Kostaldean | 2017ko Maiatzaren 04a

Nor ziren kaxkarotak

Donibane Lohizunen, herriko batzokiak hilabete guziz muntatzen du hitzaldi bat eta joan den egunekoan Jakes Ospital herritar idazle ezagutuak aipatu ditu kaxkarotak (edo kaskarotak).

Donibane Lohizunen, herriko batzokiak hilabete guziz muntatzen du hitzaldi bat eta joan den egunekoan Jakes Ospital herritar idazle ezagutuak aipatu ditu kaxkarotak (edo kaskarotak). Gaia errotik berea dauka eta duela zonbait urte liburu bat ere badu ateratua Donibane Lohizune eta Ziburuko kaxkarotak, famatuak zirenak, hein bat xeheki aipatuz. Jendea bildu da poliki eta hizlaria ederki txalotua izan da. Oroitarazi dauku lehenik bera nola ohartu zen gai horri, jakinik hondartzatik hurbil zen etxe handi bat barreatua izana zela, duela mende bat edo hola, turismoa azkartzen ari zen keinka batean, udatiarrentzat egoitza eder baten egiteko, bereziki inglesentzat, ordukotz ingles asko jiten baitzen. Egoitza berria deitu zuten funtsean "Résidence d'Angleterre" eta izen hori atxikia du. Lehenago, toki hortan bizi zen preseski kaxkarot andana bat eta lekuak behar ukan zituzten hustu... Orai, ez da naski kaxkarotik edo donibandar eta ziburutar guziak dira kaxkarot, hala aditzen da segurik artetan, hori batzutan errana halako trufa aireño batekin bezala. Denbora batez ez zen berdin, kaxkarotak baziren eta hein bat baztertuak ere izaiten ziren, nahiz arras hemengotuak izanki...

Buhamiak eta agotak

Diotenaz, kaxkarot hitz hori lehen aldikotz Ziburun agertu zen, parropiako paper batzutan, 1702-an. Bestalde aipatzen ziren buhamiak eta agotak. Denak jende mota berekoak ote? Ez omen bainan herritarrek nolazpait nahasten. Egia erran, kaxkarot izena bera ere nundik heldu den, ez ditake hain argi. Eta kaxkarotak nundik jinak ziren badira oraino arras ikusmolde desberdinak. Nola bizi ziren Euskal-Herrian kokatuz geroz, hortaz haatik ainitz argitasun bada bildurik, urteak jin eta urteak joan eginak izan diren ikerketa guzieri esker. Aipagarrienik orobat emazte kaxkarotak. Frango baziren arrain saltzeari emanak. Beti kondatu da, eta Jakes Ospitalek ere gauza bera erran du, barkuak hondartzarat hurbiltzen ikusi orduko, zoin-lehenka heien biderat joaiten zirela, zare handi batekin, eta zare hori arrainez betea bazoatzila gero Baionaraino, oinutsik eta beti lasterka!

Mihi luzea, mihi zikina!

Emazte horiek ez zuten mihia sakelan, nornahiri aise mintzo ziren, zernahi erranka berdin! Donibanen, Errepublika karrikan bizi ziren asko eta jende batzuk nahiago zuten karrika hortan gaindi ez pasatu, ez aditzeko emazte kaxkaroten erasia eta ateraldi gordinak. Gizon gehienak aldiz arrantzale izanki. Horiek denak buhamiak zitazkeen motaz bainan agotak deitzen zituzten batzuen kasua ez bide zen berdina. Hoiek aise baztertuago ziren. Fama txarra zuten. Arrunt beren artean bizi behar, beste nehor hurbildu gabe, ez eritasunik biltzeko jende ainitzen ustez. Gizonak zurgintzan artzen ziren, hori ere sinesten baitzuen jendeak, zurginekin ez zela eritzeko irriskurik, zurak begiratzen zuela eritasunak hedatzetik! Eta portuan beti bazen holako zurgin batzuen beharra. Dena den, izan agotak ala buhamiak, kaxkarotak gaizki ikusiak baziren ere, hemengo biziari jarriak ziren. Euskara ere beretua zuten. Beren gisako doinu berezi batez beztitzen bazuten ere. Berexkuntza asko jasan behar bixtan da, elizan sartzeko ere ba beren atea, bakarrik heiena. Eta eliza barnean, arrunt gibelean, beren tokiak... Heienak, ez beste nehorenak...

"Orduko denborak ez ziren oraikoak", erran du norbaitek. Bainan orai ere ez ote dira ba oraino berexkuntza batzu?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Kostaldean | 2017/05/04

Kostaldean

Igandean, maiatzak 7, izanen da mugimendu Zokoan. Jaz bezala muntatzen dute "Zokoa munduan" eguna. Besta izanen da bainan denbora berean gogoeta askoren hazteko parada, oroituz munduan gaindi, Afrikan ala nun nahi, zapalkuntza zerbait jasaiten duten populuez.

Irakurri segida

3399. zbk

Badira gauza batzuk badakizkigunak baina guhaur ez ohartzen badakizkigula.

Paul Valéry

Azalekoa | 2017/05/04

Mintzola: ahozko lantegia

P.J.

Mintzola:%20ahozko%20lantegia

Euskaltzaleen Biltzarrak bere hilabeteko bilkurak Baionan egiten ditu orokorrean. Noizean behin, haatik, Gipuzkoan ere biltzen da, elkarteko lehendakariorde den Gillermo Etxeberria hangoa izanki-eta. Donostian bizi da baina sortzez Asteasukoa da. Eta elkarte kideei atsegin handiz bisitarazi die bere sorterri polita, Bernardo Atxaga idazlearen sorterri ere dena, eta hain zuzen taldeak "Muskerraren bidea" ere segitu du, Joxe Irazuk (Bernardo Atxaga idazle izenez) haurtzaroan bizitako xok

Euskaltzaleen Biltzarrak bere hilabeteko bilkurak Baionan egiten ditu orokorrean. Noizean behin, haatik, Gipuzkoan ere biltzen da, elkarteko lehendakariorde den Gillermo Etxeberria hangoa izanki-eta. Donostian bizi da baina sortzez Asteasukoa da. Eta elkarte kideei atsegin handiz bisitarazi die bere sorterri polita, Bernardo Atxaga idazlearen sorterri ere dena, eta hain zuzen taldeak "Muskerraren bidea" ere segitu du, Joxe Irazuk (Bernardo Atxaga idazle izenez) haurtzaroan bizitako xoko eta oroitzapenetan barna ibiliz. Baina Asteasura heldu aitzin, taldea Villabonan da lehenik gelditu, Asteasu baino kilometro bakar batzuk lehenago, herri horretan dagon Mintzola bisitatzeko.

Bertsolaritza, "tradizio modernoa"

Villabonako karrika nagusian aurkitzen da "Mintzola ahozko lantegia". Izendapenak erakusten duen bezala, ahozkotasunari lotua den lantegi bat da. Bertsolaritzatik abiatuta, ahozkotasunari loturiko diziplina desberdinak dira hor...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016