Mundu zabalean | 2018ko Ekainaren 07a

Exit Whirlpool lantegia, hona WN Amiens hirian

M.L.

Joan den ostegunean hetsi zituen ateak Whirlpool lantegiak Amiens hirian (80dep). Bertan ari ziren 280 langileetatik 180ek beste enpresa batetan lana hartu dute biharamunean, baina Whirlpoolen bastiza hartan berean. WN deitzen da enpresa berria, Nicolas Decayeux izeneko enpresaburu batek muntatu duena. Whirlpoolen ari ziren 100 langileren erdiak erretreta hartu du, berrogeitsu batek 18 hilabete iraunen duen formakuntza bat abiatu, eta dozena bat bere kontu eman da. Whirlpoolek Amiens-eko unitatea hetsi du eta epe motzean horko lan tresna guziak Poloniako Lodz hirian eraikitzen bururatzen ari duen lantegian ezarriko ditu. Hango langileak Amiens-ekoak baino bost aldiz gutxiago pagatuko ditu, asteko lan denbora luzeagoa beteko dutelarik gainera. Hala ere Polonian fabrikatuko dituzten xuriketa tresnak Frantziako prezio beretan salduko dituzte. Nicolas Decayeux Amiens-eko enpresaburuak euro baten trukean eskuratu ditu Whirlpool lantegia eta honen inguruko 155.000m2 eremuak. Poloniara aldaratzen den enpresa engaiatu da WN-en hasi diren 180 langileen soldata ordaintzera bi urtez hemendik aitzina.

Libiako buruzagien ituna

Badu zazpi urte Mouammar Kadhafi Libiako buruzagia hil zela. Geroztik Libia gutxienez bi parte egin da, parte bat Faiez al- Sarraj buruzagiak kudeatzen du, eta Khalifa Haftar militarrak beste partea. Behin bi buruzagiak elkartu ziren Parisen joan den udan, baina bakoitza bere hartan egon zen. Maiatz bukaera honetan berriz bildu direlarik ordea adostu dira Libia osoan bozak antolatzeko heldu den abenduaren 10ean, deputatu eta presidente bozak egun berean alegia. Hitzeman dute bozen emaitzak errespetatuko dituztela. Bigarren bilaldi hori Parisen iragan da, Emmanuel Macron Frantziako presidentea lekuko eta bultzatzaile. Solasaldiak errazteko laguntza ekarri dute beste 20 estatu desberdinetako adituek. Azpimarratu dute bi arrangura badirela oraino bizi bizirik: besoak gurutzatuko dituzten ala gerla pindarrak haizekatuko Daesh mugimendukoek bai eta Libiako leinu desberdinetako indar armatuek.

Europar Batasunak aitzinkontu handiagoa nahi

Europar Batzordeko (Komisioko) aditu teknikoek Europar Batasunaren aitzinkontua emendatzeko xede argia plazaratu dute. Nahi dute 2021etik 2026 artinoko epean Europaren aitzinkontua %19an emendatu. Zehazki, eta jakinik Erresuma Batua ateratzen dela, gaur egun 1.033 miliar euro pisu dituen buxeta nahi dute 1.279 miliarretara hupatu. Teknikoak konbentzituak dira Erresuma Batutik Europara zetozen 14 miliar euroak ordezkatuko dituztela beste 27 estatuek, eta onartuko dutela beren faktura hupatzea Europa Batuarentzat. Horrek suposatzen du estatu bakoitzak bere partea funski emendatuko duela. Ageri baita ez direla bozen bidez hautatuak, teknikoek iragartzen dute Europaren laborantza aitzinkontua bai eta kohesio diru kutxa %5ean apalduko direla. Laburbilduz, Europarrek gehiago pagatu beharko dute zerbitzu murritzagoaren eskuratzeko Europatik.

