Inbido | 2017ko Urriaren 26a
Santimamiñe harpeak (beretik)
Muslaria
Joan den astean hemen berean aipatu ditugu Santimamiñe harpeak, nun kokatzen diren, noizkoak diren hiru gela handitan dauzkaten marrazkiak, denak historiaurrea denborakoak ez da dudarik, eta nola haur batzuk zituzten batere funtsik gabe deskubritu, duela ehun urte...
II-Bisonte eta zaldiak
Joan den astean hemen berean aipatu ditugu Santimamiñe harpeak, nun kokatzen diren, noizkoak diren hiru gela handitan dauzkaten marrazkiak, denak historiaurrea denborakoak ez da dudarik, eta nola haur batzuk zituzten batere funtsik gabe deskubritu, duela ehun urte... Artetik erraiteko, nola behar da mintzatu toki hori aipatzen delarik? Harpea ala harpeak? Han berean biak entzun ditugu arrunt hangoak diren jende batzuri. Gu segitu gituen gizon gazteak beti erran du harpea, sartze bakar bat baizik ez delakotz. Beste batzuk harpeak diote, hiru barne handi badirela bat bestearen ondotik... Harpe hortan edo horietan altxor bat badela, hori haatik nehork ez du ukatzen ahal... Badira orotarat berrogoita hamar bat marrazki, hiru bakarrik sar-eta segidan den barnean, aise gehiago ondoko bietan... Marraztuak beltxez, ikatzarekin, zernahi abere, bainan kasik denak bisonte eta zaldiak... Denbora heietan, bazen hor gaindi zaldi frango bainan ere zernahi bisonte. Santimamiñeko marrazkietan badira 32 bisonte, 6 zaldi, zonbait ahuntza, orein bat eta hartz bat. Zendako marrazten ote zituzten gehienik bisonteak? Nehork ezin ihardets holako galde bati... Marrazki aipagarrienetarik batean, agertzen da zaldi bat eta haren itzulian bederatzi bisonte. Horrek ba ote luke erran nahi berezi bat? Hori ere ez da sekulan jakinen... Iduriz bisonte batek baduzke bi buztan. Artistaren huts bat beharbada? Ala irudi horrek ba ote dakar beste mezurik, guretzat ezin ulertua? Beste gauza bat kezkagarri dena ikerle askorentzat. Badakigu, gisa hartako hezurrak kausitu baitira, beste abere frango bazela aspaldiko mende heietan gaur Euskal-Herria deitzen dugun lurraldean. Hala nola besteak beste errinozero iletsua, frantsesez deitzen dutena "rhinocéros laineux". Aurrehistoriako artista heiek ezagutzen zuten bistan da bainan bihi bat ez dute marraztu. Horra beste misterio bat...










