Inbido | 2018ko Apirilaren 12a

Martin Luther King gogoan

Muslaria

Duela 50 urte, 1968ko apirilaren 4an, Ipar-Ameriketako Estatu Batuetako Memphis hirian tiroz hil zuten gaitzeko fama bildua zuen gizon kementsu bat, Martin Luther King, azkarki bermatzen zena larru beltza duten jendeek ez zezaten gehiago bereizkuntzarik jasan eta ez ziten itsuski menperatuak izan sobera usu gertatzen zen bezala...

Duela 50 urte, 1968ko apirilaren 4an, Ipar-Ameriketako Estatu Batuetako Memphis hirian tiroz hil zuten gaitzeko fama bildua zuen gizon kementsu bat, Martin Luther King, azkarki bermatzen zena larru beltza duten jendeek ez zezaten gehiago bereizkuntzarik jasan eta ez ziten itsuski menperatuak izan sobera usu gertatzen zen bezala... Alde bat oihukatzen zuen jendea jende dela, larruaren kolorea edozoin izan, denak Jainko beraren haurrak girela. Mezu hori zuen kartsuki zabaltzen, behar zitzaiotela azkarki ihardoki beltzak bereizkuntzan atxiki nahi zituzteneri bainan bortizkeriari eman gabe, bortizkeriak ez duela deus onik... Berak beti bide hori du segitu eta beti berdin kartsuki. Hortakotz du ere, oraino gazte-gaztea zelarik, fama handia bildu, jende ainitz harritzen zituela...

Kasik ezin sinetsia!

Martin Luther King, bera ere beltxa, Atlanta hirian sortua zen 1929an. Arrunt giristinoa zen familia batean. Giristinoa bainan protestanta. Aita apeza zuen eta ama organo joile elizan. Jendetasunaren arrangura handi batekin altxatua izana zen. Ikasketa onak egin zituen eta nahi ukan zuen segitu hango elizaren zerbitzari. Denbora heietan arras giro berezia zen han gaindi. Zuri eta beltxak ez ziren batere nahasten, edo biziki guti. Lekuka, jende zurien autobusetan, beltxik ez zen sartzen ahal. Beste toki batzutan, beltxak igotzen ahal ziren zurien autobuserat bainan jarririkako lekuak zurieri utzi behar! Nun nahi eta noiz nahi, zuriak lehen eta beltxak umil umila heien ondotik, isil-isila egonez bistan da. 1953an hasi zen, Martin Luther King sustatzaile, gaitzeko borroka luzea, autobusetan bederen denek eskubide berak ukaiteko, larrua izan zuria ala beltxa! Batzuk untsa hartzen zuten berdintasun hori, edo untsa hartuarena egiten batzutan, bainan ainitz baziren kontra zaudenak...

Bakearen Nobel saria

Urteak jin, urteak joan, emeki bazen emeki, gauzak hasi ziren aldatzen. Gero eta jende gehiagok konprenitzen zuten lehengo usaia txarrak behar zirela baztertu. John Kennedy presidenta ere deplauki agertu zen betiko bereizkuntza heien kontra. Martin Luther King eta hunen aldekoek bazterrak azkarki harrotu zituzten eta beti bortizkeriarik gabe... Mundu guziak jakin zuen nolako saila akulatzen zuten. 1964an, Martin Luther King handizki ohoratua izan zen, ardietsi zuen alabainan bakearen Nobel saria! 35 urte zituen. Behin ere nehork ez zuen sari hori ukana hoin gazterik... Geroztik ere, adin hortako beste nehork ez du eskuratu.

Martin Luher King ez zen ohore gose. Sari arraro hori preziatu zuen bistan da, oroz gainetik laguntza bat bezala, aitzina segi zezan. Beltxen eskubideak ez alde bat ukatuak izaiteko. Jende pobre eta behartsuek, nor nahi izan, hein bat moldez bizitzeko laguntzak ukaiteagatik. Bakearen alde eta jende guziek elgar ahal bezen untsa hartzeko xedetan.

1968ko udaberri hastean, Martin Luther King Memphis hirirat joan zen, hango zikin biltzaileak, kasik denak beltzak, greban jarriak baitziren. Ez zirela aski pagatuak eta ainitz gisetarat sobera azpitik atxikiak. Han zelarik zuen gizon gazte batek tirokatu eta hil, doi-doia 39 urte zituela. Ehorzketa hunkigarriak ukan zituen eta guziz jendetsuak, hiru ehun mila lagun bildu baitziren! Hiltzaile bezala ekarria izan zen gizona, iheska joan zen nolazpait bainan Londresen arrastatu zuten bi hilabeteren buruan. Behin denak aitortu zituen eta handik laster denak ukatu... Oraino ere lanak dira egia ezin finkatuz. Bainan Martin Luther King zenaren fama beti handituz joana da eta sekulan baino handiago dago mende erdi baten buruan...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3445. zbk

Ez naiz uros izaten ahal ikusten badut beste batzuk ez direla hala.

André Gide

Gure Hitza | 2018/04/12

Xiberotarrekin

Jean-Louis Harignordoquy

Lehengo Xiberotarrek beste Euskaldunak “Manexak” deitzen zituztelarik, gerta zitaikeen erdi irriz erranik hauxe entzutea: “Manexetik ez da jiten, ez haize hunik, ez jente hunik”.

Lehengo Xiberotarrek beste Euskaldunak “Manexak” deitzen zituztelarik, gerta zitaikeen erdi irriz erranik hauxe entzutea: “Manexetik ez da jiten, ez haize hunik, ez jente hunik”. Polita bezain atsegingarria ez den erranairu horrek ez ditu beste Euskaldunak gibelarazi Xiberoa eta Xiberotarrak maitatzetik. Atxikimendu horren seinale, zenbat ikusle ez da biltzen pastoraletan, maskaradetan, Xiru jaialdietan, eta beste zenbat herritan ez dira pastoral baten muntatzen ari!

Gisa berean, Xiberotar famatuenak beti gurutzatu izan dira beste probintzietako Euskaldunekin. Hala nola: Agusti Xaho, Madalena Jauregiberri, Jean Pitrau, Etxahun Irurikoa, Eppherre anaiak, Attuli, euskaltzainak, idazleak, laborari sindikalistak eta industrialari batzuk ere. Duela 30-35 urte, Xiberotarrak lehenak izan dira probintziaren geroa beren gain hartzeko entseguetan. Frantxua Dascon irakasle argiak eta Idauze-Mendiko auzapez ohiak jakin zuen hautetsiak eta gizarte zibileko arizale ezberdinak e...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016