Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2018ko Martxoaren 08a

Sortze –

Eskuin aldean Sylvie eta Stéphanie eta ezkerrean hauen lagun bat
Eskuin%20aldean%20Sylvie%20eta%20StAphanie%20eta%20ezkerrean%20hauen%20lagun%20bat

Bastida Ospitaleko Bertrand Ospital eta Maider Larre-ren ohantzean sortu da bigarren haurra, mutikoa oraikoan, Puntxo izendatu dutena.

Sortze –

Bastida Ospitaleko Bertrand Ospital eta Maider Larre-ren ohantzean sortu da bigarren haurra, mutikoa oraikoan, Puntxo izendatu dutena. Ongi etorriarekin bizi zoriontsua desiratzen diogu sortu berriari eta goresmenak aitama uroseri bai eta agurrak beren etxekoeri.

Heriotze –

Joanden astean, bi herritar lagundu ditugu beren azken pausa lekura. Astelehenean, Otikorone Arretxeneko Kaiet Arrossa, 77 urtetan zendua. Familiarekin Bidarraitik Baigorrira etorria, Arretxenera ezkondua zen eta laborantzan egin du bizia, ardiekin, landatu mahasti zati ederrarekin eta aterpetxekin. Bi seme-alaben aita, langile fina eta adreta zen, lagunartean ere atsegina. Osagarri arrangurak frango gazterik abiatuak zituen, lehen AVC kolpea 49 urtetan ukanik, geroago ere beste bi jasan ditu eta azkenik minbiziak eraman du. Asteartean aldiz, Xerberoineko Amélie Cherberoren ehorzketak ginituen. Sortzez Larre, sei seme-alaben ama, emazte alegera eta izpiritu argikoa zen, fede azkarrekoa ere; laborantzako eta familiako eginbideak osoki bete dituena. Azken urteak, Larrazkena xahar etxean iragan ditu eta hor pausatu da 87 urtetan. Ehorzketa egunean familiakoen bi lekukotasunek agertu dute Amélieren hedadura ederra. Bi ehorzketetan jende saldoak bildu dira, sustenguz eta esker onez. Hemendik ere dolumin zintzoenak helarazten ditugu doluak hunki bi familieri. Bestalde lerro hauek idaztean, berri latz batek inarrosi dauku herria, Alain Intçaurgarat Manexenea hotel-jatetxeko nagusia zendu dela 62 urtetan, m e n i n g i t i s kolpe bortitz baten ondotik. Asteartean iragan beharrak dira ehorzketak. Bihotz bihotzez familia hunen penan ere parte hartzen dugu. Berri gehiago emanen dugu helduden astean.

Sustengu gaualdia –

Aurten Basaizea elkarteak Altsasuko herria hartu du harremanen sendotzeko, joanden urtean Tafallarekin egin zuen bezala. Denek gogoan dugu duela zonbait denbora herri huntan gertatua: ostatu batean, zerbitzutik kanpo ziren bi guardia zibil eta hameka gazteren artean kalapitak izan zirela. Geroztik azken hauetarik hiru preso daude. Haueri sustengu erakusteko eta ahal den neurrian laguntza ekartzeko, Basaizeak egun berezia antolatua du martxoaren 10ean Bixentainean. Goizean 9.00etatik 12.00ak arte eta arratsaldean 2.00etatik 5.00ak arte gai huntaz antolatu erakusketa izanen da. 7.30etan Elizondonea gelan, auziperatua den gazte baten buraso batekin eta “Altsasukoak Aske” elkarteko kide batekin mintzaldia. Arratsean Bixentainean, auzipetuen sustenguz afaria eta ondotik Tafallako “Zartako-k” taldearen kontzertua. Afariarentzat, izenak eman behar dira zenbaki hunetara deituz: 06 48 90 84 92. Aitzinetik ere Bixentainean aste huntan zehar, erakusketa bera ikusgai izanen da ilunabarretan, 6.00etarik 8.00ak arte.

Parisen saristatuak –

Parisen saloineko konkurtso orokorrean, Baigorriko bi enpresa saristatuak izan dira. “Irouleguy” sotoak bi urrezko medaila ardietsi ditu: 2016ko Gorri, arno beltzarekin eta 2017ko Argi, arno gorriarekin. Petricorena Etxeak ere bi medaila: bat urrezkoa, gerezi erreximentarekin eta bestea zilarrezkoa, “etxaldeko patea” xerriki ekoizkinarekin. Goresmenak herriko ekoizle haueri.

Trinketean ostalari berriak –

Bi hilabete huntan Herriarena trinketeko ostatua zerratua zagon. Herriko Etxea epe hortaz baliatu da berrikuntza eta antolaketa zonbaiten egiteko. Otsailaren 28an, Sylvie eta Stéphanie Castanchoa ama-alaba gerente berriek ateak berriz zabaldu dituzte publikoari. Horra beraz auzo hortan, pilota, errugbia, eskubaloia, hots kirol espazioa baliatzen duten guziek eta azkenean beste orok ere ongi preziatuko duten xokoa. Ez da dudarik, begitarte argiko bi emazte hauen ongi etorria segurra izanen dela.

Errugbia –

Igandean US.Nafarroak Bokaleko zelaian jokatu du hangoen kontra eta galdu 27/18.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3440. zbk

Aski badakik bizitzen baldinbadakik

Betiko errana

Gure Hitza | 2018/03/08

Noiz hasten da Udaberria?

Janbattitt Dirassar

Hazpandar xahar batek hauxe kondatua daut joanden egunean: "Martxoa hor berean dugu. Denboran, martxoko lehen igandean Baionan izan niz aldi bat baino gehiago.

Hazpandar xahar batek hauxe kondatua daut joanden egunean: "Martxoa hor berean dugu. Denboran, martxoko lehen igandean Baionan izan niz aldi bat baino gehiago. San Leon hiri hortako

patroinaren bestan. Gaitzeko elizkizunak izaiten ziren. Lehenik meza nagusia eta ondotik prozesione eder bat karrikaz-karrika. Hori izaiten zen enetzat, eta beste askorentzat ere, urteko bigarren ateraldia. Lehena lehentxago egina alabainan Ezpeletako ferietarat. Baionako hortan gogoan ginuen udaberria, guk primadera deitzen ginuena, eta agurtzen ginuen jakinaren gainean etzuela biziki luzatuko..."

Baionak beti ospatzen du San Leon, bederatzigarren mendean Normandiatik etorria, Bizkaia alderaino ere joan omen zena, jendeari Jesus ezagutarazi beharrez. Orai ere badira ospakizun kartsuak bainan katedralean berean. Aurten bi apezpiku denen aitzinean, batto Baionakoa bixtan da eta beste bat Kongotik jina. Baionak beti badauka

beraz bere gisako atxikimendua bere patroin sainduaren a...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016