Inbido | 2018ko Maiatzaren 10a

Jauziño bat Araba hegoaldeko puntaraino I- Biasteri ala Guardia?

Muslaria

Berrikitan, Ziburuko besta-komiteak antolaturik gisa hortako ateraldia, berrogoi bat lagun izanak gira Araba probintziako hegoaldean, eskualde hortako punta-puntan, Ebro ibaiaren bazterreko herrietan. Iparraldean bizi girenek ez ditugu aski ezagutzen toki horiek, alta balio du itzuliño baten egitea han gaindi. Egia erran, ez da sobera presatua izan behar, bi oren eta erdi segurik behar dira alabainan autoz edo autobusez harat heltzeko. Eta oraino gaurko egunean badirelarik lehen ez bezalako errextasunak. Bide guzia burutik buru egin ditake autobidez. Artetik erraiteko, harrigarri da nolako obrak eginak dituzten Donostiatik Gasteizerat joaiteko, xuxenean nolazpait, tunel luze batzuekin, Bizkaian batere sartu gabe. Ebro ibaiaren hegiko lurralde hori deitzen da Errioxa arabarra eta hamabost herri badauzka. Errioxan gira, ez haatik izen hortako probintzian, bainan ba oraino Euskal- Herrian. Toki arraroak dira hor gaindi. Herri gehienak kasko batean, handik ba biziki bixta ederra. Hurbilean, gaitzeko eremu zabalak, dena mahasti. Urrunago mendi goraxko batzu, dena larre eta peña! Españolez Laguardia deitzen den herria behar ginuen bisitatu. Ez da oraikoa segur! Erdi-Aroan eraikia, Nafarroako errege baten manuz, denbora heietan eskualde hori ere Nafarroako egiten baitzen. Lehenik, hamargarren mendean, xutik ezarri zen jauregi bat, eskualde horren gerizatzeko – edo "guardiatzeko" – Gaztelako erregeak ere nahi baitzuen beretu. Geroxago hamabigarren mendean, herrixka bat sortu zen jauregiaren inguruan, harresiz ingurutua izan zena... Herria Laguardia deitzen dela españolez hori argi eta garbi dago bainan nola deitzen da euskaraz? Hortaz izanak dira -artetan badira naski oraino ereeztabada batzu...

Denboraren buruan

Laguardia hori luzaz eta luzaz euskaraz deitu dugu Biasteri. Ez hain aspaldi oraino, izen hori zen agertzen mapa eta dokumentu ainitzetan. Nihaurek ere hori beti hola ikusi dut bai eta hola ikasi. Gauzak iragan mende ondarrean dira kanbiatu, ikerketa batzuen argitarat. Ikerle batzu oharturik Biasteri izen hori eskualde bereko auzoalde ttipitto batena zela, Laguardiarentzat euskarazko izen egiazkoa izanki izaitekotz Guardia, hots españoletik heldu den izen bat, español izenari bi lehen hizkiak kenduz muntatua... Delako ikerketak fidagarriak direla- eta, Biasteri izena baztertua izan da beraz eta Guardia izena da orai nagusi, noiztenka Biasteri ere aitzina agertzen balinbada ere. Han berean, elebidunak diren idazki batzutan, harrian ez hain aspaldi grabatu batzuetan ere, Guardia da orai agertzen. Euskaltzaindiak ere, ikerketa beren argitarat, Biasteri baztertua du eta Guardia dauka izen xuxena. Interneten plazaratua baitauka euskal leku-izenen zerrenda luze bat, hor ere aldaketa egina izan da, Biasteri kendua dute, Guardia da bakarrik ageri... Hots, joanden egunean ez ginen Biasterin bainan ba Guardian beraz, nihauri Biasteri izen hori arras gustatzen bazaut ere... Herri pollita da Guardia. Hein bat gora, ez idurika. 630 metroko goratasun edo altueran. Ez handia, 1500 biztanle nunbait han. Errioxa arabarraren hirinagusi ekartzen dutena halere. Karrika hertxiak dira, etxe gehienak xaharrak bainan ederrak eta untsa atxikiak...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3449. zbk

Segurrena da deusetaz ez segur izaitea

Voltaire

Gure Hitza | 2018/05/10

Horra beraz lau zubi

Janbattitt Dirassar

Maiatza, eta aurten bereziki, alferren hilabetea ote da? Norbaiti hori entzun diot.

Maiatza, eta aurten bereziki, alferren hilabetea ote da? Norbaiti hori entzun diot. Gure gizona hola mintzo zen hiru aste barne lau bestaburu berezi badirelakotz, lau horietarik bihi bat ez igandearekin, batzuen atsegingarri, beste batzuen nardagarri eta beste frango arrunt futitzen orobat, jiten dena jin goazen aitzina! Egia da hor ditugula bat bestearen ondotik, biga ja iraganak eta beste biak ere hor berean, maiatzaren lehena, lanaren besta, edo(eta) langileena ere, maiatzaren 8-a, 40-ko gerla Europan segurik gelditu zen egunaren oroigarri, Salbatore, maiatzaren 10-ean, eta Mendekoste biharamuna, maiatzaren 21-ean. Lau bestaburu beraz eta ondorioz lau zubi izaiten ahal, gisa hartarat apailatuz. Lana aise uzten ahal nagusiari pollikiño galdetuz geroz! Aste huntan konparazione, hiru egun hartuz, astelehena, asteazkena eta ortziralea, bederatzi egun segidan ukaiten ahal dira lanerat joaiterik gabe! Hola muntatzen dira zubiak, hitz hori azkarki sartua-eta gisa hortako kasuan zer gertat...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016