Azalekoa | 2018ko Ekainaren 07a

Zeru gorenean !

P.J.

Zeru%20gorenean%20!

“Goizetik gozatzen den gertakari bat da pastorala” du frangotan errepikatzen Allande Socarros xiberotarrak.

“Goizetik gozatzen den gertakari bat da pastorala” du frangotan errepikatzen Allande Socarros xiberotarrak. Guk segurik hala egin dugu joan den igandean. Hiriburuko eliza tanpez bete da, Jean-René Prédaigne apezak kudeatu duen mezarako. Egia da eliza aski ttipia dela eta “Andere Serora Hiriburun” pastoraleko aktoreek berek frangotto betetzen zutela, artzain xakurra ere haien zangopean, umil, bertze hainbertze jende bazagolarik ere kanpoan, munttoki atxikia den Andereserorainearen sahetsean. Aurreskua dantzatu da aldare aitzinean, hunkigarriki. Jose Mari Iparragirreren “Ez bedi galdu euskera” kantu ederra ere eman da, erdaldunduak diren Hiriburutar eta gaineratekoak euskal mintzairara itzul diten gomitatuz. Elizatik ateratzean, bero egiten zuen, doi bat sapa, zerua arin. Hortik abiatu da aktoreen desfile koloretsua plaza berrirat buruz, Hiriburuko gaubeilak loratzen dituen Hiruburu herensugea gidari.

Pastoral zoragarria

Bazkal ondoan, jendea goizik da karpa pean jarri, xoko moko guziak mukuru betetzeraino, 2.500 jarleku segurik bazirela aterbean apailatuak. Berantiarrek zutik egon behar, salbu Baionako suprefetak, hunek nahiko berant jinik ere bazaukala kadera bat lehen lerroan. Jende handien fagorea! Ordukotzat zerua ari zen kraskatzen, ihurtzuri eta ximixta, euri uhar larri batek ere zituela bazterrak ixtant batez inarrosten. Artetik aktoreak taulagainera iganak ziren. Eta lau orenez pastoral zoragarria daukute eskaini. Hastapen hartan ematen zuen jokoa doi bat motel zoala, bainan jeikaldietan aitzinatu arau, Pantxika Urruty errejentsaren manupean, jokoa bizituz joan da, airostuz ere, umorea nasaiki zitzaikula eskainia. Testu zinez bikaina dute moldatua pastoralaren bi idazleek, Guillaume Irigoyen eta Patxi Iriartek, Hiribururen zortzi mendeko historia kurrituz. Kantuak ere biziki pollitak dira, gutiz gehienak Guillaume Irigoyenek idatziak, azkena aldiz Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta boz planttako kantariak, eta guzien doinuak Sophie Larrandaburuk ezagutzen diogun talenduarekin moldatuak. Dantzak ere zinez atseginak aurkitu ditugu. Eta jantzi horiek! Maialen Hiribarren dendarien kudeatzaileak buruhauste frango ukan dituzke hainbeste beztimen desberdinen moldarazten edo ahal zen tokitik alokatzen. Fruitua agertu da igandean, begientzat murtxagarria.

Txalo zaparrada

Azken kantua eman orduko publiko guzia zutitu da, jokolariak loriozko eskuzarta luzez eskertzeko eskaini daukuten ikusgarri miresgarriarentzat. Alain Iriartek, bere aldetik, partehartzaile eta laguntzaile guziak hunkituki eskertu ditu, denak pozik zaudela desafio horri ezin hobeki buru eginik. Eta, Xiberoan usaian egiten den inkanterik ez baitzen Hiriburun, halere heldu den udan Maulen “Belako zaldüna” pastorala emanen dutenak gomitatuak izan dira eszena gainera dantza jauzien emaitera. Pastorala ez da soilik Xiberotarren ondarea, Lapurtarrak ere ari dira orai aspaldiko ohidura horren berreskuratzen, denen atseginerako, batzuk eta bertzek elgarren arteko zubiak eraikiz. Oroit “Andere Serora Hiriburun” pastoralaren bigarren emanaldi bat izanen dela, irailaren 6an. Ez zaio nehori dolutuko!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3453. zbk

Laboraria beti aprendiz

(Betiko errana)

Gure Hitza | 2018/06/07

"Urak denak garbitzen ditu..."

Janbattitt Dirassar

Joanden aratsalde batez, baziren ortzi batzu eta ondotik gaitzeko euri uharra.

Joanden aratsalde batez, baziren ortzi batzu eta ondotik gaitzeko euri uharra. Donibane Lohizuneko plaza handi baten bazterrean, geltokitik bi urratsetan, baginauden zonbait lagun, agian laster atertuko zuela. Gure aitzinean, zernahi auto aparkatuak. Harritu gira ikusiz arras epe laburrean euriak nola zikinduak zituen auto horiek. Lohiz estaliak balire bezala. Beste orduz ere ikusi ditugu holakoak bainan ez hoinbeste zikinekin... Bainan zer da euria? Ura izan behar da. Zerutik heldu den ura... Oroit niz, aspaldiko ixtorioa da haatik, hazpandar boketa (edo bokata) egile xahar batek hauxe erraiten zuela noiz nahi: "ekar eni zikinak diren guziak, urak denak garbitzen ditu!" Egia zitakeen denbora hartan. Bainan ez orai. Urak zikintzen ahal ere du. Ura bera ere behar da beraz garbitu. Edateko ura, ibai batzuetarik bildua, ez litake edateko on ez balitz garbitegi batzutan tratatua izaiten... Gisa berean, ibai bazter horietan bai eta bixtan dena itsas hegian zonbat aldiz etzen hauxe errait...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016