Hegoaldean | 2018ko Ekainaren 07a

Hegoaldean

Kukai dantza konpainia Donostiako Hamabostaldian ikusiko da
Kukai%20dantza%20konpainia%20Donostiako%20Hamabostaldian%20ikusiko%20da

“La Manada” auzi-erabakiari buruzko helegitea

Duela zenbait aste iragan zen 2016ko Sanferminetako talde bortxaketari buruzko auzia. Bost akusatuek bederatzina urteko presondegi zigorra ukan zuten. Ebazpen horrek protesta handiak eragin zituen, epaileek ez dutelako gertakaria bortxaketatzat hartu, baina soilik abusutzat. Maiatzaren 28an, Nafarroako Lurralde Auzitegiak hartu erabakiaren kontra helegitea aurkeztu du Iruñeko Udalak. Bost akusatuei leporatzen zaizkien delituen kalifikazioa aldatzea galdegin du, hots, akusatuak sexu erasoengatik zigortzea eta ez sexu abusuengatik. Delituen kalifikazioa aldatzeak zigorra handitzea ekarriko luke: hemezortzina urteko kondena eskatu du udalak sexu erasoengatik. Halaber, bost erasotzaileentzat inhabilitazio osoa eta hogei urtez biktimarengandik ez hurbiltzea galdegin du. Agustin Martinez Becerra, akusatuen abokatuak aldiz, helegitea pausatu du, baina beste helburu batekin, bistan da. Honek bost erasotzaileak libratzea galdegiten du.

Euskal presoak

Foro Sozial Iraunkorrak, Sarek eta Etxeratek agerraldi bateratua egin dute ETA desagertu ondoan presoen auzia zertan den aipatzeko. Hasteko, auzi horri konponbidea aurkitu behar zaiola azpimarratu dute. Lehentasunak ere ezarri dituzte: eri handi diren presoen egoera konpontzea, hurbiltzea, gradu politika, zigorren metatzea eta espetxe saileko eskumenak euskal instituzioen esku uztea eta presondegietako zaintzaren ardura epaitegi naturaletara itzultzea. Lehentasunak ezartzeaz gain, horietara heltzeko bidea ere zedarritu dute hiru eragileek, gehiengo instituzional, politiko, sindikal eta sozialak plantan ezartzeko tenorea dela nabarmenduz. Armagabetzearen kasuan bezala, “triangulazioan oinarritutako konponbide eskema” proposatzen dute: alde batetik, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua; bertzetik, EPPK, eta hirugarrenik, gizarte zibila. Foro Sozialeko Teresa Todak eta Nazario Oleagak erran dute badakitela prozesua luzea izanen dela, eta ez dela berehalakoan keinu ikusgarririk agertuko. Biktimak ere ez dituzte ahanzten prozesu horretan. Onartzen dute hauek funtsezko garrantzia dutela eta gizarteak zor handia duela haiekin. Etxerat-eko Patrizia Belez ikusmolde horrekin ados agertu da, baina oroitarazi du presoen familiek “presa” dutela, haien sufrikarioa ez dela soilki iraganarekin lotua, baina bai orainaldiari. Sareko Joseba Azkarragak, berriz, berretsi du erantzunak “plurala” izan behar duela, eta instituzioek, eragileek eta gizarteak, denek batean indar egin behar dutela horretan.

