Mundu zabalean | 2018ko Uztailaren 05a

Mundu Zabalean

M.L.

Mexiko ezkerrera pasatu igandeko bozetan

Andres Manuel Lopez Obrador (AMLO) deitzen da Mexikoko presidente berria. Hirugarren aldikoz aurkeztearekin kausitu du bozen %53. Urrun utzi ditu Ricardo Anaya kontserbadore gaztea (bozen %22) eta Jose Antonio Meabe (bozen %16), hauxe orain arte gobernuan zen alderdi iraultzaile instituzionalekoa. 64 urte ditu presidente berriak. Argiki ezkerretik ari zela erranik, engaiamendu sozial bizkorrak plazaratu ditu, hala nola gutxieneko soldataren emendatzea, eta xantier publiko erraldoiak irekitzea. Haatik hiru ttantto onak eskutan izanen ditu bere programaren gauzatzeko: deputatuen ganbaran gehiengoa izanen du, eta Mexikoko bederatzi lurraldetako gobernadoretatik sei bere alderdikoak ditu. Jada 20 milioi biztanle pasatzen dituen Mexiko hiriko gobernadore berria emazte bat da: Claudia Sheinbaum, hain zuzen Morena (Movimiento de Regeneracion Nacional) presidente berriaren alderdikoa. Egia erran lan handiak egin beharko ditu nahi baldin badu 53 milioi mexikar hunkitzen dituen pobrezia egoera doi bat hobetu. AMLO presidente berria konbentzitua da korupzioaren kontrako legezko ekintzek dirua sarraraziko dutela kutxa publikoetan. Pobrezia erraldoi horren ondorio zuzena emigrazio jarraikia da, urtean 450.000 mexikarrek ihes egiten dute bizitzekoa beste nonbait aurkitzeko esperantzarekin. Horien parte bat Ameriketako Estatu Batuetara sartzera ez uzteko da Donald Trump presidentea ari jotake pareta bat gora eta lodia eraiki nahiz Mexika eta Estatu Batuen artean. Enrique Peña Nieto aitzineko presidenteak ezetz ihardetsi zion, ikusteko dago berriak zer eginen duen. Dena den amerikar auzo puxantak AMLO presidente berria hitz eztiekin zoriondu du, biek elkarlan emankorra sortuko dutelako esperantza erakutsiz. Mexikoren egoera mintzen duen gaitz larria bortizkeria da. Azken hamabi urteetan 200.000 mexikar erailak kondatzen dituzte, 25.000 joan den urtean bakarrik. Aurten, herriko boz, gobernadore, deputatu eta presidente boz kanpaina honen kari 145 gorputz erailak altxatu dituzte, horietan 48 hautagai. Hauetatik anitzek beren familiakoak gerizan gorderik ezarriak zituzten. Droga karteletakoek burutzen bide dituzte erailketa horiek, eta behar bada beste parrasta batek hauen itzalean. Polizak eta armadak borroka gogorra badaramate droga mafien kontra, eta auzitegiak ez dira gibel egonki, gaur egun Mexikak 240.000 preso kondatzen ditu, eta urtero polizetxetan burutu 1.500 tortura salaketa aitortuak izaiten dira auzitegietan.

