Azalekoa | 2017ko Azaroaren 23a
Maule-Lextarrek Bela Zaldüna trajeria emanen dü dagün üdan
A.S.
Antso Handia pastoralaren emaitetik 14 urteren bürüan, Maule-Lextarreko herritarrek Bela zaldüna trajeria emanen düe 2018ko üztailaren 29an eta agorrilaren 5ean.
Antso Handia pastoralaren emaitetik 14 urteren bürüan, Maule-Lextarreko herritarrek Bela zaldüna trajeria emanen düe 2018ko üztailaren 29an eta agorrilaren 5ean. Lehen mustraka dagün urtarrilaren 13an eginen da, Jean-Fabien Lechardoy barkoxtar errejentaren manüpean.
Nafarroako errege handi bat izan zen Antso Handiaren goraipamena Jean-Louis Davant Larrabileko eüskal idazle eta Euskaltzainaren obra izan balin bazen, Jean-Philippe de Bela 'Bela zaldünaren' bizi-ürratsen bedakazalea Jean Bordachar kantari ezagüna izan da. Kantari izateaz gain, kantore egile eta pastoral idazle da ere sortzez Arrokiagakoa den eta Maule-Lextarren bizi dena, honek beitütü hontü Larrainek 2011. urtean eman züan Telesforo Monzon pastorala eta Arrokiagak 2012an tauladalatü züan Jose Mendiague trajeria.
Hontü düan hirugerren obrarentako, arren, Jean Bordacharrek, Jean-Philippe de Bela mauletar zaldünaren bizia dü aipagei gisa haütatü. Gizon hau Maulen sortü zen 1709. urtean eta Pauen zentü 1796an, püntü hetako ederki zahartürik, arren. Bi data horien artean, bizi bat franko ontsa betea üken züan. Ezi, Luis XV.a Frantziako erregearen zerbütxüan armadako manazaletarik izan zen, eta sail hortan Poloniako eta Austriako ondoretza gerlak deitü zütüen horietan parte hartü züan. Trajeriaren izkiribatzeko Jean Bordacharrek egin düan ikertze lanetan, ageriala ekarri dü De Bela zaldüna deitürik izan zenak eüskal güdükalariz eginik zen erregimentü bat plantan ezarri züala. Berantago ber gaüza eginen züan Jean-Isidore Harispe mariskalak, 'Chasseurs basques' erregimentüa plantan ezartez, Napoleonen gerla denboretan.
Frantziaren zerbütxüko jarri balin bazen ere, Jean-Philippe de Bela Eüskal Herriari etxekara baratü zela jakinarazten deikü Jean Bordacharrek, zeren eta "L'histoire des Basques" izeneko libürü jori bat - hiru libürüki edo tomotakoa - hontü beitzüan, hontan barnen frantsesa/eüskara hiztegi bat ere bazelarik. Pauen zentü balin bazen ere, De Bela zaldünak etxeak bazütüan Irabarnen eta Santa Grazi-Urdatxen eta Maule gaineko bastidaren lüzetarzün osoa egiten düan karrika, berriz, "De Bela" izenekoa da.
22 jelkaldi, 11 kantore, 3 dantza-sorkuntza
Parropiako gelan egin den lehen-lehen jünta batetan, De Bela zaldünaz xehetarzünak emanik izan dira. Hala, Jean Bordachar idazleak jakinarazi dü trajeria honek 22 jelkaldi badütükeala eta horien barne 11 kantore badiratekeala. Kantoreen moldazale eta kantarien eskolazale ariko dira Jean-Louis Aranburu eta Pascale Elichondoborde altzaiar senar-emazteak. Dantzentako berriz, algarrekila ariko dira Martine Beheregaray eta Aline Elgoyhen andereak eta ez dükee lan mentsik, zeren eta Bela zaldüna trajeriarentako hiru dantza-sorkuntza edo baleten emaitea pentsatürik beita. Dantzari horien bai arizale güzien - 71 kargü badirate, horietarik 20 emaztek etxekitzekoak - arropen asmazale dateke, aldi batez haboro, Errenteria/Oreretako (Gipuzkoa) seme den Erramun Garzia Zabalegi jostüna. Honek, haatik, jakinarazi dü Maule-Lextarrek emanen düan trajeria hau datekeala lagüntüren düan azkena. Ordari bat ediren beharko, arren...
Arizaleen eskolatzeko, 2004. urtean bezala, Jean-Fabien Lechardoy barkoxtarra da errejent gisa haütatürik izan. Honek argiki erran dü mustrakak edo trebaldiak eüskaraz eginen dütüala. Horietarik lehen-lehena, 2018ko urtarrilaren 13an, neskenegün arratseko 8:00etan agitüko da, Champo lizeoaren gimnasian. Hortik aitzina, neskenegün arrats oroz biltze eta lan egite dükee arizaleek, sei hilabeterentako.











