Inbido | 2017ko Urriaren 19a

Santimamiñe harpeak

Muslaria

Santimamiñe harpeak Bizkaian dira, Kortezubi herrian, Gernikatik arras hurbil. Fama handiko harpeak zinez!

I - Marrazki miresgarriak

Santimamiñe harpeak Bizkaian dira, Kortezubi herrian, Gernikatik arras hurbil. Fama handiko harpeak zinez! Nazioarteko UNESCO erakunde nagusiak bere babespean hartuak dauzka, hain dira baliosak. Bainan orai badu haatik hameka urte zerratuak direla. Artetan sartzen ahal bakarrik kasu egile eta ikerle batzu. Egia erran, bisitak egin ditazke ateraino eta barnekalderat sartzen ahal ere da bainan tirahala hogoi bat metro luzeko pasabide baten gainetik, pasabide horren bururaino... Ezin joan urrunago! Alta kasik 90 urtez segidan zernahi jende ibili da hor gaindi harpe guzian zehar. Sobera preseski! Denek ikusi nahi harpe hortako marrazki arraroak. Historiaurrea denborakoak, ikerle jakintsunen arabera gehienak duela 14.000 urte eginak, batzu orobat berantxagokoak badira ere. Eta zendako zerratua dago orai holako altxor paregabea? Beste harpe askotan gertatu den bezala, ikatzez marrazkitu obra horiek andeatzen ari baitziren. Jendearen hatsa bera kaltekor izanki, jendek eta argi-tresnek ere ekartzen zuten berotasuna gisa berean kalte.

San Mames ermita

Mende hunen haste-hastean, ohartu zirelarik marrazkiak gero eta gehiago funditzen ari zirela, gainerat jende frangok eskuz hunkitzen ere baitzituzten, erabaki zuten bisitaldiak bakanago eginen zirela, aldian jende gutiago sarraraziz eta deneri aski fermuki galdetuz deusik ez zezaten hunki. Salbu hara, neurri horiek eskasegiak zirela laster ohartu ziren eta 2006an erabaki zen harpearen zerratzea. Marrazkiak ez dira beraz gehiago ikusgai? Bai, ikusgai daude bainan ez beren tokian, harpearen barneko hiru geletan. Film bat egina izan da eta obra hortan agertzen dira marrazki gehienak, denen atsegingarri... Marrazkien irudiak dira ikusten bainan hori bera ainitz da! Harpea bera Ereñozarre mendixkaren azpiz kokatzen da. Delako film hori ikusgai dago San Mames ermita deitzen duten eraikinean. Hau 19. mendekoa da bainan aise eta aise lehenago bizitegi batzu eta eliza bat ere izanak ziren toki berean ezarria xutik. Ermita-gunetik harpeko aterat heltzeko ez da bide luzea, bainan dena patarra, eta patar xuta, harrizko eskaler batekin, orotarat hiru ehun bat mail igo behar... Oinetako onak behar dituzu eta zangoak ez sobera ahul...

Haur batzuen ausartzia

Bainan jendeak noiz abiatu ziren orai famatuak diren marrazkien ikusterat? Iragan mendeko istorioa da. Kortezubi alde hortan, denek bazakiten harpe asko bazela han eta hemen. Santimamiñen ere batto bazela, nornahik ikusten ahal zuen. Bainan nehork ez kasurik egiten. Mendi mazelan, halako idekidura hertsi bat, gaitzeko harrien artean... Nork behar zuen pentsatu arteka hartarik barnerat joan-eta kausi zitakeela holako altxor arraro bat? Bainan huna zer gertatu zen 1916an. Ondo hartako haur batzu, denak mutikoak, han ibilki. Artekaren aitzinean geldituak egoki. Batere funtsik gabe, gogoratu zitzaioten arteka hartarik haurrak sartzen ahal zirela, jende helduak ez aise haatik, tokia hertsiegia izanez. Haur heietarik baten ama edo aita han izan balitz larderiatuko zituen hain segur eta debekatuko ere artekatik sartzea. Bainan haurrak bakarrik ziren eta aski ausartzia ukan zuten barnago zer ote zen behako bat bederen emaiteko. Beroan bero, frango barna sartu ere ziren. Eta harrituak gelditu ziren, ohartu baitziren gela handi bat bazela. Berehala ikusi ote zituzten marrazkiak? Argi guti sartzen-eta, ez hain untsa orobat, bainan tokiak bazukeela zerbait berezi, beren etxekoak abisatu zituzten, eta mutiko batek zer gertatu zen kondatu ere bere eskolako erakasle bati.... Jesus Guridi musikagile famatuak nunbaitik jakin zuen berria eta bazterrak harrotu. Hola hasi zen mugimendu guzia... Eta jakin zen ainitz marrazki bazela, jakin ere historiaurrearen denborakoak izan behar zirela... Ikerleak ere etorri bistan da, eta besteak beste Henri Breuil frantses apez jakintsuna, dena hortakoa zena... Urteak jin eta urteak joan, ikerketak artoski segitu zituzten... Aita Barandiaran partaide besteak beste... (bestaldian beretik)
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3421. zbk

Jainkoak txori guziei ematen du jatekoa baina ez beren ohantzerat.

Suediako erran zaharra

Gure Hitza | 2017/10/19

Izar bat itzali zaigu

Jean-Louis Harignordoquy

Euskal telebistatik Egi Bidean emankizunean ez dugu gehiago Iñaki Beristain Frantziskotarra ikusteko eta entzuteko atseginik ukanen.

Euskal telebistatik Egi Bidean emankizunean ez dugu gehiago Iñaki Beristain Frantziskotarra ikusteko eta entzuteko atseginik ukanen. Minbiziak hilabete batez eraman du gorputzez larria bezain indartsua zen 70 urtetako gizona. Sortzez Errezildarra, 1968az geroz Arantzazuko Santutegian bizi zen. Hango aldizkariaren arduraduna eta kantari taldearen aitzindaria, paregabeko predikaria zen. Behar bezalako eliza gizon irekia, otoitz egile nekaezina baina denbora berean gaurko jendartearen arrangurez, bizi moduez eta tira-birez errotik jakinaren gainean zegoena. Euskara ederrean laster lasterra mintzatzeko errextasun handikoa, bere hitzaldi guziak biziki sarkorrak, bide erakusleak ziren. Baikortasun osoz, nehor nehoiz behartua sentiarazi gabe, nolako aholkuak ez zituen ematen familietako biziari buruz, herrigintzaz, bakegintzaz eta lur honetako lanjer mota guziak ekiditeko moldez! Entzuna izateko gutizia ematen zuen ebanjelioko mezuaren eta mundu honetako errealitatearen arteko lotura...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016