Egun eta bihar | 2018ko Maiatzaren 10a

Zalaparta itsusiak | "Beltzak" | Berriz ere hautagai | Eta orai? | Urte bat

J-B D

Zalaparta itsusiak

Aurten, maiatzaren lehena arrunt nahasia eta minbera izan da Parisen. Bestalde berrehun bat manifestaldi izan delarik Frantzia guzian gaindi, oro har arras jendetsuak izan direnak eta tirabira handirik gabe iragan direnak. Denetan, sindikatek entzun-arazi dituzte beren aldarrikapenak. Ez denek elgarrekin haatik, bakoitxa bere alde eta bere eskualde, nahiz dei batzu zabalduak izanak denek bat egiteko gisan... Parisen da afera gaixtatu eta izan dira zalaparta itsusiak. Ondorioz, maiatzaren leheneko gora-beherak aipatzearekin eskuin eta ezker, alde bat Pariseko nahasmendu horieri eman zaiote gaitzeko lehentasuna. Ez baita harritzeko ere funtsean bainan burrunba horrek estali baititu nahitez egun hortako beste harat-hunatak. Bainan zer gertatu da beraz Parisen? Zonbait ehun lagun, milako bat ere berdin, gehienak gazteak, iduriz segurik, denek aurpegia gordea zutela, sartu baitira manifestaldirat, polizari oldartu eta zernahi makur egin, beren menean zituzten muntadura frango xehatuz, saltegi, lantegi eta gaineratiko! Saltsa gaitza izan da oren pare batez segurik! Lau lagun kolpatuak izan dira.

"Beltzak"

Bainan nor ziren gisa hortan bazter guzien nahasterat atrebitu diren horiek? Berek diote "beltzak" direla, "black blocs" izena erabiltzen dute alabainan. Beltzak ez batere larru beltza dutelakotz bainan beti beltzez jantziak agertzen baitira beren lan tzarren egiterat. Iraultza gose diren batzu omen, arrunt ezkerburukoak, zinez errabiatuak. Polizak jakina zuen, berria zabaldua ere gainerat, "beltz" horietarik zonbait ehun jitekoak zirela beren gisako balentria zerbaiten egiterat. Bainan nola utzi dituzte beraz denak elgarrekin plantatzerat eta hoinbeste makurren egiterat? Hortaz badira eztabada samurrak. Eskuin eta ezker ainitzek salatzen dute gobernuaren larderia eskasa. Lekuko batzuen arabera, eta polizak gauza bera dio, "beltz" horiek biziki abilki jokatu ditazke. Denak jin dira zaku handi bat bizkarrean. Manifestaldirat hurbiltzearekin, edo heltzearekin berdin, azken puntan beraz, zakutik atera dituzte beren jauntzi beltzak eta denak xehatu beharrez artzeko muntadurak. Hola dute poliza enganatu. Eta poliza etzaiote berehala mendekatu manifestaldian parte hartzen zuten beste guziak ere han berean baitziren eta etzadien jendetan bederen makurrik izan, edo ahal bezen guti... Baditake hori ere bixtan da bainan gertatu dena untsa gogoetagarri dago halere, ainitzentzat ezin konprenitua da "beltz" asaldatu horiek nola ez dituzten lehenago setiatu eta menperatu... Denen buru berrehun bat atxilotuak izan badira ere. Dena den, gerokoaren gatik ere untsa egun hitsa izan da Pariseko hori ezen "beltz" buru bero horiek ondoko egunetan ere, han edo hemen, nahiko dute gisa berean jokatu...

Berriz ere hautagai

Jean Lassalle deputatu biarnesa hautagai izan zen jazko presidentbozetan. Biziki gustatzen zaio hautagai agertzea eta joanden astean jakin-arazi du zerrenda bat muntatuko duela helduden urtean beharrak diren Europa-maileko hauteskundeak jitearekin. Oroitarazi du, eta azpimarratu ere, arrunt Europa batuaren aldekoa dela bainan ezin onetsia daukala Europa horren joka-bidea.

Eta orai?

Air-France etxe famatuan badute aspaldixkoan jos ahala urratu! Langileak arrangura, irabazien goratzeño bat berantetsia... Greban ere jartzen gutien ustean. Jean-Marc Janaillac zuzendari nagusiak proposamen batzu egin daizkiote, orai arte egiten zituenak baino hobeak iduriz bainan ainitzen gustuko eskasegiak halere. Proposamen horiek egitean, erran diote ez bazituzten onartzen bere kargua utziko zuela. Nehork etzuelarik hortarat bortxatzen ez eta pusatzen ere! Segur bezala ote zen delako proposamenak onartuko zituztela? Dena den, bozketa bat izan da eta eza nagusitu, bozen %55-ekin. Erran bezala; zuzendariak kargua utzi du. Eta orai, nork hartuko ote du segida eta zeri buruz azkenean?

Urte bat

Denbora nola badoan bestenaz! Zonbait egun eskas, badu jadanik urte bat Emmanuel Macron bere errege tronuan jarria dela! Xo, eta barkatu, ez da gehiago erregerik Frantzian, president tronuan jarria dela idatzi behar dut beraz... Eta urtebetetze horren ohoretan jadanik besta gaitza egina diote Parisen. Trufa musika ainitzekin haatik. Kontra dituen ezkertiar "intsumituak" dira bildu alabainan, besta giro batean segur bainan oihuka salatuz arrunt txarra dela Macrontiarren politika... Bazen mundu bat bainan gaurko egunean nehork ez baitaki untsa kondatzen, 40.000 ziren polizaren gustuko, 160.000 aldiz, lau aldiz gehiago, antolatzaileen arabera... Oro har, denak frango untsa joan dira, ondarrerat zonbait gataska goiti-beheiti. Eta hilabete hunen 26- an, larunbatarekin, berriz ere besta izanen omen da, eta beti Macronen ohoretan! Hoinbeste besta merexi baitu gizon horrek?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3449. zbk

Segurrena da deusetaz ez segur izaitea

Voltaire

Gure Hitza | 2018/05/10

Horra beraz lau zubi

Janbattitt Dirassar

Maiatza, eta aurten bereziki, alferren hilabetea ote da? Norbaiti hori entzun diot.

Maiatza, eta aurten bereziki, alferren hilabetea ote da? Norbaiti hori entzun diot. Gure gizona hola mintzo zen hiru aste barne lau bestaburu berezi badirelakotz, lau horietarik bihi bat ez igandearekin, batzuen atsegingarri, beste batzuen nardagarri eta beste frango arrunt futitzen orobat, jiten dena jin goazen aitzina! Egia da hor ditugula bat bestearen ondotik, biga ja iraganak eta beste biak ere hor berean, maiatzaren lehena, lanaren besta, edo(eta) langileena ere, maiatzaren 8-a, 40-ko gerla Europan segurik gelditu zen egunaren oroigarri, Salbatore, maiatzaren 10-ean, eta Mendekoste biharamuna, maiatzaren 21-ean. Lau bestaburu beraz eta ondorioz lau zubi izaiten ahal, gisa hartarat apailatuz. Lana aise uzten ahal nagusiari pollikiño galdetuz geroz! Aste huntan konparazione, hiru egun hartuz, astelehena, asteazkena eta ortziralea, bederatzi egun segidan ukaiten ahal dira lanerat joaiterik gabe! Hola muntatzen dira zubiak, hitz hori azkarki sartua-eta gisa hortako kasuan zer gertat...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016