handiago batekin (Capes-dunarena baino laurden bat edo berdin heren bat gehiago) eta lan-ordu gutiagorekin (15 oren, 18ren ordez).
Hezkunde nazionalak 2017ko martxoan finkatu zuen euskal agregazioa idekitzeko dekretua. Hara beraz heldu den irailean idekiko dela sail berri hori Baionako Errobi kanpusean. Bainan berrikitan baizik ez da agregazio horren programa zabaldua izan, Akademiatik. Doi bat berant izenak emateko, zeren izen emate epea uztailaren 20tik agorrilaren 28ra doa. Jonek eta Argiak erran daukutenaz, Ipar Euskal Herri huntan 80 irakasle inguru badira euskarazko Capesaren jabe direnak. Horietarik hamar bat menturaz, edo berdin gehiago, lot liteke agregazioari, hunek gainera irakasle zohituen aspaldiko formakuntza berritu lezakeela. 200 bat oreneko formakuntza da zabal duko, asteazken, ostegun eta ostiral arratsaldez, jardunaldi batzuk ere izango direlarik larunbat goiz batzuz. Capes eta agregazio kurtso batzu mutualizatuko dira ere. Eta konkurtsoaren idatzizko azterketak martxoan iraganen dira eta ahozkoak ekainean, Bordelen, oraiko ustez 3 agregazio postu ardiesteko menturarekin. Agregazio ikasketa horien gai nagusia, irailean idekiko den ikasturtean, "Frantses Iraultza eta Frantziako hizkuntzak" izango da. Literaturaren alorrean jorratuko dira, adibidez, Joanes Etxeberri, Martin Goihetxe, Pierre Lhande, Jean Etxepare, Pierre Topet Etxahun, Janbattitt Elizanburu eta Xabier Lizardiren obrak. Zibilizazioaren alorrean, aldiz, ikertuko da nola berritu diren euskal jendartea eta euskal kultura 19. mendean. Dena den, zinez berri ona dugu euskarazko agregazioaren idekitze hori, hemendik aitzina euskal ikasketak sistema oso batean eramanak izanen baitira, beste diziplina klasiko guziak bezala












