Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2018ko Maiatzaren 10a

Amikuze

Xabi Molia Donapaleun maiatzaren 10ean!

Xabi Molia, Baionarra sortzez, idazle eta filmegile ezaguna da. Duela zonbait urte, besteak beste, “Le sanctuaire” filmaren testua idatzi zuen, 1984 eta 1986 artean, frantses eta español gobernuek izan zituzten negoziaketak ETArekin xeheki aztertuz. Bere azken filma “Comme des rois” pasatuko da helduden ostegunean (maiatzaren 10ean) Donapaleuko zinema gelan arratseko 9 orenetan eta Xabi Molia bera hor izanen da filmaren ondotik bere obra presentatzeko eta galdereri erantzuteko. Film hunek kondatzen du nekezian den familia baten historia hala nola aita batek bere semea trebarazten duen jukutriazko enpresa batean. Film horrek biziki kritika onak eskuratu ditu eta pentsatzen ahal da jende ainitz bilduko dela ostegun arratsean Donapaleuko St Louis zinema gelan.

Amikuzeko eta Zangotzako musika eskolen arteko trukaketa

Juan den apirilaren hastapenean (6an eta 7an), Amikuze eta Zangotzako musika eskolek trukaketa bat egin dute Donapaleun. Serge Labescau, Amikuzeko musika eskolako zuzendaria izan da asteburu hunen gidaria. Ostiral arratsean hasi da kontzertu batekin Izurako elizan. Biharamunean, aktibitate desberdin batzuekin segitu da Donapaleun baina denbora txarrak bisita zonbait trabatu ditu. Hala ere, trukaketa hori ongi bukatu da kontzertu haundi batekin Donapaleuko zinema gelan ibiakoitz arratsean. Hor entzun ahal izan dira Trikitika, Donapaleuko orkestra, Sangotzako Big Bang Jazz eta Musika eskolako ikasleak. Donapaleu eta Zangotzaren arteko harremanak moda berezi batean garatu dira musikari esker.

Aiziritzeko Denena elkartearen biltzar nagusia

Elkarte hunek 150 kide biltzen ditu eta aktibitate ainitz proposatzen ditu bere kideeri (ibilaldi, gimnastika, kantua, petanka…). Bere biltzar nagusia berrikitan egin du Aiziritzen, Juliette Supervielle lehendakariaren gerizapean. Juan den urteko bilana egin ondoan, 2018an egingo dituzten aktibitateak presentatu dituzte: musikaren eguna ekainean, ateraldiak udan, mus lehiaketa eta kantaldia azaroan besteak beste.

Udako kanpalekuen prestaketa Domintxinen

Uda huntan, Berhoa elkarteak bi kanpaleku proposatzen ditu Cauterets eskualdean. Lehena (uztailaren 9tik 15a arte) hamahiru eta hamabost urte dituzten haurrendako eta bigarrena (uztailaren 17tik 23a arte) bederatzi eta hamabi urte dituztenendako. Interesatuak diren burasoek inskripzioak helarazi behar dituzte maiatzaren 19a aitzin Berhoa elkarterat, 64120 Domintxine. Haur kopuruak mugatuak dira (35 haur kanpaleku bakoitzean).

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3449. zbk

Segurrena da deusetaz ez segur izaitea

Voltaire

Gure Hitza | 2018/05/10

Horra beraz lau zubi

Janbattitt Dirassar

Maiatza, eta aurten bereziki, alferren hilabetea ote da? Norbaiti hori entzun diot.

Maiatza, eta aurten bereziki, alferren hilabetea ote da? Norbaiti hori entzun diot. Gure gizona hola mintzo zen hiru aste barne lau bestaburu berezi badirelakotz, lau horietarik bihi bat ez igandearekin, batzuen atsegingarri, beste batzuen nardagarri eta beste frango arrunt futitzen orobat, jiten dena jin goazen aitzina! Egia da hor ditugula bat bestearen ondotik, biga ja iraganak eta beste biak ere hor berean, maiatzaren lehena, lanaren besta, edo(eta) langileena ere, maiatzaren 8-a, 40-ko gerla Europan segurik gelditu zen egunaren oroigarri, Salbatore, maiatzaren 10-ean, eta Mendekoste biharamuna, maiatzaren 21-ean. Lau bestaburu beraz eta ondorioz lau zubi izaiten ahal, gisa hartarat apailatuz. Lana aise uzten ahal nagusiari pollikiño galdetuz geroz! Aste huntan konparazione, hiru egun hartuz, astelehena, asteazkena eta ortziralea, bederatzi egun segidan ukaiten ahal dira lanerat joaiterik gabe! Hola muntatzen dira zubiak, hitz hori azkarki sartua-eta gisa hortako kasuan zer gertat...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016