Hegoaldean | 2018ko Martxoaren 08a

Hegoaldean

Edurne Pasaban mendizalea
Edurne%20Pasaban%20mendizalea

Emazte hautetsien biltzarra Gernikan 200 emazte hautetsi baino gehiago bildu dira martxoaren 8ko emazteen nazioarteko egunaren bezperan.

Emazte hautetsien biltzarra

Gernikan 200 emazte hautetsi baino gehiago bildu dira martxoaren 8ko emazteen nazioarteko egunaren bezperan. Alderdi ala ideologia ezberdinetakoak izanik ere, aldarrikapen berak egin dituzte; hots, berinazko sabaia hausteko, sexu indarkeria eta soldata berdinak eskuratzeko eskubidea aldarrikatu dute. Aurtengo saritua, Edurne Pasaban mendizalea izan da, hamalau 8.000koak igo dituen lehen emakumea.

Donostiako Lilaton-a

Sei mila lasterkariz goitik – denak emazteak – parte hartu dute Donostiako Lilaton-ean. Aurtengo 29. edizioa sekulan izan ez den jendetsuena izan da eta, lehen aldiz, 6.000 lasterkariren kopurua gainditu du. Aurten aukeratutako leloa "Itzaletik Argira" da, bizitzaren alor guzietan berdintasuna lortzearen beharra azpimarratu nahi duena. Halaber, Begisare elkarteak retinosis pigmentarioa dutenen begi eta bizi kalitatea hobetzea, ikerketa bultzatzea eta gizarte sentsibilizazioa sustatzea izan du helburu.

Ertzaintza eta Jaurlaritzaren arteko Tirabirak

Jaurlaritza eta Ertzaintzako sindikatuen arteko harremanak mintzen ari dira. Duela aste bete pasa, Athletic eta Moskuko taldeen arteko futbol partida zaintzean, ertzain batek bizia galdu zuen. Legebiltzarraren atean, oihu eta ziztu artean hartu dituzte ertzainek Iñigo Urkullu lehendakaria eta Segurtasun sailburua. Ertzainek lan baldintzak hobetzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Martxoaren 12tik 19ra, osasungelditzeak hartzeko kanpaina bat bultzatzeko mehatxua egin dute. Neurriak, Athletic eta Olympique Marsella futbol taldeen arteko partidaren segurtasun neurriei eragingo lioke, martxoaren 15ean jokatuko bai ta, San Mamesen. Eusko Jaurlaritzak gaizki hartu du salaketa eta parte hartzaleen zigortzea erabaki du, "Mozal Legea" aplikatuz, ertzainen jarrera "toleraezina, salagarria eta zigortzeko modukoa" izan zela argudiatuz. Alderdi guziek, salbu EAJk, gogor kritikatu dute Ertzaintzako sindikatuei Legea, 'Mozal Legea' aplikatzea.

Altsasuko gazteen aldeko ekitaldiak

Joanden astean hasirik, hemendik aipatu bezala, Altsasuko guraso eta lagunek, herriko 8 gaztek 2016ko urrian guardia zibilarekin izandako kalapiten ondorioz jasaiten ari diren "injustizia" salatzeko Nafarroan zehar salaketa ibilaldia egiten ari dute. Hiru akusatuk urtebete baino gehiago daramate Madrilgo presondegian. Apirilaren 16an hastekoa da auzia Madrilen. Esteban Beltran Amnistia Internazionaleko (AI) Espainiako Sekzioaren presidenteak adierazi duenez, bi guardia zibilen eta haien bikotekideen aurka Altsasun, 2016an, egindako erasoa “delitu oso larri bat” da, baina “terrorismoaren definizio zalantzagarriak neurriz kanpoko akusazioak ekarri ditu” auzian. "Epaile inpartzial bat izaiteko eskubidea bermatzeko" Concepcion Espejel Auzitegi Nazionaleko epailearen baztertzea eskatu dute Altsasuko gazte auzipetuen defentsek. Guardia Zibileko koronel batekin ezkonduta dago Espejel eta Guardia Zibilaren medaila jaso zuen. Defentsako abokatuen ustez, "bistakoa" da Guardia Zibilarekin duen "loturak zalantzan jartzen duela bere inpartzialitatea". Auzitegiak ez du onartu epailearen baztertzea.

ETAko preso ohien aldeko omenaldiak salatuak

Andoainen, Igarategi eta Otaño ETAko presoei egin omenaldia salatu du biktima baten familiak Andoainen. Halaber Santurtzin Lander Maruriri egina. ETBk dokumental bat, bake prozesuaz, telebistan emaitea errefusatu dute, edukin politikoa ez onargarria izana gatik. EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSEEEk testu bat adostu dute Eusko Legebiltzarrean, preso ohiei omenaldiak egitearen kontra. ETAko kide izandakoak, indarkeria erabili izan dutenak edo indarkeria helburu politikoak lortzeko bide gisa justifikatu izan dutenak sartu dituzte zaku horretan. Hiru alderdi horien iritziz, gisa horretako ekitaldiek biktima berriro biktima bihurtzen dute. Ezker abertzaletik diote “ongi etorria” ez dela “omenaldia”.

Milaka pertsona Gasteizen, 1976an polizaren biktimen omenez

Milaka pertsona bildu dira Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an poliziak tiroz bost langile hil eta beste ehun pertsona baino gehiago zauritu zituela duela 42 urte oroitarazteko eta ez ahanzteko. Sindikatu feministako ordezkariak izan dira martxaren buruan lehen aldiz, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eskatzeko mobilizazioak bistaratzeko. Asisko San Frantzisko elizaren parean. 1976ko martxoaren 3an poliziak langilebiltzar batean parte hartzen ari ziren bost pertsona hil zituen tiroz elizaren barnean. Sekulan ez da ikerketarik egin sarraskiaren egileetaz, eta polizak ez du sekulan barkamenik eskatu.

