Hegoaldean | 2018ko Uztailaren 05a

Hegoladean

Urkullu eta Sanchezen arteko bilkura

Mariano Rajoy kargutik kendu eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente jartzeak esperantzak piztu ditu Euskal Herriarentzat. Joan den asteko Herrian jadanik aipatua dugu ekainaren 25ean Iñigo Urkullu lehendakariak eta Sanchez presidenteak Moncloan egin duten bilkura. Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, bi agintariak ados jarri dira “bi aldeko talde iraunkorra” sortzeko, Gernikako Estatutuan transferitu gabe dauden 37 eskumenak transferitzeko. Transferentzietan, hiru gai lehenetsiko dituzte: autobideak, (A-68, eta A-1aren zati bat), Pasaiako portua eta espetxeak. Halaber, lan bilkura bat eginen dute bi gobernuetako taldeek Auzitegi Konstituzionalean bideratu gabe dauden helegiteak euskal araudietara zuzentzeko. Presoen egoerari dagokionez, kartzela- politikarako ikuspegi berri bat beharrezkoa dela erran dio lehendakariak Sanchezi, ETA desegiteak zabaldu duen garai berri honetan. Sanchezen erantzuna baikorra izan da, kartzela-politika “normalizatzeko” lantaldea sortuko duela hitzeman baitu. Baina mementoan ez dute egutegirik finkatu, ez eta sistema aldatzeko helburua jarri ere. Iñigo Urkullurekin mintzatu eta biharamunean, Pedro Sanchez Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin bildu da Berlinen eta karia horretara, bezperako erranak berretsi ditu, hala nola, presoak Euskal Herritik hurbil diren presondegietara ekartzeko aldebiko batzorde bat sortzea adostu dutela. Jarrera aldaketa hori azaltzeko, Espainiako Presidenteak erran du demokraziak ETA garaitu ondoan, oraingo errealitatea arras desberdina dela, eta beraz, bertze gisa batez tratatu behar dela. Ildo beretik jarraitu du Sanchezek Espainiako Diputatuen Kongresuan, ekainaren 27an. Espetxe-politika aldatzeko eta presoak Euskal Herrira hurbiltzeko “babesa” galdegin die diputatuei. Haatik, hurbiltze urratsak terrorismoaren biktimekin enpatiko izanez eginen direla segurtatu du. Zehaztu du ere eri diren presoak eta 70 urte baino gehiago dutenak beren familiak bizi diren lekuetara hurbilduz abiatuko dela prozesua. Pentsatzekoa zen bezala, ez ditu denak bozkarioz bete Espainiako presidente berriaren erabakiak. Biktimak harrituak, kezkatuak eta suminduak agertu dira kartzela-politika aldatuko dela jakitean. Maite Araluce Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) presidenteari kezkagarri iduritzen zaio Pedro Sanchez biktimez baino lehenago ardura dadin ETAko presoez.

Creacity proiektua

Iruñea, Hondarribia eta Baionako harresietan entzungai izanen dira Oreka Tx-en txalaparta soinuak ondoko egunetan. Creacity proiektuari esker hiru hiriek duten harreman eta batasunaren adierazpenik hoberena izanen da. Talde lan honen helburua hiri hauen arteko eskaintza turistiko bateratua proposatzea da, hiruek dituzten Erdi Aroko harresien ondare historikoa ere ezagutaraziz, bidenabar. Denbora berean aisialdiak, kulturak eta gastronomiak ere lekua izanen dute proiektuan. Alabaina, harresiak baino gauza gehiago partekatzen dituzte Iruñeak, Baionak eta Hondarribiak: euskara, euskal kantuak, dantzak, tokiko mozkinen kalitatea, musika eta historia. POCTEFA mugaz gaindiko programaren bidez garatu dute Creacity proiektua, Europar Batasuneko FEDER dirulanguntzei esker. Baina hiru hirien arteko elkarlana ez da geldituko diru-laguntzak agortuko direlarik. Orain abiatu sailak jarraipena izanen du etorkizunean, ohartu baitira honelako proiektuek haien marka indartu eta hurbileko eta kalitateko turismo jasangarria erdiesteko gaitasuna handitzen duela. Musika eta zirku arteak uztartzen ditu Oreka Tx taldearen “Pikotailuke” musika ikuskizunak. Abuztuaren 2an aurkeztuko dute Iruñean, 4an Hondarribian eta abuztuaren 11n Baionan.