Europa 28 goi biltzarraren erabaki bitxiak

Europa Batuko 28 estatuburuek hiru orrialde pasatzen ez dituen itun bat adostu zuten, 9 oren iraun zuten negoziaketa bipilen ondotik gauak gauari, goizeko bostetan. Immigratuen harrera bidezkoa dela dio txostenak, Europak ez diola eginbide horri ihes eginen gehituz. Printzipio nagusi hori nola bete zehazterakoan lerrokatzen dira gero erranaldi lausoak. 28 estatu europarrek immigratuak beren nahiz bakarrik hartuko dituzte, ez orain arte bezala Europa Batuak finkatu kopuruetan. Hara hor immigratuei atea hesten dieten estatuei arrazoi emana zaiela. Eta, gutxiz ez utz bigarren ttantto bat ere tiratu dute muga hesle horiek: orain arte Europan lehen urratsa egiten zuten estatuak behar zituen immigratuak haizatu, ez zutelarik aterbe politikorik ardiesten. Araudi horren gatik Europa barnean atzemanak ziren immigratuak Italiara eramanak izaiten ziren, Italiako portu batean zutelako oina Europan pausatu. Hemendik aitzina immigratuak aterbe politikorik gabe atzemaiten dituenak beharko ditu berak haizatu, Italiako mugara eraman gabe. Horra zergatik Matteo Salvini Italiako barne ministroa arras kontent agertu den. Ondoko lerroaldi lausoagoak irakurriz, konpreni daiteke Europak definitu beharko dituela immigratuen harrera plataforma batzuk Mediterraneoan. Plataforma horiek Europako estatu batean izanen diren ez da zehaztua dokumentuan. Suposatua da lege berri bat atera beharko dela, dioena plataforma gune horiek nomansland batean irekiko direla, Europa ez eta ere Afrika ez den lur eremu bat. Gehitu beharko da Europa Batuak kudeatuko duela nomansland hori, hain segur ere Nazione Batuen baimenarekin. Eta, erranik hobe, nomansland horretara sartuko direnak ez dira immigratu ekarriak izanen. Hala ere, Europa Batuko Frontex zerbitzuek han galdekatuko dituzte: immigratu ekonomikoak beren sortestatura itzularaziko dituzte; immigratu politikoak aldiz, zeinek nahi dituen eskatuko die Frontex-ek Europako 28 estatuei. Baina egoera ezegonkor horren denbora guzian Europak ez du immigratu arazorik begien aitzinean izanen.

Eskuin puntako ligen liga sortu nahi Matteo Salvinik

M5S mugimenduarekin batera Italiako gobernua eskutan hartuz geroztik Matteo Salviniren liga eskuin puntako alderdiak arrakasta goratzen ikusten du. Azken asteburuan bildu zuen kongresura 50.000ko bat jende hurbildu zen. Aburu ikerketek diote jenden %31,2 alde dituela, bozetan %17 bildu zuelarik. Arras alde atera zaio immigratu ontzien ez sartzera uztea Italiako portuetan. Deplauki leporatzen diete immigratu ontziak muntatzen dituzten gobernuz kanpoko giza erakundeei immigrazioa emendatzen dutela. Eta bidenabar auzo estatuei Italiari gai hori utziz errazki eskuak garbitzen dituztela. Matteo Salvinik bere alderdiaren kongresuan proposatu du Europako eskuinburuko alderdi guziak batera daitezen “Europako ligen liga” etiketaren pean, heldu den urteko Euro bozetara elkarrekin joaiteko gisan. Bere alderdiaz aparte beste hiru izendatu ditu: Victor Orban berriki Hongriako buru jarria, Sebastian Kerz Austriako kantzilera, eta Marine Lepen Rassemblement National izena hartu berria duen alderdiaren burua.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3457. zbk

Asto batek uztar bat emaiten badauzu ez hasi zu astoari uztarka

Sokrates

Gure Hitza | 2018/07/05

Atun eta xipiroi!

Janbattitt Dirassar

Sasoina hasi da beraz. Bai, hola mintzo gira frangotan, udatiar ainitz ibiltzen den tokietan, urtean sasoin bat baizik ez balitz bezala, eta hura udakoa izanki. Sasoina hor dugu eta beti galde berak heldu dira gogorat, sasoina ona izanen denetz gisa hartako aroarekin. Gauza jakina alabainan aroak ainitz egiten duela, bestenaz ere jendeak gero eta gehiago azken puntan deliberatzen baitu noiz norat joanen den, aroa ikusiz preseski. Dena den, sasoina hor dela, hor da ere sasoinak ekartzen duen burrunba handia. Zernahi besta eta ikusgarri bazter guzietan. Kanpotiar horiek ausagailu gose baitira, ez denak alde bat hondartzan egoiten ahal iguzkitarat, artetan itsasoan mainatuz. Gisa hortako ondarea badugulakotz ausagailu eta bestetan toki ederra egiten diotegu bixtan da gure dantza eta jokoeri, bai eta gure ekoizpeneri. Hala nola Donibane Lohizunen eta Ziburun larunbatean ukanen duten Atun- Besta, ez dutena bi sosetan saltzekoa ez eta bostetan ere! Ildo beretik nolazpait Hendaian laster u...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016