Antxoaren lehen harrapaketak

Getaria, Ondarroa, Hondarribia ala Pasaiako portuetan, antxoaren lehen harrapaketak – 40 bat tonelada – sartu dira eta aitaren batean saldu. Aurten hilabete eterdi goizago agertu da antxoa. Aldiz, sasoi huntan arrantzatzen den berdela ez da oraino agertu. Berri ona neguko hilabete eterdiko geldialdiaren ondotik itsasoratu diren untzientzat. Aztiko adituen arabera, itsasoan antxoaren biomasa egoera onenean da. 725 mila tona estimatzen dute. Hala ere Europak onartu kuota 30 mila toneladakoa da Hegoaldeko arrantzaleena, ekainaren lehena arte bildu behar dutena. Handik harat Frantsesek dute arrantzatzeko eskubidea. Antxoaren ekonomiak eragin handia du Hegoaldean: 3.500 langilei bizipidea emaiten die. Jaz Hegoaldeko untziek 16.749 tonelada arrantzatu zituzten eta aurten espero dute gehiago biltzea.

Nafarroan osasun arreta dohainik aitortzen dien legearen kontra

Auzitegi Konstituzionalak baliogabe utzi du Nafarroan bizi diren herritar guziei dohainik osasun arreta aitortzen dien legea. Erabakia hartu duten epaileen iritziz Estatuko araudiarekin "bateraezina" eta Konstituzioaren aurkakoa da. Legearen artikulu bakarrak dioenez, "Nafarroan bizi diren pertsona guziek dohainik osasun arreta izateko eskubidea dute, izan lehen mailakoa edo espezializatua, bere adina, nazionalitatea edota egoera administratibo zein legala edozein dela ere".

1.660 langabe gutiago otsailean Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan

2018ko otsailean behera egin du langabeziak, zehazki, 1.660 langabe gutiago zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Guzira, 163.323 pertsona daude langabezian Hego Euskal Herrian. Jazko otsailean baino 16.620 langabe gutiago daude orain. Otsailean zenbatutako langabe guzien artean, 70.187 gizonezkoak ziren eta 93.136 emakumezkoak.

EITBk “El desarme, la via vasca” dokumentala ez du emanen

“El desarme, la via vasca”, GARA, Mediabask eta Txalapartak argitaratu liburutik sortu emankizuna ez du emanen, liburuak ikusmolde politikoak agertzea gatik. Bereziki erakunde armatuaren armagabetzea, gizarte zibilak lagundurik egin zela diolarik, zenbaiten imobilismoaren aurrean. ETBko zuzendaritzak dionaz, pasartearen aldatzea eskatu zion Garari, hunek onartu etzuena.

Loraldia: Anton Abbadia Dublinetik Hendaiara

“Anton Abbadia, Dublinetik Hendaiara” antzezlanarekin hasiko da Loraldia festibala martxoaren 7an Bilboko Arriaga aretoan. Txomin Heguy aktoreak hartuko du Abbadiaren izena eta izana, eta hiru musikari izanen ditu lagun: Xabi Zeberio, Mixel Ducau (gitarra eta klarinetea) eta Alaia Phillips Ducau (boza). Ikuskizuna bi saiotan eginen dute martxoaren 7an. Iluntzeko 19.00etan lehenengoa; eta 20.30ean bigarrena. Imanol kantariari omenaldia Martxoaren 10ean, Bilboko Azkuna Zentroan ospatuko da ‘Imanol Jazz’ ekitaldia Loraldia jaialdiaren kari. Imanol Larzabal abeslaria jazz musikaren erritmoan omendua izanen da. Iñaki Salvador, Euskal Herriko jazz arloko pertsonai ezagunenetakoa, eta Karlos Gimenez izanen dira hari musikala jarriko dutenak. Bi musikariek Imanolekin batera jo izan zuten hainbat alditan. Halaber, Salvadorrek, berarekin, Klabelin Komik taldea sortu zuen 70eko hamarkadan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3440. zbk

Aski badakik bizitzen baldinbadakik

Betiko errana

Gure Hitza | 2018/03/08

Noiz hasten da Udaberria?

Janbattitt Dirassar

Hazpandar xahar batek hauxe kondatua daut joanden egunean: "Martxoa hor berean dugu. Denboran, martxoko lehen igandean Baionan izan niz aldi bat baino gehiago.

Hazpandar xahar batek hauxe kondatua daut joanden egunean: "Martxoa hor berean dugu. Denboran, martxoko lehen igandean Baionan izan niz aldi bat baino gehiago. San Leon hiri hortako

patroinaren bestan. Gaitzeko elizkizunak izaiten ziren. Lehenik meza nagusia eta ondotik prozesione eder bat karrikaz-karrika. Hori izaiten zen enetzat, eta beste askorentzat ere, urteko bigarren ateraldia. Lehena lehentxago egina alabainan Ezpeletako ferietarat. Baionako hortan gogoan ginuen udaberria, guk primadera deitzen ginuena, eta agurtzen ginuen jakinaren gainean etzuela biziki luzatuko..."

Baionak beti ospatzen du San Leon, bederatzigarren mendean Normandiatik etorria, Bizkaia alderaino ere joan omen zena, jendeari Jesus ezagutarazi beharrez. Orai ere badira ospakizun kartsuak bainan katedralean berean. Aurten bi apezpiku denen aitzinean, batto Baionakoa bixtan da eta beste bat Kongotik jina. Baionak beti badauka

beraz bere gisako atxikimendua bere patroin sainduaren a...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016