Euskarabentura

Joan den igandean abiatu da euskararen lurraldean barna ibiliko den Euskarabentura espedizioa. 110 gaztek uztail osoa iraganen dute bidez bide, Euskal Herria sakonki ezagutzen, Mauletik hasi eta Getxon bukatzeko, abentura guziaren ardatza euskara izanen delarik. Abenturan aitzina eginez bezala ezagutuko dituzte Laborantza Ganbara, Orreaga, Donemiliaga Kukula, Añanako gatzagak, Argantzungo ikastola, 75 ordu euskaraz, Martin Ugalde kultur parkea, Abadiako jauregia, euskoa, Albaola, Flyschak eta Geoparkea, Ekainberri, Santimamiñe eta Omako basoa, Gernikako juntetxea eta Arriaga plaza, bertzeak bertze. Euskal Herria zeharkatuko dute Konpostelako bide desberdinetarik pasatuz: 783 kilometro eginen dituzte orotara, horietarik 483 oinez. Hogeita hamar heldu arduratuko dira taldea gidatzeaz. Horien artean aurkitzen dira hezitzaileak, medikua, erizaina, gidariak, argazkilari eta kazetariak. Abentura horri buruzko xehetasunak irakurri ahal izanen dira, egunez egun, Berria.eus webgunean. Euskal Herriko toki desberdinak ezagutzeaz gain, ekintzak eginen dituzte etapa bakoitza bukatuko den lekuan. Hauen bidez geografia, historia, kultura eta errealitate soziolinguistiko desberkuntza dinez ohartzeko parada izanen dute. Horretan, kultur eragile andana baten laguntza izanen dute. Ia hemen, poesia liburua Joan den urtean Xabier Lete saria irabazi ondoan, Ia hemen izeneko poesia liburua argitaratu du Juanjo Olasagarrek (Arbizu, Nafarroa, 1963), Pamiela Argitaletxearen eskutik. Laugarren poesia liburua du hau Olasagarrek, Gaupasak (Susa, 1991), Bizi Puskak (Susa 1996) eta Puskak biziz (Susa 2000) lanen ondotik. Egileak azaldu duenaren arabera, “egunerokoari zentzua bilatu nahian” idatziak izan dira liburua osatzen duten olerkiak.

Nafarroako Parlamentua presoak urruntzearen kontra

Nafarroako Parlamentua presoak urruntzearen kontra agertu da, ekainaren 28an zabaldu duen ebazpenaren bidez. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, PSN eta Ezkerrak ekimenaren alde egin dute; UPNk eta PPNk, aldiz, kontra. Diputatuen Ganberak pentsatzen du elkarbizitza politiketan aitzinatzea beharrezkoa dela, horretarako printzipioak banazka eta jendetasunez aplikatu behar liratekeela, baina, halaber, egina izan den kaltea onartzea baitezpadakotzat hartzen du.

Euroeskualdearen biltzarra

EAEko, Nafarroako eta Akitania Berriko ordezkariak Iruñean bildu dira joan den ortziralean, 2014-2020 Plan Estrategikoa berritzeko. Euroeskualdearen biltzarra Iñigo Urkulluk, Uxue Barkosek eta Alain Roussetek zuzendu dute. Interes komunak izan dituzte aipagai, hala nola, errefuxiatuak, enpresen lehiakortasuna eta azpiegiturak, bereziki abiadura handiko trena. Nafarroak euroeskualdearen lehendakaritza hartuko du 2020ra arte. Biltzarraren ondotik, lehendakariak hiru bazkideen eraginkortasuna azpimarratu du, kalitate honi esker “etorkizuneko erronka erraldoiei erantzuna emateko” gai izanen direla segurtatuz. Garraioari dagokionez, hiru agintariek bidaiarien eta merkantzien mugikortasun jasangarriaren alde egin dute, eta abiadura handiko trena ezartzea eta korridore atlantikoari lotzea defendatu dute. Uxue Barkosen arabera, elkarlan honetan lehentasun batzuk daude: osagarria, energia, agroelikadura, sor- desberkuntza industriak eta lehiakortasuna. Alain Roussetek oroitarazi du eskualde bakoitzeko egoerak desberdinak izanik ere, interes komuneko gai batzuetan elkarrekin lan egiteko borondatea dutela. Abiadura handiko trenari buruz, Akitania Berriko presidenteak erran du “hegoaldera begira” dagoela, bi sareak Hendaian lotzeko helburuarekin. Roussetek adierazi du kamioiak N10 errepidetik atera eta trenetan sartzeko xedea duela, bai eta ere aldaketa klimatikoaren kontra borrokatu nahi duela “gure seme-alabetan eta ilobetan” pentsatuz.

