Han eta Hemen | 2017ko Urriaren 05a
Xalbadorren Egunean, Jon Azpillaga ere omendua
Deiadar elkarteak 2004az geroz Xalbador urepeldar bertsolari handia ohoratzen du, Urepelen.
Deiadar elkarteak 2004az geroz Xalbador urepeldar bertsolari handia ohoratzen du, Urepelen. Aurten ere ez du hitzordu nagusi hori hutseginen. Urriaren 21ean eta 22an iraganen da ohoratze hori, larunbat eta igandez. Aitzineko urtetan bezala, Xalbadorrez gain, bigarren bertsolari bat ere ohoratua izanen da. Hori dugu Jon Azpillaga (19352017), joan den otsailean zendua. Pasaia San Pedron sortua zen, baina oraindik haur nimiñoa zelarik gerla zibilean hil zitzaion aita (sortzez ondarrutarra) eta amarekin hpnen sorterrira, Berriatura (Bizkaia), joan ziren bizitzera eta geroxeago Ondarroara. Mutrikun ezkondu zen. Bide ederra egin zuen bertsolaritzan, Jon Lopategirekin bereziki plaza asko kurriturik. Bizkaiko txapeldun izan zen 1961ean eta Bertsolari Txapelketa Nagusian hirugarren sailkatu zen 1980an. Hona hemen Xalbadorren Eguneko egitaraua. Urriaren 21ean, larunbata, 20:30 Urepeleko elizan kontzertua: Estitxu Sistiaga (pianoa), Nikole Baqueriza (ahotsa) eta Mikel Urdangarin (biolina), egun horretako espresuki antolatutako emanaldia, euskal kantua eta musika klasikoa uztartuz. Ondotik afari alaitua ezkerparetan. Urriaren 22an, igandea, 9:00 Xalbadorren etxolara mendi ibilaldia, bertsolari zenbaitekin. 10:30 meza nagusia. 11:15 Joxe Mari Iriondoren mintzaldia Jon Azpillaga zenaz, eskolako gelan. 11:30 Bilboko Salbatzaile dantza taldearen ikusgarria plazan. 13:00 herri kirol zeingehiagoka: Donazaharre/Mutriku. 14:00 bazkari alaitua ezkerparetan, ondotik bertsu saioa: Amets Arzallus, Xebastian Lizaso, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategi, gai emaile aldiz Joxe Mari Iriondo. 15:30 haurrentzat animazioak. 17:30 erromeria trikitilariekin. Larunbateko afarirako eta igandeko bazkarirako, deit 06 24 33 29 95ra.
















