Mundu zabalean | 2018ko Apirilaren 26a
Commonwealth elkargoa Londresen bildu | Libia barneko gerlaren itzalguneak
M.L.
Commonwealth elkargoa Londresen bildu
Europa Batutik ateratzearekin, Ingalaterra, Eskozia, Gales eta Ipar-Irlanda biltzen dituen Erresuma Batuko ekonomiak afera gehiago eginen ote du Commonwealth elkargoarekin? Alabaina, Commonwealth etiketaren pean 53 estatu biltzen dira, horietan laurden txiki bat erreinu Ingalaterrako Elisabeth II dutela haiek ere erregina. Guzien artean bi miliar eta erdi biztanle biltzen dituzte, hots hiru lurtiarretik bat. Inguru hain handiko elkargoaren barnean Erresuma Batuak arraina urean bezain atsegintsu izan behar luke, eta ez arrain sinple bat, arrain guzien buruzagia. Zergatik beraz hainbeste eta hainbeste urte egon da Europa Batuaren barnean? Bazukeen zerbait irabazteko, berak eta ere Commonwealtheko estatuek ere. Nolaz hori? Europa Batuak aspalditik onartua zuen Commonwealtheko ekoizpenak Erresuma Batuan sartu bezain laster ekoizpen ingelesak bilakatzen zirela, Europako beste estatuetan salgai, kanpotik sartzen direnen tatsa berezirik pagatu gabe. Etsenplu bat emaiteko, Pazko bestarako biltzen diren familia kopurutsuek Zeelanda Berriko bildoskia eros dezakete komunzki hemengo esneko bildotsa baino hiru aldiz merkeago. Nolaz gerta daiteke milaka kilometrotatik datorren haragia hemengoa baino hainbeste merkeago salgai izaitea? Lehenik Zeelanda Berrian ardiak artilearentzat hazten dituztelako, bildots haragia biziki merke igortzen dute Europa Batuko merkaturat. Bigarrenik ez dute aduana tatsarik pagatzen batere. Hara zergatik Commonwealtheko estatuek ere Erresuma Batuari gomendatu zioten Brexit erreferendumean Europa Batuaren barnean egoitea. Urtea barne Europa Batutik ateratzearekin bidezkoa dirudi pentsatzea ekonomia britanikoak konpentsazioak Commonwealth familia handiaren baitan atzeman nahiko dituela, eta errazki aurkituko ere bai. Ordezketa hori ez dirudi hain aise egiaztatuko denik, zifrek deplauki erakusten baitute Erresuma Batuaren esportazio handienak Europa Batura doazela, eta arras gutxi Commonwealthera. Britania Handiak Alemaniara esportatzen du, pentsa, Hego Afrikara, Indiara, Kanadara eta Australiara bezain beste. Gainera, Europa batuko 26 estatuetara doazen esportazio britanikoak, Commonwealthera doazenak baino bost aldiz handiagoak dira. Erresuma Batuaren lehen hamabost partaide ekonomikoetan bihirik ez da Commonwealthekorik. Britania Handia Europa Batutik ateratzearen kontra ziren enpresak ohartuak dira Commonwealth baitezpada sarrarazi behar dutela Brexitak sortu duen mahai ekonomikoan. Testu inguru horretan iragan da joan den astean Commonwealtheko biltzar nagusia Londresen. Ez da dudarik ekonomia britanikoaren urrezko ttanttoak oparoki erakutsiak izan zaizkiela Commonwealtheko 52 estatuetako ordezkariei.
Libia barneko gerlaren itzalguneak
Zeinek bereak ez ditu errazki ezagutzen Libian. Fayez El Sarraj deitzen da Libiako buruzagi berria, Kadafi erail zutenetik. Nazio Batuen Erakundeak ofizialki sustengatzen du. Ez du ordea Libia osoki kontrolatzen, mendebaldea baizik, Tripoli hiri nagusiaren inguruan. Ekialdea aldiz talde paramilitar desberdinek zuten eskupean. Hiru urte eta erdi eman ditu Khalifa Haftar deitzen den militar marexalak talde desberdinak kontrolatzeko. Joan den abenduan Benghazin finkatua du Libia ekialdearen hiriburua. Haftar Pariseko eritegi batean dago zenbait aste hautan, operatua izanik sendatzen ari. 75 urte ditu. Europa mendebalean aise uste dugu bi Libien arteko gerla zibilaren legeak klasikoak direla, barne antolaketa zorrotzena segurtaturik ari direla bi armada horiek elkarren kontra. Ez da deus horrelakorik. Fayez El Sarrajek administrazio bateratua gauzatuxea baldin badu mendebal partean, ekialdean gisa bereko antolaketatik urrun dira, arras urrun. Khalifa Haftarrek "askatasun nazionaleko armada" etiketatua duen multzoaren barnean arras desberdinak dira talde paramilitarrak. Marexal xaharrak lanak ditu kontrolatzeko batetik islamistak ez diren indarrak, gune desberdinetan diren kaidei obeditzen dutenak, eta bestetik salafistei obeditzen duten musulmanak. Bi olde horien artean tartekatuak dira Daech talde batzuk Haftarrek nekez menperatu dituenak. Ahantzi gabe milizia guziek dirua brauki ateratzen dutela petrolio eta droga trafituetatik. Horrek orok egiten du Khalifa Haftarrek ez duela inola ere Libia mendebala kontrolatzen. Egoera konplikatu horren gatik dozena milaka kondatzen dira Libian parte batetik bestera joan beharrean bizi diren libiarrak. HCR Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen batzordeak apiril honen 10ean plazaratu duen dokumentuak dio 1,3 milioi presuna giza laguntzen premia gorrian bizi direla Libian; horietatik 185.000 gerla zibilaren eraginez lekutu diren libiarrak, bai eta beste 375.000 etxerat itzuliz geroztik egoera guziz prekarioan direnak. Baina ez da erakunde bihirik, Libian zenbat immigratu baden erraiteko gai denik. HCR erakundeak 50.000 estimatzen ditu, gutxienez erdiak Siriarrak. Erakunde horrek 1.342 iheslari Nigerrerat pasarazi ditu iaz, baina luza gabe handik ere lekutu beharko dute. Bestalde, OIM Migrazioen Nazioarteko Erakundeak kausitu du iaz 25.000 migratzaile beren estatura itzularaztea. Azkenik, Libia mendebaleko gobernuak jakinarazi du 5.200 migratzaile zenbatuak dituela atxilotegi ofizialetan.











