Herriz Herri - Senpere (L) | 2018ko Ekainaren 07a

Senpere

Kermeza igandean Inharrian:

Joanden urteko leku berean iraganen da gure parropiako besta handi hau, Ibarrun Inharrian. Artxeroak taldeak animatuko du bazkaria, hunek menu bikaina dauka: sarreran Senpereko entsalada, ondotik mihia saltsa bizian edo Senpereko axoa, gasna eta etxeko pastiza eta bururatzeko kafea ta patxarana, arnoa barne. Euskoz ordaintzen ahalko den bazkaria 20€ helduentzat, 8€ haurrendako eta 8€ ere etxerat eramaiteko plateroa. Betiko errotaren jokoa, xingar- azpiaren pisatzea eta tonbolaren zozketa proposatuak izanen zauzkigu. Memento goxo baten pasatzeko parada eskainia zauku. Antolatzaileak, San Josepe eskola eta Arretxea kolegioa ditugu, hauek ere bertze eskolen arabera, diru laguntza beharretan baitira.

Dolu:

Aitzineko astelehen arratsaldean bildu da jendalde pollita Paxkalin Aranaren ehorzketetako mezan, zazpi apez zirela zeremonia kartsu eta kantatuaren kudeatzaile. Sortzez Doyhenard, 97 urteren buruan pausatu da etxean, bere alaba Marie-Hélène eta hunen familiaren ondoan. Fede handiko emaztea, 70 urte hauetan alargun egonik, bizitza guzia pasatu du bertzen zerbitzari bai bere lanean baita handik kanpo elizako urratsetan, erien bisitatzen eta bertze. Nork ez zuen ezagutzen “Aranategia” kinkailsaltegia bere senarra Paxkalen izenetik sortua? Penetan gelditzen diren Marie-Hélène alaba ta Henri Duhau suhia, Paxkal semebitxia ta Stéphanie bizilaguna, Ainara eta Joanes bilobak, familia hunen ahaide ta laguneri, astekari hunen izenean gure dolumin bizienak.

Ziklisten eskulturak ebatsi ta agertu:

Hauxe da ba ixtorio gazigozoa gertatu dena maiatzeko azken asteburuan. Laurentxo Dolosorren eskuz eginiko lau txirrindulariren egurrezko eskulturak, eraikiak izan dira Herriko-Etxeko enplegatuen laguntzarekin, Olhako biribilgunean, ortzirale arratsaldean. Haatik larunbat goizeko desagertuak ziren, konpreni errexa zonbaiten hasarrea eta partikulazki Laurentxorena. Halere uste ezinean, mirakuilu baten pare, horra nun berriz agertu diren Ezpeleta erdiko biribilgunean astelehen goizean, denen atsegina betez. Iduriz, berriz bazterrak zoriondu dira, beren hastapeneko lekua hartu dutelakotz. Hipotesia guziak erabilirik, nola ez pentsa jukutria edo arrailleriazko ekitaldi bat zenik? Halere 48 oren pasa behar izan dituzte Senpere ta Ezpeletako etapa aipagarriaren egiteko, ez ote dira bidez tronpatu?

Dantzaldia larunbatean Larrekon:

Baleta moduan, erran nahi baita dantza eta musikarekin, arratseko 8ak eterditan, ikustaldi eder bat emana izanen zauku Larreko kultur gunean. Amerikar dantzari baten ametsa gauzatzen da, betidanik nahi baitzuen deskubritu Parisen den gauazko bizia. Jennifer Cala Valdes-ek idatzia, taularatua du “L’Envol de Minuit” eta ekitaldiaren antolatzaile da denbora berean. Ikusgarri bikaina aurkeztua izanen zauku denen atseginarentzat. Sarrerak 12€ eta 5€ 12 urtezpekoek lekuan bertan, xehetasunak 0782359533.

“Country” festibala asteburuan Aintziran:

Hirugarren aldikotz iraganen da amerikar dantza eta musika ekitaldi hau, oihalezko aterpean, Aintzira erdiko aparkalekuan. Antolaketan aurkitzen dira Senpereko Urdanka eta Baionako Hor Egon bai eta aurtengo edizioarendako Hazparneko Haritz’Ona. Larunbatean hasiera goizeko 10etan gaueko oren bata artean, aldiz igandean goizeko 10etatik arratseko 8ak arte. Garai bateko “Cow-Boy” delakoen musika eta dantza folklorikoez gozatzeko aukera ezin hobea. Sarrerak urririk dira, bertzalde auto amerikano eta “bikers” moto berezien erakusketa aurkeztua izanen da.

Tinda eta margo lehiaketa, Ortzadarra elkarteak antolaturik, iraganen da igande egun osoan Zarika parkean, euria balitz Larreko kultur gunean erretira. Betzalde, Senpereko Ihiztarien elkarteak antolatzen du urteko Biltzar Nagusia bere ttattolan, goizeko 10etan. Ohar bat haatik, jakinarazia da ihiziko karten salketa ez dela gehiago iraganen Claude Sabarots-en ile-apaindegian, hunek erretreta ongi merezitua hartua baitu.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3453. zbk

Laboraria beti aprendiz

(Betiko errana)

Gure Hitza | 2018/06/07

"Urak denak garbitzen ditu..."

Janbattitt Dirassar

Joanden aratsalde batez, baziren ortzi batzu eta ondotik gaitzeko euri uharra.

Joanden aratsalde batez, baziren ortzi batzu eta ondotik gaitzeko euri uharra. Donibane Lohizuneko plaza handi baten bazterrean, geltokitik bi urratsetan, baginauden zonbait lagun, agian laster atertuko zuela. Gure aitzinean, zernahi auto aparkatuak. Harritu gira ikusiz arras epe laburrean euriak nola zikinduak zituen auto horiek. Lohiz estaliak balire bezala. Beste orduz ere ikusi ditugu holakoak bainan ez hoinbeste zikinekin... Bainan zer da euria? Ura izan behar da. Zerutik heldu den ura... Oroit niz, aspaldiko ixtorioa da haatik, hazpandar boketa (edo bokata) egile xahar batek hauxe erraiten zuela noiz nahi: "ekar eni zikinak diren guziak, urak denak garbitzen ditu!" Egia zitakeen denbora hartan. Bainan ez orai. Urak zikintzen ahal ere du. Ura bera ere behar da beraz garbitu. Edateko ura, ibai batzuetarik bildua, ez litake edateko on ez balitz garbitegi batzutan tratatua izaiten... Gisa berean, ibai bazter horietan bai eta bixtan dena itsas hegian zonbat aldiz etzen hauxe errait...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016