Inbido | 2018ko Martxoaren 29a
Ipar-Euskal-Herria 40-ko gerla denboran
Muslaria
Jakintza elkarteak plazaratu du bere aldizkariaren 81. zenbakia.
Jakintza elkarteak plazaratu du bere aldizkariaren 81. zenbakia. Behako bat emanez 40-ko gerla denborako urte latz heieri. Nolakoak izan ziren Ipar-Euskal-Herrian, ez orokorki baitezpada bainan ikusiz nola ibili ziren alemaneri ihardoki zuten batzu eta hori luzaz gordeak atxiki artxibo askoren argitarat. Duela bederatzi urte jadanik elkarte berak atera zuen untsa lan baliosa gai bertsua gogoan, keinka hits bereko gora-behera asko eta asko gogoan. Geroztik bildu lekukotasun batzu eta artxiboetan kausitu argitasun andana bat, horra oraintxe agertu lanaren mamia. Lehen kapituluan xeheki aipatzen da espiungoan azkarki arizan gizon atrebitu bat. Motaz frantsesa, paperez alemana, Frédéric Martin deitzen zena, bainan izen-orde asko erabili zuena eta gehienik Rudy Von Mérode. Denbora batez Parisen egon zen eta balentriaka kondatzen zuen Alemanen kontrako 250 lagun segurik bazituela arrastaraziak. 1943-an Donibane Lohizunen kokatu zen, Santa Barbara auzoaldeko etxe batean. Jakin beharrez nor ziren Donibanen eta inguruko herrietan Alemanen kontrakoak, alde bat hortan ari zen bere lagun zonbaitekin muntatu talde baten buru. Denbora berean kontrabandan ere ba aleman soldadoentzat... 1944-ko agorrilean iheska joan zen Donostiarat. Ondoko urrian, frantses poliza-gizon batzuk han kausitu zuten. Ohartzearekin ainitz gauza bazakiela, etzizaizkion batere mendekatu bainan beren laguntzaile bezala hartu zuten. Gisa hortako tratuak egiten dira naski espiunen artean, harrigarri bada harrigarri. Mérode horrek frantses polizari eman zion orduan Alemanen laguntzaile izanak ziren jende batzuen zerrenda, eta zerrenda luzea omen...
Nork daki?
Bigarren kapitulan aipatzen da Michel d'Arcangues, izenak erakusten duen bezala Arrangoitzeko familia ezagutu batean sortua 1919-an. Gazterik bere nahitarat ikasi zuen euskara eta ikasi ere txistuaren joiten. Gerla denboran, itzuli frango egin zuen Madrilerat joanik eta handik Inglaterrarat, Alemanen kontra borrokatu nahiz. Leclerc aitzindari famatuaren armadan sartu zen eta segitu zuen Pariseraino eta gero haratago ere... Alemanak mendekatu ziren familiari, Michel horren aita eta anaia deportatu zituzten, ederrak pekatu baitzituzten... 1946-an, Michel itsasoan ito zen beste hiru lagunekin, Donostiatik gauak gau gibelerat heldu zirelarik gordeka, denbora hartan muga arrunt zerratua izanki... Aro hitsaren gain ezarri zen lehenik gertakari latz hori bainan besterik ere kondatu da, kontrabandixta batzuk hil zituztela edo beharbada Francoren aldeko batzuk... Egundaino ez da jakin xuxen zer gertatu zen. Nork daki kondatu gauzetan zer den egia eta zer ez den hala?
Iheslari batzu
40-ko gerla denboran, iheslari frango bazen Ipar-Euskal-Herrian eta besteak beste Belgikatik etorri andana bat. Heietarik baten lekukotasuna sartu du Jakintzak bere aldizkarian. Kondatua da bereziki Angelun kokatu familia batek, irrisku handiak hartuz, nolako harremanak zituen mugaz bestalderat jendeak gordeka pasarazten zituzten batzuekin. Bestalde, Julien de Greef belgikar iheslariak zernahi argitasun bildu zuen Alemanak nun zauden eta nola ibilki. Kondatu ere hemengo jende ainitz etzirela batere Alemanen kontra, guti zirela behin segurik ihardokitzale gisa agertu eta bermatu zirenak. Ondoko zatian, aldizkariak beste gai bat du aipatzen, Alemanek lekuak hustu zituztelarik gauzak nola iragan ziren Hendaia eta Pausuko muga hortan. Irakurgai ere Philippe Larramendy donibandarraren ixtorioa bai eta Moskuko artxiboetan kausitu berri zonbait. Oraino bestalde, zinezko altxorra, 17 orrialde mugalariak nor ziren, Alemanen kontrakoak mugan pasarazten zituztenak. Batzu jendetasun hutsez ari, eta Alemanen kontrakoak lagundu beharrez, beste batzu, hori ere ezin gorde, diruaren gatik, sos zonbaiten irabazteko...
Aldizkarian sartu da ere gerla aitzineko gertakari bat, erakutsi beharrez muga gutien ustean zoin minbera izaiten zen, hala nola 1932-an, Hendaian, español soldado batek tiroz hil zuelarik Donibane-Ziburuko arrantzale bat...










