Egun eta bihar | 2018ko Ekainaren 07a

Egun eta Bihar

J-B D

Lanez itoak (beretik)

Joanden astean, sail huntan berean aipatzen gintuen minixtroen laguntzaile hurbilak diren batzuk badituztela, zonbaitek segurik, arrangura handiak, arrunt lanez itoak, goizean goizik jadanik lanean, aratsetan berant arte berdin, pausaldiak labur eta noiz nahi ba erasiak! Edouard Philippe gobernuburua berriz ere mintzatu da hortaz eta ez da ukatu ainitz galdetua zaiotela, gau eta egun kasik, minixtroen sahetseko laguneri. Hainbestenarekin, hara nun deputatu asko ere arrangura diren, arrazoin bertsuaren gatik. Legebiltzarrean biziki bilkura luzeak izanki, gauaz ere frangotan, gauerdi arte berdin, artetan berantago ere, berrikitan goizeko bostak arte! Bainan zergatik hori? Uda aitzin badela zernahi erabaki hartzeko, ez direnak gero hartzeko uzten ahal, behar dela beraz ernatu, tenoreari sobera kasu egin gabe. Hots, alferkeriari aise emanak litazkeen deputatuentzat ez dela tokirik legebiltzarrean! Bainan ez ote da halere ba izariño bat? Legebiltzarra bezalako egitura batean ez dea ordutegi sano bat izaiten ahal, oren ainitz sarturik ere, goizetik arats, aratsetan bederen hein batean gelditzeko? Ala zer daukute sinetsarazi nahi Emmanuel Macron jaun presidentaren denboran deputatuek behar dutela alde bat lanean arizan, gure onetan ari direla eta Frantziaren onetan bixtan da? Eta gu aski eñulak izan behar holako gauza baten sinesteko? Zer dira zozokeria horiek?

Nork nahi ditu bi oilo?

Gure ingurumenaz behar dugula gero eta gehiago axolatu, zikin gutiago metatu, ondarkin gutiago botatu, gisa hortako deiak noiz nahi entzuten dira eta arrazoinekin dira zabalduak. Horiek hola, sail hortan ere badira arrunt uste-gabekoak. Lyoneko aldean den Trévoux hirixkan (7000 biztanle ditu, ez arras) huna auzapezak nolako erabakia hartua duen: galdea eginen duten jende guzieri bi oilo emanen ditu, ez ondoko igandean jan ditzaten, bainan haz ditzaten, zernahi ondarkin xehe janen dutela, gisa hortan janen dutena gutiago izanen dela gero zikin-untzian ezartzeko. Hala nola, lur sagar axalak bai eta baratzeki askori kentzen diren purruska frango... Berrogoi familia ba omen dira berehala baia emana dutenak. Beste frangok ere baia emanen zuten bainan ez dute denek ba bi oiloren atxikitzeko tokirik. Ez baitituzu untsalaz segurik bi oilo zure lo-gelan edo mainu- gelan atxikitzen ahal, ez eta sukaldean ere... Kanpo poxi bat behar da...

Jende xaharrak gogoan

Banabeste batean, jendeak lehen baino gehiago xahartzen dira eta berantago joaiten ere xahar- etxetarat. Azken hilabete horietan, xaharetxe horietan preseski agertu da arrangura ainitz eta ainitz. Grebak ere izan dira. Bazterrak kexu ikusiz ez dela behar-orduen araberako indarrik egiten. Gobernuak erabaki du sail berezi baten akulatzea gauzak hobeki joan diten... Langile gehiago, gauazko zerbitzuen arramoldaketa, arta berezi gehiago arrunt ezinduak direnentzat, bada aitzinamendu batzuen mentura. Erabaki eskasegiak halere ainitzen gustuko bainan preziatu behar direnak halere... Hitzemanak oro segurtatzekotan hein batean eta ez gatuak arroltze egiten hasiko direlarik...

Ortzi itsusiak

Holakoa da aurtengo udaberria! Ortziak ba usu eta ortzi bortitzak! Harria ere ukan dute asko tokitan! Ondorioz, makur handiak. Ortzi, euri, haize, aspaldian etzen maiatza hoin hitsa izana! Ez eta ekaineko lehen astea... Hogoi bat urte naski... Bide frango fundituak. Mahastiak ere ba, 7000 hektara Bordeleko alde hortan berean! Eremu gaitzak ere Champagne eskualdean... Urak ateraturik ere kalte pizkorrak eskuin eta ezker, hala nola Bretainiako eskualde batean eta bereziki Morlaix hirian!

Izen berri bat

Eskuinburuko FN alderdian bozkatze bat ukan dute beren artean. Gehiengo nasai batek baia emanik (%81) erabaki dute alderdiaren izena kanbiatzea. Ez da gehiago Front National. Da Rassemblement National. Herritaren biltzarra nolazpait...Bainan zer kanbiatuko du horrek denen buru? Izena aldaturik ere otsoa ez dea beti otso eta axeria beti axeri?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3453. zbk

Laboraria beti aprendiz

(Betiko errana)

Gure Hitza | 2018/06/07

"Urak denak garbitzen ditu..."

Janbattitt Dirassar

Joanden aratsalde batez, baziren ortzi batzu eta ondotik gaitzeko euri uharra.

Joanden aratsalde batez, baziren ortzi batzu eta ondotik gaitzeko euri uharra. Donibane Lohizuneko plaza handi baten bazterrean, geltokitik bi urratsetan, baginauden zonbait lagun, agian laster atertuko zuela. Gure aitzinean, zernahi auto aparkatuak. Harritu gira ikusiz arras epe laburrean euriak nola zikinduak zituen auto horiek. Lohiz estaliak balire bezala. Beste orduz ere ikusi ditugu holakoak bainan ez hoinbeste zikinekin... Bainan zer da euria? Ura izan behar da. Zerutik heldu den ura... Oroit niz, aspaldiko ixtorioa da haatik, hazpandar boketa (edo bokata) egile xahar batek hauxe erraiten zuela noiz nahi: "ekar eni zikinak diren guziak, urak denak garbitzen ditu!" Egia zitakeen denbora hartan. Bainan ez orai. Urak zikintzen ahal ere du. Ura bera ere behar da beraz garbitu. Edateko ura, ibai batzuetarik bildua, ez litake edateko on ez balitz garbitegi batzutan tratatua izaiten... Gisa berean, ibai bazter horietan bai eta bixtan dena itsas hegian zonbat aldiz etzen hauxe errait...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016