Azalekoa | 2017ko Urriaren 26a

Fermin Mihura zenaren bertsu liburu ederra

P.J.

Liburuaren azalak oroitarazten dauku ere Ferminek zaukan talendua artzain xakur xapelketak animatzen
Liburuaren%20azalak%20oroitarazten%20dauku%20ere%20Ferminek%20zaukan%20talendua%20artzain%20xakur%20xapelketak%20animatzen

2013ko irailean zendu zen Fermin Mihura azkaindar bertsolaria. Minbiziak zuen sei hilabetez eraman, 67 urte baizik ez zituela.

2013ko irailean zendu zen Fermin Mihura azkaindar bertsolaria. Minbiziak zuen sei hilabetez eraman, 67 urte baizik ez zituela. HERRIA astekari honek adiskide handi zuen, eta kolaboratzaile zintzo ere, garai batean bere herriko berriak zaizkigula zabaltzen, eta bertsu andana handia ere zuen kazeta honetan publikatu. Funtsean, 2013ko apirilean gutartean zagon Hendaian egin genuen biltzar nagusian eta ondotikako bazkarian, Pausuko Xaia jatetxean, bertsuak ere kantatu zituen Laka adiskidearekin, besteak beste Jean Haritschelharren omenez. Alta ordurako jadanik eri zen, xutik egoten ere aski lan bazeukala. Baina ez zaigun oraindik bere barneko min gaiztoaren berri salatu eta zintzoki, umilki eta kementsuki, beti bezala, jarraiki zion hain maite zuen bertsolari ildoari.

Ametsa bete

Ferminek erretreta hartu zuelarik, Laka adiskide minak erran zion bere bertsuak bildu behar lituzkeela liburu batean, altxor handia bazukeela ordurako, bai bat-bateko bertsuetan bai idatzizkoetan. Ferminek ihardetsi zion oraindik bazuela denbora eta hobe zutela plazaz plaza ibiltzea. Eta hala segitu zuten. Baina zenbait urteren buruan Ferminek berak, etorkizuna nolakoa izanen zen ez jakinik, deliberatu zuen ordu zela altxor horren argitaratzeari lotzea. Ez zuen zoritxarrez horretarako denborarik aski ukan. Haatik Laka adiskidearen esku utzi zuen lan hori, konfiantza osoz. Kantatutako eta idatzitako bertsu guziez gehienak kaieretan bilduak baitzituen Ferminek, Xabier Mihura, Ferminen semea, eta Laka lotu ziren beraz bertsu hoberenen hautatzeari, ordenagailuan jotzeari, irratietan grabatuak izan ziren bertze batzuen biltzeari. Hiru urteren lana. Eta Auspoa argitaletxeko Joxemari Iriondo juntaturik, honek atsegin handiz du altxor horren parte bat liburu eder eta gotor batean argitaratu, Ferminek utzitako bertsuetan balaitekelarik beste hainbesteko uzta, bigarren liburu baten betetzekoa berdin. Mementoko, hor dugu "Bertsuaren eremua" liburu guziez atsegingarria, 1987-2013 denboraldiko bat-bateko eta idatzizko bertsuz ontua, alor desberdinka sailkaturik (370 orri). 2011n bertsu hauek zituen idazten Ferminek: Askok ezberdin ikusten dugu bertsuaren eremua / baina hizkuntzaren aldetik du beti hartzen estimua / ta nik liburu baten bidez gaur bota nahi nuke keinua / amets eder hau beteko dela badut sineste fermua. Ferminen ametsa gaur ederki bete da.

Azkaingo aurkezpen ekitaldi suharra

Kazetariei, joan den astean aurkeztua izan zaigu liburu hori Azkainen, Biltoki gelan. Ekitaldi hunkigarri eta suharra. Jean-Louis Fournier auzapezari lehen hitza, hau harro dagola herriko seme maitagarri horren obra gaurko eta ondoko belaunaldien eskuetan uzteaz. Anita Lakarra axuantak ere, Ferminen lehen auzo eta adiskide gisa, bere atsegina digu adierazi, oroitaraziz Fermin, bertsolari izateaz gain, kirolari zela, Larrungo lasterkaldietako lehen korrikalarietarik, eta militante ere, hala-nola AHT trenbide proiektuaren kontrakoetarik. Ondotik, Joxemari Iriondo zaigu luzaz mintzatu, lehenik Auspoa argitaletxeak 1961az geroztik daraman sail ederraz (335 liburu argitaratuak), eta Ferminen obraz: "Ohore handiz argitaratzen dugun obra da Fermin Mihuraren hau". Hitzaldi sakona ere Jean-Louis Laka baigorriar bertsolariarena, honek luze eta zabal kontatzen zaigula Ferminekin 34 urtez eraman duen ibilbidea, Fermini bereziki zor diola Lakak bat-bateko bertsolaritzan hartu zuen engaiamendua. Lakak du liburuko aitzin-solas mamitsua idatzi, bai eta ere barnean dauden bertsu askoren aurkezpena egin, zein ingurugiroan emanak izan ziren laburki esplikatuz. Hondarrik, Xabier Mihurak ditu batzuk eta bertzeri eskerrak bihurtu, berak ere lan handia eramanik bere aitaren ametsa bete zedin. Holako ekitaldi batean, nola egon bertsurik kantatu gabe? Odei Barroso azkaindartuak eta Lakak dizkigute polit batzuk bota, ekitaldira ezin etorritako Xumai Murua azkaindar bertsolariak moldatutako "Fermin Mihura zena gogoan" bertsuak ere denek betan kantatzen genituela ondotik, bihotzak bero.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3422. zbk

Ez gaizkirik erran zuhaurren buruaz lan hori utzi zure adiskideri.

Talleyrand

Gure Hitza | 2017/10/26

Biper Besta

Janbattitt Dirassar

Jateko franko hein bat hilak izaten ahal dira ez bazaie gatz birbirika bat ematen. Ez sobera haatik, jatekoak berenaz duen gustu onaren lagun eta ez gustu horren kaltetan.

Jateko franko hein bat hilak izaten ahal dira ez bazaie gatz birbirika bat ematen. Ez sobera haatik, jatekoak berenaz duen gustu onaren lagun eta ez gustu horren kaltetan. Gisa berean, biperrak ere, nun ez den sobera bizia, jateko ona aitzina ontzen du. Eta guk hor dugu preseski Ezpeletako biperra, gero eta fama handiagoa baduena, biziki hein onekoa, ez sobera bizia eta ez ere sobera eztia, ainitz gauzarekin xarmanki akomeatzen dena... Badu orai mende erdiño bat gaitzeko urratsak egiten direla biper balios horren alde, denetan hobeki ezagutarazteko, sor-marka baten babespena erdietsirik. Lan ederra akuilatzen dute ekoizleek berek, kalitate hoberenaren arrangura sano batekin. Lan ederra darama ere Biperraren kofradiak, hala nola urte guziez urri hondarrean muntatuz Biper Besta. Aurtengoa beraz asteburu honetan. Lehenbizikoa 1967-an egin zen eta geroztik gero eta arrakasta gehiago badauka besta arraro horrek. Jendea burrustan etortzen da eskualde guzietarik. Eta bi egunez segidan,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016