Inbido | 2018ko Ekainaren 07a

Kilauea su-mendiaren larderia

Muslaria

Jauziño batez goazen egun Barea edo Pazifikoa deitzen duten itsasoaren hegoaldean nunbait kokatzen den Hawai ugarteraino. Ipar- Ameriketako Estatu Batuen kondu ekarria da, nahiz Estatu horietarik biziki urrun den. Badu orai zonbait aste noiz nahi aipatzen dela ugarte hori eta ez arrazoinik gabe bixtan dena. Han badira bospasei sumendi eta heietarik batto, Kilauea deitzen dena, itsuski iratzartua da, makur frango eginez. Egia erran, iratzartze horrek ez du nehor biziki harritu. Jazkotzat su-mendi horrek entzun-arazten zuen gaitzeko orroa, han gaindiko jendeak bazakien, eta adituek ere ba, mundu guzian gaindi, iratzartzeko heinerat heldua zela edo heltzen ari. Maiatzaren 3-an hasi da beraz laba delako hauts erakitu hartarik burrustan bota eta bota. Gaitzeko oldarrean laba hortarik ainitz joan da zeruan gora eta gero lurreratu eremu handiak estaliz. Laba frango ixuri da ere, eta beti ixurtzen ari, mendi kaskotik beheiti, bi arroila handitan barna, ikustea bera izigarri omen baita! Mila hektara segurik badira erre kixkilduak. Zonbait ehun etxe erreak, bi mila lagun bortxatuak denak utzirik beren egoitzetarik urruntzerat. Ez da lehen aldia holako zerbait gertatzen dela. 1983-an gauza bertsua izan zen. Eta makur gehiago ere 1924-an. Orotarat, bi mende barne, berrogoita-hamar bat iratzar- aldi, batzu arras arinak, beste batzu zinez bortitzak. Gauza guziz kezkagarria, beharbada kezkagarriena, hauxe da: laba itsasorat heltzen delarik eta urarekin nahasten, gaitzeko laspelkia muntatzen da eta hedatzen, haizearekin eskualde guzietarat barreatzen dena. Laspelki hori da arrunt kaltekor bai jendearentzat bai eta abereentzat, hatsa arunt tapatzen baitu, han gaindi nehor ezin gehiago egon! Joanden astean, Kilauea hasi da doi bat eztitzen, ez du arras aitzineko egunetan zuen larderia bera, bainan nehork ezin erran haatik zer gertatuko den ondoko egunetan...

Sineste xaharrak

Kilauea su-mendia ez da hain gora. Kaskoa 1246 metroko altueran dauka. Ondo-ondoan bada beste su-mendi bat, Mauna Loa, aise eta aise goragoa dena, 4700 metrotarat heltzen baita. Artetan iratzartzen da hura ere. Azkenik, bainan doi bat eztiki, 1984-an. Kilauea usuago eta bortizkiago. Aspaldiko denboretan han gaindi kokatu jendeen ondokoek badute errespetu berezi bat Kilauea horrentzat, atxikimendu bat beren sineste zaharreri lotua. Diote alabainan sumendi hori dela Pele jainkosaren egoitza sakratua. Pele hori izanki suaren jainkosa. Bai eta ortziena, ximixtena eta lur-ikarena... Kexatzen dena noiztenka eta orduan bere zangoekin lurra joiten du eta su-mendia iratzar-arazten. Iratzaraldia berak kudeatzen omen du, beti eskutan daukan makila berezi batekin. Nehork ez du behinere ikusi Pele, edozoin itxura hartzen ahal baitu naski! Frangotan neska gazte pollit baten itxura, bestean atso zahar itsusi batena! Ez da kexarazi behar Pele. Badira kantuak eta dantzak haren ohoretan egiten direnak. Haren lausengatzeko, ez dadien sobera hasarre! Zernahi kondaira ere bada zointan Pele azkarki goresten baita. Tahiti ugartetik jin omen zen noizbait eta Hawain kokatu, leku egokiagorik beste nihun etzitakeela.

Mundu guzian

Horiek hola, keinka huntan ainitz aipatzen bada ere Kilauea su-mendia, beste frango badira munduan gaindi guti aski bederen noiztenka iratzartzen direnak. Berrehun bat orotarat. Ehun bat zoineri hurbiletik behar baitzaiote kasu egin. Indonesian berean hogoi bat eta bereziki Agung mendia jaz hasia kexatzen. Hoin urrun joan gabe, hor dugu Italian Etna delakoa. Frantziako su-mendiak aldiz denak hilak dira. Itxuren arabera, ez dira gehiago iratzartuko. Oro har, jakintsunen arabera, lehengo denboretan, irrisku handiagoak ziren, biziki handiagoak. Bazen ainitz sumendi eta gehienak alde bat iratzarririk egoki... Eskualde hortarik bederen, bazterrak lasaitu dira...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3453. zbk

Laboraria beti aprendiz

(Betiko errana)

Gure Hitza | 2018/06/07

"Urak denak garbitzen ditu..."

Janbattitt Dirassar

Joanden aratsalde batez, baziren ortzi batzu eta ondotik gaitzeko euri uharra.

Joanden aratsalde batez, baziren ortzi batzu eta ondotik gaitzeko euri uharra. Donibane Lohizuneko plaza handi baten bazterrean, geltokitik bi urratsetan, baginauden zonbait lagun, agian laster atertuko zuela. Gure aitzinean, zernahi auto aparkatuak. Harritu gira ikusiz arras epe laburrean euriak nola zikinduak zituen auto horiek. Lohiz estaliak balire bezala. Beste orduz ere ikusi ditugu holakoak bainan ez hoinbeste zikinekin... Bainan zer da euria? Ura izan behar da. Zerutik heldu den ura... Oroit niz, aspaldiko ixtorioa da haatik, hazpandar boketa (edo bokata) egile xahar batek hauxe erraiten zuela noiz nahi: "ekar eni zikinak diren guziak, urak denak garbitzen ditu!" Egia zitakeen denbora hartan. Bainan ez orai. Urak zikintzen ahal ere du. Ura bera ere behar da beraz garbitu. Edateko ura, ibai batzuetarik bildua, ez litake edateko on ez balitz garbitegi batzutan tratatua izaiten... Gisa berean, ibai bazter horietan bai eta bixtan dena itsas hegian zonbat aldiz etzen hauxe errait...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016