Egun eta bihar | 2018ko Martxoaren 08a

Eskuinburukoen biltzarra

J-B D

Emmanuel Macron president hautetsia izanik eta bere aldekoek gehiengo ederra segurtaturik legebiltzarrean, beste alderdiak lanetan dira.

Emmanuel Macron president hautetsia izanik eta bere aldekoek gehiengo ederra segurtaturik legebiltzarrean, beste alderdiak lanetan dira. Ez dakite xuxen nola apaila geroari buruz. Badu orain bederatzi hilabete ez dela besterik entzuten. Iduriz eskuindarrak besteak baino ernexago ibili dira halere eta eztabada pisu batzuen ondotik Errepublikanoak delakoen alderdia arramoldatua izan da bere buruzagitza dena berriturik... Laurent Wauquiez jarria da alderdiburu. Bainan zinez eskuindarren batetaratzaile izan ditakea denen buru? Alderdian ziren frango urrunduak dira, beste batzu biziki uzkur. Eta beste batzu berriz ixilik egoki, beren hura gogoan, nehork ez jakin zer eginen duten ondoko egunetan... Hots, ezin aise gorde alderdia arrunt zatikatua dagoela. Ezkerraldean, sozialistak ez dira hobeki. Hilabete hunen ondarrean hautatu beharra dute beren idazkari nagusi berria, erran nahi baita beren alderdiburua. Bainan alderdia ahuldua da, kide ezagutu asko alderditik kanpo joanak. Badira macrontiar bilakatuak. Badira, Benoit Hamon eta holako batzu, beste alderdi bat sustatu nahiz plantatuak. Alderdi sozialista berriz pixkortzen ahal dea? Zonbait asteren buruko ageriko da hain segur baduenetz holako zerbaiten menturarik... Eta eskuinburuan zertan ditugu, bereziki FN alderdian? Asteburu huntan dute beren biltzar nagusia, aldi huntan Lille hirian, aspaldixkoan bozalde ederra biltzen duten eskualde baten bihotzean... Marine Le Pen alderdiburuak nahi dio hats berri bat eman FN horri eta izen berri bat ere ba naski. Kide guzieri galdeka arizana da, bakoitxak ager dezan bere ikusmoldea. Artetik erraiteko, zonbat kide dira Frantzia osoan? Berrikitan alderdiaren idazkaritzak jakin-arazia du joanden azaroan bazirela orotarat 83.000 bainan bakarrik 51.000 jazko beren urte-saria xuxen pagatua zutenak. Zonbatek ihardetsi ote dute, edo azken puntan bederen, biltzar nagusia aitzin, ihardetsiko, eginak zaizkioten galde guzieri? Dena den, izana da FN hortan ere gaitzeko zatikatzea, Florian Philippot eta hunen lagun batzuk beste alderdi bat xutik ezartzen zutela... Eta gero beti hor nunbait ibilki Jean-Marie Le Pen aitatxi zaharra, alderdiaren sortzailea, luzaz FN hori kudeatu duena, iduriz segurik arrunt samur orain Marine bere alabarekin... Eskuinburu hortan ere badute beraz jos ahala urratu. Gauzak argiago izanen ote dira biltzar nagusiaren ondotik?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3440. zbk

Aski badakik bizitzen baldinbadakik

Betiko errana

Gure Hitza | 2018/03/08

Noiz hasten da Udaberria?

Janbattitt Dirassar

Hazpandar xahar batek hauxe kondatua daut joanden egunean: "Martxoa hor berean dugu. Denboran, martxoko lehen igandean Baionan izan niz aldi bat baino gehiago.

Hazpandar xahar batek hauxe kondatua daut joanden egunean: "Martxoa hor berean dugu. Denboran, martxoko lehen igandean Baionan izan niz aldi bat baino gehiago. San Leon hiri hortako

patroinaren bestan. Gaitzeko elizkizunak izaiten ziren. Lehenik meza nagusia eta ondotik prozesione eder bat karrikaz-karrika. Hori izaiten zen enetzat, eta beste askorentzat ere, urteko bigarren ateraldia. Lehena lehentxago egina alabainan Ezpeletako ferietarat. Baionako hortan gogoan ginuen udaberria, guk primadera deitzen ginuena, eta agurtzen ginuen jakinaren gainean etzuela biziki luzatuko..."

Baionak beti ospatzen du San Leon, bederatzigarren mendean Normandiatik etorria, Bizkaia alderaino ere joan omen zena, jendeari Jesus ezagutarazi beharrez. Orai ere badira ospakizun kartsuak bainan katedralean berean. Aurten bi apezpiku denen aitzinean, batto Baionakoa bixtan da eta beste bat Kongotik jina. Baionak beti badauka

beraz bere gisako atxikimendua bere patroin sainduaren a...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016