Azalekoa | 2018ko Apirilaren 12a
Senperen poesiaren sua
P.J.
Aro kiskila genuen igande goizean, ez ditu halere horrek lotsatu mugaz bi aldetako olerkariak beren urteroko ezinbertzeko hitzordura joatetik.
Aro kiskila genuen igande goizean, ez ditu halere horrek lotsatu mugaz bi aldetako olerkariak beren urteroko ezinbertzeko hitzordura joatetik. Berrogeita hamar bat lagun bildu da Senperen, Amotzeko auzoan den Larraldea etxe ederrean, Auxtin Zamora senpertarraren inguruan. Zeren olerkari suhar hori dugu hastapenetik Senpereko elkarretaratze bero horren sustatzailea, lehenik Oxtikenean, orai Larraldean. Euskal olerkigintzak ainitz zor dio, funtsean horretarako izan da omendua Sarako Idazleen Biltzarrean, joan den Pazko astelehenean. Merezimendu handiak ditu, zinez, "poesiaren alde erlea bezala lanean ari izanik, burrunba handirik gabe, umiltasunean, apaltasunean", Saran saria ematean Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak zioen gisa. Ez da alta sari gose Auxtin. "Ez ginuke sekula eskertua izan behar" zion Pantxoari ihardetsi, "bakoitzak egiten duena burururaino eramaten badu eta jendea uros uzten, hori da egiazko saria".
Hatsaren Poesiak 20 urte
1999an argitaratzen hasirik, Hatsa elkarteak 20. olerki bilduma du agertu igandean, 110 olerkariren testuekin bai eta bi ikastetxetako talde-olerkiekin (Senpereko Zaldubi Ikastolakoa eta Berriozarko Institutukoa). Hogei urtez, 372 olerkarik dituzte beren poemak agertu Hatsaren Poesian eta eskoletako 1.200 bat haurrek. "Ur xorta bat baizik ez da" digu erran Auxtinek. Segur, baina ur xorta aberatsa, bihotz eta lur askoren hazlea. Auxtinek urte luze horietan eramanik Hatsaren Poesiaren alor paregabe hori, "poesiaz eta euskal hizkuntzaz afizio handia" duen Ainara Maia-Urroz Irungo olerkariak du orai lekukoa hartzen, mugimendu horren kudeatzaile nagusi gisa. Ardura berri hori eskuetan ematean, "zuri, Ainara, airatzeko tenorea duzu" dio poz betez erran Auxtinek, Irundarrak hunkigarriki eta txalopean zuela ildo hori gogotsuki aitzina eramateko nahikundea erakusten.
Joxean Artze gogoan
Maite zuen Senperera etortzea Joxean Artze usurbildar poeta handiak. Maleruski betirako joana zaigu. Auxtinek oroitarazi dizkigu Artzeren hitz hauek: "Lehen hatsa, azken hatsaren hastapen dugu ta azken hatsa, lehen hatsaren betea". Hara zergatik aurtengo bildumaren azala "doi bat ilun" agertzen den, Joxean Artzeren heriotzak eragindako tristeziaren adierazle. Eric Traonmilin miarriztar euskaldun berriak À¢'€'" erroak Bretainian ditu, hala ere zein ederki ematen eta idazten duen euskaraz! À¢'€'" du aurtengo liburuaren sar-hitz polita idatzi, hark ere gogorarazi digula Usurbilgo poeta, "Ene maitea zabaltzen denean" poema irakurriz: "Hau da euskaraz irakurtu dutan lehen olerkia" du salatu Ericek. Bertze olerkari batzuk ere hitza hartu dute, hala nola Gabriel Korta-Rekarte donostiarrak, Artzeren lagun minak: "gaur bezalako egunean bihotza goibel daukat". Baina ez gaiten tristatu. "Ez dut uste negarrez ari behar denik artista bat hiltzen denean; poeta izatea, biziaren ematea da, poetek ikusezina ikusten dute, ez dira hiltzen, bizirik diraute bihotzetan": aitzineko egun horietan zendu den Jacques Higelin frantses kantariaren hitzak ditugu horiek.
"Nahi duenak nahi duena"
Senpereko ekitaldiak aitzina segitu du goxotasunean, Auxtinek "nahi duenak nahi duena" erratera gomitatuz. Iruñeko Juan Kar Mugartzak bihotzetik eskertu du Senperen egiten dena, "hemen da hatsaren arima" zioela, gain gainetik eskertuz Auxtin Zamorak Hatsa elkartearekin eta Lucien Etxezaharretak Maiatz argitaletxearekin daramaten ildo guziez baliosa. "Poesia eta libertatea gauza bera da" du hain zuzen oroitarazi Lucienek, "Gora poesia!" ozen batez bururatuz bere hitzaldia.Izan da besterik ere, artetik Ennio Cantella-Andueza 8 urteko mutikoaren musikaldia bere eskusoinuarekin. Gozagarri! Eta olerkiaren bestak aitzina jo du elkarren arteko bazkari partekatuarekin eta Auxtin Zamorak moldatutako "Hatsaren olerki bustiak 2018" bideoarekin.