Donostiako Musika Hamabostaldia

Abuztuaren 2tik irailaren 1era iraganen da Donostiako Musika Hamabostaldiaren 79. edizioa. Aurtengo honek duela milaka urtetik musikaren, mitologiaren eta tradizioaren artean dagoen harremana ospatuko duela adierazi du Patrick Alfaya hamabostaldiaren zuzendariak. Estreina ekitaldian Joseph Haydenen Kreazioa obraren gainean La Fura dels Baus konpainiak egin obra izanen da ikusgai. Halaber, Kukai dantza konpainiak Adio ikuskizuna aurkeztuko du, Arantzazuko santutegiko espaziora bereziki egokitua den obra. Bere errepertorioko atal garrantzitsuenetako batzuek (Oskara eta Erritu) eta berri-berriak diren beste zenbait zatik osatuko dute ikuskizuna. Kukai konpainia Iñaki Salvador, David Azurza eta Landarbaso Abesbatzarekin elkarlanean ari da lan berria prestatzen. Mitoari eta tradizioari lotua izanen da ere Jordi Savall violagambistak eta Carlos Nuñez gaita eta flauta joleak Viktoria Eugenian abuztuaren 20an emanen duten kontzertua. Aurtengo Musika Hamabostaldiak bere ikuskizun propioak ere ekoitziko ditu. Adibidez, Buenos Airesko Colon Antzokiarekin eta El Escorialeko San Lorenzo jaialdiarekin batean sortu duen Italiarra Aljerren opera taularatuko du. Azken hau Rossiniren operan oinarritua da. Bestalde, Mikel Urkiza konpositoreari obra bat galdegin dio, eta Musika Garaikidearen Zikloan estreinatua izanen da, abuztuaren 21ean. Jesus Guridiren Hamar euskal doinu obraren egokitzapen bat ere manatu dio Juan de Rubia organistari, lehen aldikoz Artzain Onaren katedralean entzun ahal izanen dena, abuztuaren 8an. Musika Hamabostaldirako sarrerak maiatzaren 31z geroztik dira salgai.

Estatutu politiko berria

Sei ehun herritarrek parte hartzen ahalko dute estatutu politiko berriari buruz ekainaren 9an Bilbon, Donostian eta Gasteizen eginen diren eztabaida foroetan. Hiri bakoitzean berrehun lagun elkartuko dira eta Legebiltzarreko Autogobernu lantaldean lantzen ari diren testuari bu ruz beren proposamenak egiteko parada izanen dute. Eusko Ikaskuntzak sustatzen duen prozesu parte-hartzaile honen helburua da herritarrek estatutu politikoaren eztabaidan esku hartzea. Foroetan zuzenki parte hartzeko ahalik ez dutenek beren iritzia helaraz dezakete Eusko Legebiltzarraren edo Eusko Ikaskuntzaren webgunearen bidez. Ekainaren 9ko jardunaldiek bortz oren iraunen dute, eta hiru bloke tematikoz osatuak izanen dira: subjektu politikoaren definizioa, elkarbizitzari eta giza eskubideei buruzko azterketa eta autogobernu demokratikoa. Azken sail horretan, estatutu politiko berriak izanen dituen eskumenak zehaztera ahaleginduko dira. Jone Berriozabal Autogobernu lantaldeko koordinatzailearen arabera, prozesu parte-hartzaileak euskal gizartearen “aniztasuna” islatzea ahalbidetuko du. Prozesuaren ondorioak txosten batean bilduko ditu Eusko Ikaskuntzak, eta Legebiltzarrari helaraziko dizkio irailaren 30a aitzin. Gero, Legebiltzarrak erabakiko du herritarren ekarpenak kontutan hartu ala ez.

Estatutu politikoaren Atariko Titulua

Aitzineko astean Estatu berriaren hitzaurrea adostu ondoan, zortzi egun berantago EAJk eta EH Bilduk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako estatutuaren Atariko Titulua onartu dute. Bortz orrialdeko agiri batean, hamahiru puntu bildu dituzte; horietako batek erabakitzeko eskubidea zehazki aipatzen du: “Euskal erakundeek gaitasuna izango dute herri galdeketak eta erreferendumak arautzeko eta kudeatzeko, beren eskumenekoak diren gai politiko eta sozialei dagokienez nahiz Euskal Herriko beste herrialde batzuekin, Espainiako Estatuarekin eta Europako eta nazioarteko beste lurralde politiko batzuekin izan nahi duen harremanaz”. Preseski, Nafarroarekiko eta Ipar Euskal Herriarekiko harremanez, testuak dio Euskal Autonomia Erkidegoak horiekin lotura politikoak eta lankidetza harremanak ezartzeko eskubidea aitortu behar duela. Testuaren arabera, estatutu politiko berriak euskal naziotasuna aitortuko die euskal herritarrei, eta aitortza horren izaera Eusko Legebiltzarrak onartu lege baten araberakoa izanen da.