Tabako kontsumoa beheiti

Urtea barne azkarki apaldu da Frantzian tabakoaren salmenta bai eta ere piparien kopurua. Prezioak emendatzearekin pentsa zitekeen pipariek zigarreta gutxiago erreko zutela, hori ere egia da baina agertzen da guziz milioi bat piparik utzi duela pipatzea. Eginik izan diren inkesta zehatzek erakusten dute garbi zigarretak merkeago saltzen dituzten auzo estatuetako mugetatik hurbil bizi direnetan pipari kopurua erditsuaz gorago dela. Kopuru orokorretan agertzen da piparien kopurua apaldu dela Frantzian %29,4etatik %26,9tarat. Bestalde, 2000. urtean zigarretari lotuak ziren gazteak %42 ziren, aurten kopuru hori %25eraino jaisten da.

Ihes fiskalaren izenak: Jérôme Cahuzac

Dei gorteak baieztatu du duela hiru urte lehen maileko epaileek hartua zuten epaia Jérôme Cahuzac-en ihes fiskal dozierean. Aldi honetan lau urte presondegi bildu ditu, baina bi sursiarekin. Horrela ez ditu presondegiko zeldaren beltza eta hotza biziko. Epaileek leporatu diote bere ondare deklarapenetan hiru milioi eta erdiko kapitalaren gordetzea. Auzia eta dei auziaren arteko hiru urteko epe hori baliatu du buxeteko ministro ohiak gorde kapitala osoki administrazioari itzultzeko. Bere abokatak erran du ere Cahuzac prest dela dei gorteak ezarri 300.000 euroko isunaren pagatzeko.

Ihes fiskalaren izenak: Serge Dassault (+)

Ohore handiz inguraturik ehortzia izan da joan den astean Serge Dassault, izen bereko holdinaren nagusia, 93 urtetan zendua aitzineko astelehenean. Frantziako lehen ministroa lehen lerroan zen, eta Dassault enpresan fabrikatu bi hegazkin zenduaren ohorez atera dira itzuli baten egitera airean. Bata Falcon hegazkin zibila, bestea militarra. Historiak ez du jakitera emaiten epaileak omenaldi horretara hurbildu ote diren. Epaile batek deputatu immunitatea kendu berria zion, leporatzen zion dirua ahurtaraka jendeari eman duela bere ondokoa bozetan pasarazteko. Beste epaile batek aldiz kondenatua zuen bi milioi euroko isunaren ordaintzerat, bidenabar kenduak zizkion bost urterentzat bozetan aurkezteko eskubideak. Gordeak zituelako bere ondare deklarapenean 11 milioi euro 2014an eta 16 milioi 2011n. Bere defentsarako epaileari errana zion dirutza horiek Marcel Dassault bere aita zenak ezarriak zituela Frantziatik kanpo parabisu fiskaletan, gerla bat helduko zenean baliatzeko gisan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3453. zbk

Laboraria beti aprendiz

(Betiko errana)

Gure Hitza | 2018/06/07

"Urak denak garbitzen ditu..."

Janbattitt Dirassar

Joanden aratsalde batez, baziren ortzi batzu eta ondotik gaitzeko euri uharra.

Joanden aratsalde batez, baziren ortzi batzu eta ondotik gaitzeko euri uharra. Donibane Lohizuneko plaza handi baten bazterrean, geltokitik bi urratsetan, baginauden zonbait lagun, agian laster atertuko zuela. Gure aitzinean, zernahi auto aparkatuak. Harritu gira ikusiz arras epe laburrean euriak nola zikinduak zituen auto horiek. Lohiz estaliak balire bezala. Beste orduz ere ikusi ditugu holakoak bainan ez hoinbeste zikinekin... Bainan zer da euria? Ura izan behar da. Zerutik heldu den ura... Oroit niz, aspaldiko ixtorioa da haatik, hazpandar boketa (edo bokata) egile xahar batek hauxe erraiten zuela noiz nahi: "ekar eni zikinak diren guziak, urak denak garbitzen ditu!" Egia zitakeen denbora hartan. Bainan ez orai. Urak zikintzen ahal ere du. Ura bera ere behar da beraz garbitu. Edateko ura, ibai batzuetarik bildua, ez litake edateko on ez balitz garbitegi batzutan tratatua izaiten... Gisa berean, ibai bazter horietan bai eta bixtan dena itsas hegian zonbat aldiz etzen hauxe errait...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016