Han eta Hemen | 2017ko Agorrilaren 03a
Bixente Izkierdo, Urruñako ditxolari handia (2)
Joseba Aurkenerena
Etxean hainbat behi eta baratza bazituzten ere, Bixente herriko etxeetan laguntzen ibiltzen zen sos batzuen edo jatekoren truke.
Etxean hainbat behi eta baratza bazituzten ere, Bixente herriko etxeetan laguntzen ibiltzen zen sos batzuen edo jatekoren truke. Hori dela eta, ainitzetan herriko beste etxeetan gelditzen zen bazkaltzen, afaltzen edota baita lo egiten ere. Erdi hargina zen, eta paretak egiten ere bazekien. Kontrabandoan ere ibili omen zen izpiritua edo pattarra Hegoaldetik pasatzen. 1967an, 72 urte zituelarik, zendu zen.
Arotzenia ostatuko seme den Pierrot Haltzuetek txikia zelarik ezagutu zuen, ostatuan sarturik. Pierrotek garai hartan hamabi bat urte zituen, gaur berriz, 84 urte ditu, baina burua bizkor eta gorputza osasuntsu. Gogoan du Bixente Izkierdo behin joan zela etxera belar-meta bat egitera. Horretarako zurubi bat erabiltzen zuen. Meta eginda, solasean aritu ziren kafe baten inguruan etxeko jauna eta Izkierdo. Garaiko politikaz ari omen ziren. Haltzuet jaunak "hau egin dute eta bestea. Ez dakit zer izanen den gutaz horrela jarraitzen badute" eta ohikoak erraiten ari zitzaizkion. Bixentek hitza hartu eta honela erantzun zion: "Instantean joan beharko dugu mendirat eta bazterrekoak erdirat.". Zugasti-baitako seme den 86 urteko André Zugastik honako gertakizuna kontatu dit: "Behin, Izkierdo Ibardineko bidetik herrirat heldu zela, jendarme batek Alto, les papiers! erran zion. Eta Izkierdok erantzun: vous à moto et moi à pied.". Beñat Elizondok honako hau kontatu dit. Behin herritar batek Izkierdoren zapata xilatuta ikusirik honela erran omen zion: "Bixente, zergatik eramaten duk zapeta xilatuta? Eta Izkierdok erantzun: Zangoa sartzeko.". Ttotte Etxebestek erran didanez honako kontakizunak ainitzetan entzun zizkion bere aitatxiri. Behin etxalde batean ari zen arto jorran, eta etxera itzuli zen iduriz aski goiz. Laborariak galdetu zion: "Zer Bixente, jadanik bukatua?". Eta Izkierdok erantzun: "Bai punta batetik bestera.". Laboraria joan zen ikustera eta lehen arto lerroa eta azkena zituen bakarrik jorratuak. Beste aldi batez, Ttotteren aitatxik aurkitu zuen iduriz soroko alanbrean harrapatuta. Aitatxik galde egin zion noiztik zegoen hor, eta Izkierdok erantzun: "Gaua hemen pasatu dut eta bizirik naiz botilan nuen izpirituari esker.".