78ko Sanferminak gogoan

Aurten betetzen dira 40 urte German Rodriguez hil zela tiroz, eta bertze sei lagun zauritu, Sanferminetan, poliziaren erasoen ondorioz. Urtemuga horren karietara, “Sanfermines 78 gogoan” plataformak gertakari haiek oroitarazteko “Gogoan” izeneko monumentua ezarri du Roncesvalles etorbidearen eta Carlos III.aren bidegurutzean, entzierroaren monumentuaren ondoan. Oroitarriak besorik eta bururik gabeko emazte baten itxura du eta barnean kutxa ttipi bat duen betoizko oinarri baten gainean pausatua da. Kutxa horretan sartu dituzte 392 pertsona, kolektibo, peña, elkarte eta erakunderen izenak. Ekimena obratzeko beharrezkoak ziren 30 000 euro baino gehiago eman dituzten eragileak dira. Obra sortu duen Dora Salazar altsasuarrak erran du “Gogoan” estatuak “topaketa” izan nahi duela, “eztabaida” bazterrera utzi gabe. 78ko bestetan poliziaren erasoak jasan zituzten biktima guziak oroitaraztea da monumentuaren helburua. German Rodriguezen heriotza eragin zuten kalapitak abiatu ziren zenbait protestarik zezen plazan presoen aldeko pankarta bat zabaldu zutelarik. “Sanfermines 78 gogoan” taldeko kideek aldarrikatu dute 40 urteren buruan “inpunitateak” oraino hor dirauela, eta estreinatu duten irudiaren bidez “egia, justizia eta erreparazioa” eskatu nahi dituztela. Halaber, salatu dute justizia ez dela denendako berdina. Adibide gisa eman dituzte Nagore Laffageren kasua, 2016ko bortxaketa, eta preso diren Altsasuko gazteak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3457. zbk

Asto batek uztar bat emaiten badauzu ez hasi zu astoari uztarka

Sokrates

Gure Hitza | 2018/07/05

Atun eta xipiroi!

Janbattitt Dirassar

Sasoina hasi da beraz. Bai, hola mintzo gira frangotan, udatiar ainitz ibiltzen den tokietan, urtean sasoin bat baizik ez balitz bezala, eta hura udakoa izanki. Sasoina hor dugu eta beti galde berak heldu dira gogorat, sasoina ona izanen denetz gisa hartako aroarekin. Gauza jakina alabainan aroak ainitz egiten duela, bestenaz ere jendeak gero eta gehiago azken puntan deliberatzen baitu noiz norat joanen den, aroa ikusiz preseski. Dena den, sasoina hor dela, hor da ere sasoinak ekartzen duen burrunba handia. Zernahi besta eta ikusgarri bazter guzietan. Kanpotiar horiek ausagailu gose baitira, ez denak alde bat hondartzan egoiten ahal iguzkitarat, artetan itsasoan mainatuz. Gisa hortako ondarea badugulakotz ausagailu eta bestetan toki ederra egiten diotegu bixtan da gure dantza eta jokoeri, bai eta gure ekoizpeneri. Hala nola Donibane Lohizunen eta Ziburun larunbatean ukanen duten Atun- Besta, ez dutena bi sosetan saltzekoa ez eta bostetan ere! Ildo beretik nolazpait Hendaian laster u...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016