Bilboko Gau Zuria

Ekainaren 15ean eta 16an ospatuko du Bilbok bere sortzearen 718. urteburua, Gau Zuria ekimenarekin. Bilbao 700 Fundazioak antolatu du eta lehen aldiz bi gauez eginen dira ospakizunak. Urtebetetzea ospatzeko ekitaldi desberdinak antolatu ditu hiriak, bertzeak bertze, argi, soinu, antzerki, musika ikuskizunak eta esperientzia sentsorialak. Horiek guziek ibilbide bat osatuko dute hirian barna eta hara hurbilduko direnek erne egon beharko dute bazter guzietara begira. Baina Gau Zuriak bertze esperientzia batzuk ere proposatuko ditu aurten: Bilbo Unibertsora bidaiatzea, Antzinako Greziako lanpadoforoak ezagutzea, argi konstelazioak behatzea eta dimentsio handiko loreak mirestea; oihartzun interaktibozko jostetak, txotxongilo erraldoiak.

Joxan Artzeren omenaldia

Usurbilgo herriak ekainaren 16rako antolatu du urtarrilaren 12an pausatu zen Joxe Antton Artze olerkari eta txalapartariaren omenaldia. Karia horretara, poesia, dantza, kantua eta musika uztartuko dituen egitaraua prestatu dute. Ekitaldia aurkeztean, Yolanda Arrieta idazleak erran du egun horretan Artzeren hitzak berpiztuko dituztela, gisa horretan pertsona ere berpiztuz. “Artze gurekin egongo da, guregan baitago oraindik”. Omenaldia goizean hasiko da, 10:30etan, “Harria hitz” bisita gidatuarekitn. Bisita horren helburua da Usurbilek euskal tradizioan izan duen lekua nabarmentzea. Eguerdian eginen dute ekitaldi nagusia, Mikel Laboa plazan. Txalaparta, poesia, dantza, kantua eta musikaren laguntzaz omenduko dute Artze. Arratsaldeko 5etan, haurrek marrazkiak eginen dituzte Olanoneko anfiteatroan, txalaparta entzutean zer sentitzen duten adieraziz, eta gero, ipuin kontaketa izanen da. Arratsaldeko 6:30etan, Artzeren lanaren aitortza eginen dute Dema plazan, poesia eta txalaparta uztartuz. Azkenik, arratseko 10:30etan, Artzeren lanean oinarritua den ikuskizuna izanen da frontoian.

Altsasuko gazteen auzia

Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Sekzioak 2 eta 13 urte arteko zigorra ezarri die Altsasuko gazteei, 2015eko urriaren 15eko kalapitengatik. Azkenean, auzitegiak ez du terrorismo seinalerik ikusi gertakarietan, baina hala ere, zigor handiak ezarri dizkie akusatuei. Oroitaraz dezagun fiskalak 12 eta 62 urte arteko zigorrak galdeginak zituela. Hona zein izan den akusatu bakoitzaren kondena: Oihan Arnaz eta Iñaki Abad: 13 urte; Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda: 12 urte; Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizola: 9 urte; Ainara Urkijo: 2 urte. Defentsak helegitea pausatuko du Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoaren aitzinean.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3453. zbk

Laboraria beti aprendiz

(Betiko errana)

Gure Hitza | 2018/06/07

"Urak denak garbitzen ditu..."

Janbattitt Dirassar

Joanden aratsalde batez, baziren ortzi batzu eta ondotik gaitzeko euri uharra.

Joanden aratsalde batez, baziren ortzi batzu eta ondotik gaitzeko euri uharra. Donibane Lohizuneko plaza handi baten bazterrean, geltokitik bi urratsetan, baginauden zonbait lagun, agian laster atertuko zuela. Gure aitzinean, zernahi auto aparkatuak. Harritu gira ikusiz arras epe laburrean euriak nola zikinduak zituen auto horiek. Lohiz estaliak balire bezala. Beste orduz ere ikusi ditugu holakoak bainan ez hoinbeste zikinekin... Bainan zer da euria? Ura izan behar da. Zerutik heldu den ura... Oroit niz, aspaldiko ixtorioa da haatik, hazpandar boketa (edo bokata) egile xahar batek hauxe erraiten zuela noiz nahi: "ekar eni zikinak diren guziak, urak denak garbitzen ditu!" Egia zitakeen denbora hartan. Bainan ez orai. Urak zikintzen ahal ere du. Ura bera ere behar da beraz garbitu. Edateko ura, ibai batzuetarik bildua, ez litake edateko on ez balitz garbitegi batzutan tratatua izaiten... Gisa berean, ibai bazter horietan bai eta bixtan dena itsas hegian zonbat aldiz etzen hauxe errait...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016