Herriz Herri - Senpere (L) | 2018ko Uztailaren 05a

Senpere

Senpere

Missipi Jazz Band Inharrian asteartean:

Sekulako musika ikustaldia aurkeztua da, uztailaren 10ean arratseko 9etan Ibarrun Inharrian. Senpereko Kultur eta Ondare elkarteak antolatzen du ekitaldi berezi hau, eta Jazz musikaz gozatzeko aukera ezin hobea dugu. New Orleans-etik dator Mississipi Jazz Band orkestra eta dudarik gabe ikus-entzule guziak loriatuko dira, soinu eta erritmo hunkigarri hauekin. Lekuan bertan eskuratzen ahalko dira sartzeak baita eskualde huntako turismo bulegoetan, Culture et Parimoine Senpere edo Larrekoren webgunetan. Sarrerak 15€ helduentzat, urririk 16 urtezpekoentzat.

Elgarrekin Senpererentzat elkartea:

Herriko Etxean gaur oposizioan den talde hunek prentsaurreko bat plazaratu du herriko kazetarien aitzinean, Elkartetxean. Ez ditut ene aldetik aipatuko zehazki xeketasun guziak, iduriz gutun-ontzietan banatuak izan baitira hauen oharrak aldizkari batean. Larri- larria, azpimarratzen dute proiektuak erabakitzen direlarik, kontzertazio eta informazio eskasa hautetsi, instituzio eta biztanleekin. Adibidez, Aintzira urtegiko azkartzearen gastu handiak izanik aldi berean uholdeen arriskua emenda lezakeela, Senpertarren tasen emendatzea, Larreko kultur gunearen kostua errana baino aise apalagoa eta abar. Beraz, herritar bakotxak bere irakurketa egiten ahalko du, aurkitu informazio berri horien arabera.

Larunbatean haur joko eguna:

Jaz bezala, herriak antolatzen du Aintzira gunean senpertar haurrendako eta urririk haur joko eguna uztailaren 7an, 14:30etatik 18:00etara. Animazio desberdin asko proposatuak izanen dira haurreri, udako oporrak ezin hobeki hasteko aukera pollita litaike. Izen emaiteak eta argibideak ukaiteko deitu 05 59 54 58 21 edo enfancejeunesse@ senpere64.fr.

Heriotze:

Azken egun hauetan gure herria azkarki hunkitua izan da heriotzeen aldetik. Aurten Urguriko bestek halako gostu samin bat eskaini dute, jakin delarik bezperan Luis Galarregui Iturrondokoa pausatu dela 76 urterekin, minbizi maltzur batek, sei hilabete barne, mundu huntarik eraman baitu. Ofizioz zurgin eta maiasturua bainan gainez-gain artista, bihotz handikoa, beti prest zerbitzu emaiteko, zonbat lan ez ote ditu egin dohainik, Senpertarrek ba ote dakite Karrika sartzean den iturri edo latsagiaren zureria eta teilatua, urririk eskaini zuela herriari? Elizan jendetzak parte hartu du azken agurrean otoitz eta kantu ederren artean. Orain zazpi haurridetatik biga gelditzen dira penetan beren familiekin, Ukanio eta Kontxita. Biharamunean Joset Çuburu, deitua Bixente, hau ere Senpertar ongi ezagutua, 85 urtetan joan da, bizitza ongi betearen ondotik eta hainbeste zerbitzu emanik. Hargintzan arizana, suhiltzaile bolondres bai eta Amuarrain kofradian parte hartu du luzaz eta bestalde hilobien idekitzen eta hesten aritua ehorzketendako, horra jaun erretorak zion bezala, bere aldia jin dela. Azkenik, 18 urtetan hoin gazte izanik, heriotze zinez mingarriak ereman baitu, bere buraso Monique eta Laurent eta bi anaia Oihan eta Enaitz-en besoetatik, Leire Barreneche. Orain bere oinazetarik libratu ondoan, aingeru eta zorionaren erresuman du hitzordua. Hiru heriotze hauek penetan uzten dituzten familia eta adixkideeri, gure dolumin bizienak.

Kanbon pilotan finala Senpereko bi ekipen artean:

Amets eder batean ere ez ginuen asmatuko holako gertakari bat, haatik gauzatu da eta bizkitartean elgarren kontra arituko dira Euskal Herriko esku-huskako final handiaren kondu, Peio Azcona/Amaiur Jaureguy eta Xabi Bereterbide/Pantxo Valencia. Uztailaren 8an, arratsaldeko 5etan Kanboko pilota plazan ikusiko ditugu zoingehiagoka, titulua segurtatatua balinbada ere, behar dugu kopuru handian hurbildu gazte hauen sustengatzera.

Laida Pilota ikusgarria Larrekon:

Aski goiz jakinarazi nahi dugu Pier-Pol Berzaitzen sorkuntza berria plazaratua izanen dela Larreko gelan uztailaren 12an eta 13an arratseko 8etan, helduden astean xehetasun gehiago. Bertzalde Senpereko Ihiztarien elkarteak, urtero bezala eskaintzen du bazkari tradizionala laborari guzieri bere etxolan, uztailaren 8an, igande eguerditan ttanko.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3457. zbk

Asto batek uztar bat emaiten badauzu ez hasi zu astoari uztarka

Sokrates

Gure Hitza | 2018/07/05

Atun eta xipiroi!

Janbattitt Dirassar

Sasoina hasi da beraz. Bai, hola mintzo gira frangotan, udatiar ainitz ibiltzen den tokietan, urtean sasoin bat baizik ez balitz bezala, eta hura udakoa izanki. Sasoina hor dugu eta beti galde berak heldu dira gogorat, sasoina ona izanen denetz gisa hartako aroarekin. Gauza jakina alabainan aroak ainitz egiten duela, bestenaz ere jendeak gero eta gehiago azken puntan deliberatzen baitu noiz norat joanen den, aroa ikusiz preseski. Dena den, sasoina hor dela, hor da ere sasoinak ekartzen duen burrunba handia. Zernahi besta eta ikusgarri bazter guzietan. Kanpotiar horiek ausagailu gose baitira, ez denak alde bat hondartzan egoiten ahal iguzkitarat, artetan itsasoan mainatuz. Gisa hortako ondarea badugulakotz ausagailu eta bestetan toki ederra egiten diotegu bixtan da gure dantza eta jokoeri, bai eta gure ekoizpeneri. Hala nola Donibane Lohizunen eta Ziburun larunbatean ukanen duten Atun- Besta, ez dutena bi sosetan saltzekoa ez eta bostetan ere! Ildo beretik nolazpait Hendaian laster u...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016