Jainkoa bizia jendea | 2018ko Ekainaren 07a

Baratze zolako harria

Johanes Bordazahar

1960ko hamarkada hartan gira. Gehexan mendiko etxe xume batetako semeak hemezortzi urte, gaztetasunaren garai gordinean da. Egun, atorra berria eta ‘pat’eph’ galtzak soinean, mobiletez, lagunekin badoa, tarrantan, dancing-era. Salan, mutil guziak barraren inguruan metatuak, baso bat eskuetan. Bestaldean neska guziak lerroan. Bada kalaka, irri ta kakarazka... Erdian, gune hutsa. Itsasoa. Erdira menturatzen dena ito daiteke. Azkenean mutiko bat, aski edana, menturatu da itsasora, neskeen aldera:

- Dantza bat?

- Bai! Gogotik!

Itsasoan ez dira ito! Eta hasi da dantzaldia. Gehexan gelditu da azken bakarra! Beharrik orduan sartu baita neska eder bat. Inguruetako ederrenetarik. Dantzaldi guzian neska ez du nehori utzi. Denak jelos... Eta, geroztik, bien artekoak luze eta sendo iraun du. Presentapenak noizbait egin behar aitari eta, eguna azkenean etorri zaio:

- Zorionak! Zatozte biak baratzera! Andere gaztea, jar zaitez ene ondoan. Hi, Gehexan, hoa baratze zolara eta altxa’zak harri hura. Joan da Gehexan, harrokiro. Atorra besoak altxa eta “eup” eta “eup”, nehondik ezin harria mugi.

Aitak neskari:

- Nahi zinuke holako mutil mengel batekin ezkondu?

- Ee-ez!

Hortan neska atera da baratzetik eta Gehexanen bizitik... Mutikoa ez da etsitu. Besoak indartu beharrez hasi da harresietako harri gotor guzien altxatzen. Ikasi du harrijasotzaileena. Harria perekatzen, harriari mintzatzen, lau urratsez gibelatzen, otoitz bat egiten eta hasperen batez brauki harriari lotzen. Debaldetan! Maitemindu den bigarren neskarekin, aitak galde egin diolarik altxa dezan harri bera, gaizoak, ez du doi-doia mugitu baizik. Bigarren neskak ere ihes egin dio. Hor bai etsitu dela Gehexan. Neskekilakoa arrunt itzali zaio. “Neskek? Itxura, bai, baditek, funtsik ez!”

Halako batez, lagunek bortxaz dantza lekura eraman dutelarik, neska bakoitzari bizkar eman dio. Noiz eta ere ezezagun bat hurbildu baitzaio, irriñoa ezpainetan:

- Dantza bat?

- Uste duzu? Boof, nahi baduzu! Noizean behin ele arrunt batzu atera dizkiolarik, neskari irria jori atera zaio. Bizpahiru dantza eman dituzte elgarrekin.

- Heldu den igandean elgar ikusten gira, Gehexan?

- Boof! Zergaitik ez! Elgarrekin atera dira sei hilabetez, molde jarraikian. Bata besteaz agradatzen hasi ere. Hilabeteak pasa-ta mutikoak deus ez galdatzen.

- Nitaz baliatzen zira, Gehexan! Ez duzu asmo seriorik!

- Nahi zinuke aitari presenta zaitzadan?

- Bai eta nola! Mutikoak, ezinbertzean:

- Goazen! Beraz! Etxera heltzean Gehexanek:

- Aita! Hemen duzu ene neska laguna, Xabina!

- Ongi etorri! Xabina! Jar zaite hementxe.

- Hi! Hoa, baratze...

- Baadakiit! Mutila badoa gain behera, burua apal, zangoak herrestan, neskarekilako azken minutu triste hura ahal bezainbat urrunduz... Ukurtu eta hasi zaio harriari mintzatzen, amultsuki haztatzen. Nondik lot? Orduan du ikusi, bazterretik, itzal bat hurbiltzen eta harriaren bestaldean, parez-pare, bi beso zurail eta argal. Eskumuturrez harri zolan senditu ditu behatz xamurrak... “Eup!” Biek altxatu dute harria, ontza ttipi batez, baina... Altxatu!

Eta gain hartarik entzun da aitaren boz ozena...

- Hori, hori! Zuek biak elgarrekilako eginak zirezte!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3453. zbk

Laboraria beti aprendiz

(Betiko errana)

Gure Hitza | 2018/06/07

"Urak denak garbitzen ditu..."

Janbattitt Dirassar

Joanden aratsalde batez, baziren ortzi batzu eta ondotik gaitzeko euri uharra.

Joanden aratsalde batez, baziren ortzi batzu eta ondotik gaitzeko euri uharra. Donibane Lohizuneko plaza handi baten bazterrean, geltokitik bi urratsetan, baginauden zonbait lagun, agian laster atertuko zuela. Gure aitzinean, zernahi auto aparkatuak. Harritu gira ikusiz arras epe laburrean euriak nola zikinduak zituen auto horiek. Lohiz estaliak balire bezala. Beste orduz ere ikusi ditugu holakoak bainan ez hoinbeste zikinekin... Bainan zer da euria? Ura izan behar da. Zerutik heldu den ura... Oroit niz, aspaldiko ixtorioa da haatik, hazpandar boketa (edo bokata) egile xahar batek hauxe erraiten zuela noiz nahi: "ekar eni zikinak diren guziak, urak denak garbitzen ditu!" Egia zitakeen denbora hartan. Bainan ez orai. Urak zikintzen ahal ere du. Ura bera ere behar da beraz garbitu. Edateko ura, ibai batzuetarik bildua, ez litake edateko on ez balitz garbitegi batzutan tratatua izaiten... Gisa berean, ibai bazter horietan bai eta bixtan dena itsas hegian zonbat aldiz etzen hauxe errait...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016