Herriz Herri - Atharratze-Sorholüze (Z) | 2018ko Apirilaren 12a
Xiberoko maskarada eta dantza-jauzietzaz libürü zinez argigarria
Mikel Duvert antropologo, ikerzale eta idazleak bere azken idazlana Atharratzen presentatü deikü.
Mikel Duvert antropologo, ikerzale eta idazleak bere azken idazlana Atharratzen presentatü deikü. Nolaz ez züan Basabürüko herri nausia haütatüko hortarako, jakitez bere libürü berri horren izenbürüa dela: Mascarades et carnavals en Pays Basque; L'école de danse Elgoyhen et Bürgübürü de Tardets (Elkar argilatexea). Ikertze lan zinez ederra, hainbat jakilegoa aberatsez apaintürik, Mikelek betidanik eskentzera üsatü gitean bezala.
Bost kapitülütan moldatürik da 180 hoillaren altexeko libürü hau: 1a: maskaradak, horietan arizaleak, satanak, aitzindarietako dantzariak, beltzeria, jauntsiak, errejenta; 2.a: zer entelegatzen edo/eta erraiten ahal den maskaradetzaz; 3.a: sonüa eta sonülariak, dantzak, Lucien Afos sonü hontzale eta joile handiaren jakilegoa eta ekarpenak; 4.a: jauziak, horien ikastea eta erakastea, hoberen-hobereneala joaitea, emazteak eta Xiberoko dantzak, iraganetik hartüak, tradizionearen erran-nahia, ikusgarrien bilakabidea; 4.a: Elgoyhen eta Bürgübürü Xiberoko dantza ikasgia-trebagiak.
Obra zinez tirana eta zorroztarzün handienarekin hontüa... Mikel Duverten manerala hots. Xiberoko dantza-jauzietzaz deüsere ez edo güti dakienek ere atsegin handiz irakurriko düe libürü hau, zointan, besteak beste, aitzindarietako arizale bakoitxaz bai eta maskaradetako beste personajeetzaz bederazkako xehetarzünak emanik diren, nola ere maskaradetan edo primaketan erabilten diren sonütresna güzietzaz ere!
"Akademia ttipi bat bezala"...
Atharratzeko 'Elgoyhen ikasgia' aipatzean, Mikel Duvertek dio Xiberoko dantza-jauzien "akademia ttipi bat bezala" zela, zointara "hoberenak jiten ziren, orano haboro hobetzeko gisan" eta ondorioztatzen dü: "eskola hortarik igaranik, nahi zena oro egiten ahal zen". Lucien Afosek igaran deitzon hamar eresi-zati edo partizione-zati ageri direlarik libürü hontan, idazleak dio: "sonülariaren eta dantzariaren arteko alkarrentzütea eta bategitea funtsezkoa da". Ikerlan hontan, dantzarien jantsiak ere aipü dütü Mikel Duvertek, zoinen ejerki erraiten düalarik: "dantza-arropa bat biziarazi behar da"! Erran dezagün azkenik, libürü hortan ikerzaleak argi eta garbi erraiten düala lehenagoko denboretan ere emazteak ari zirela Eüskal Herriko dantzetan, Xiberokoetan ere prefosta, bena Atharratzeko agerraldiko hitzaldian gehitü züan: "bai bena, ez zaie galtatü behar gizonen dantzak oro eman detzen, berentako doitürik direnak ere behar dütüe". Arren, Xiberoko maskaradak eta dantza-jauziak ezagützen dütüener nola ere ezagütü nahi lütükeener hersatzen da idazlan oso balios hau. Eüskal Herriko libürü salgia haboroxeenetan biltzen ahal da, hala nola Xiberoan berean, Maule-Lextarreko 'Xibero Bio' salgian eta Sohütako 'Irrintzina' prentsa salgünean.